☉ Arrigorriaga
Tripadvisor bikaintasun agiria jaso du bigarrenez Mendikosolo tabernak
TripAdvisor webgune turistikoaren bikaintasun agiria jaso du bigarren urtez jarraian Arrigorriagako Mendikosolo tabernak.
TripAdvisor webgunearen bikaintasun agiria jaso du bigarren urtez jarraian Mendikosolo tabernak. Webgune turistiko ospetsu horrek aipatutako agiria ematen die “bidaiarien iritzi bikainak etengabe jasotzen dituzten ostatu, jatetxe eta ikuskizunei“. Azken urteetan notarik altuena izan du Arrigorriagakoak.
88 IRUZKIN
Mendikosolo tabernak 88 iruzkin izan ditu Tripadvisor webgunean: erabiltzaileen %49ak uste du zerbitzua bikaina dela, %38ak oso ona, %10ak normala, %2ak eskasa eta %1ak oso txarra. Bataz beste, 4,5 puntu jaso ditu Mendikosolo tabernak (gehienezko puntuazioa 5 da).
☉ Arrigorriaga
Antzerkiak, tailerrak eta Mari Domingiren eta Olentzeroren Txokoa, Abusuko Gabonetako jardueretan
Udalak egitarau osotua prestatu du etxeko txikientzat Abusu eta Ollargan auzoetan

Arrigorriagako Udalak Abusuko Gabonetako jarduerak iragarri ditu eta haurrentzako hainbat jarduera antolatu ditu: sukaldaritza tailerra, umeentzako jolasak, antzerki saioa…
Ekitaldietan parte hartu nahi duten interesdunek (tailerretan, antzerki saioetan…) izena eman behar dute abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora e-posta bidaliz.
Egitaraua | Gabonak Abusun 2025
Abenduak 16-23
10:00 Mari Domingi eta Olentzeroren Txokoa, Abusuko Zentro Soziokulturala
Abenduak 19, ostirala
18:00 Antzerkia: ‘Su Magikoaren Lapurreta’ (Zirtaka Antzerki Taldea), Abusuko Zentro Soziokulturala
Abenduak 20, larunbata
18:00 Mari Domingi eta Olentzero, Ollarganen, plaza estalia
Abenduak 21, igandea
11:00 Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira, Olatxutik
Abenduak 22-26
17:00 Umeentzako jolas jarduerak, Abusuko Zentro Soziokulturala
Abenduak 29, astelehena
10:30 Sukaldaritza tailerra (4-7 urte), Abusuko Zentro Soziokulturala
Abenduak 30, asteartea
10:30 Sukaldaritza tailerra (8-12 urte), Abusuko Zentro Soziokulturala
Urtarrilak 5, astelehena
18:00 Errege Magoen kabalgata, Abusuko eleiza
18:30 Errege Magoen kabalgata, Ollargan
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako gazteek arbasoen mozorroak berreskuratuko dituzte 2026ko inauterietan
Erabakiaren helburua aratusteen benetako esanahira bueltatzea dela azaldu dute Herri Inauterietako Batzordetik

Arrigorriagako gazteak datorren urteko inauteriak prestatzen hasi dira eta aurten planteamendu aldaketa egin dute eta mozorroa jantziko dute, erredundantea iruditu arren. Izan ere, bistakoa dela eman dezake, baina zer da mozorroa janztea zehazki?
“Arrigorriagako Herri Inauteriak hamar urtez ospatu ondoren, aurten jatorrira begira jarri gara”, azaldu dute Herri Inauterietako Batzordetik. “Aratusteen benetako esanahia berreskuratu eta gure arbasoek mendeetan ospatu izan duten horren funtsa ulertzea izan dugu xede. Ikerketa eta hausnarketaren ondoren, elementu komun eta historiko bat aurkitu dugu: mozorroa egitea”.
Planteamendu aldaketa hau ulertzeko, Herri Inauterietako Batzordetik ‘disfrazatu’ eta ‘mozorratu’ hitzen arteko ezberdintasuna azpimarratu dute: “Gaur egun egiten dugun hori disfrazatzea litzateke eta inauteri egunean jantzi berezi bat daramagun arren, disfrazatuta jendeak badaki nortzuk garen, argi dago jantziaren azpian gaudenak geu garela. Mozorroan berriz norberaren nortasuna ezabatu egiten da eta izaera berri bat eraikitzen da”.
Nola mozorratu?
Horregatik, datorren urteko Arrigorriagako inauterietako mozorroa lantzeko gomendio batzuk luzatu dituzte Batzordetik:
– Arrigorriagako elementu natural edo kultural bat aukeratu: Mozorroaren oinarria izango da hau, natura elementua (hostoak, errekak, animaliak, landareak, etab.) edo herriko elementu kultural bat (Padurako gudua, artzaintza, emaginak, papelera, etab.) Demagun perretxikoak aukeratzen ditugula.
– Mozorroaren nortasuna definitu: Bi aukera ditugu: onak (herriaren aldekoak) edo gaiztoak (Ibarra inkisidorearen aldekoak). Perretxiko jangarriak onak dira; pozoitsuak, bihurriak edo gaiztoak. Gure perretxikoen jarrerak definitu beharko genituzke: ezkutaketan ibiltzea, espora moduan hautsa zabaltzea…
– Aurpegia nola estali erabaki: Mozorroaren arau nagusia da hau. Aukerak desberdinak ditugu: zapiak, pintura, saskiak, maskarak… Perretxikoek ez dute aurpegirik, beraz aurpegiak erabat estaliak eraman beharko genituzke.
– Jantzia eta apaingarriak sortu: Mozorroak birziklatutako materialekin egitea da ohikoa: zakua, trapu zaharrak, izarak… Gure mozorroa gorpuztea da jantziaren helburu. Adibide baterako perretxikoek kapela erraldoiak dituzte eta kolore arrez edo biziz apaindutako izaraz estaliko dugu gure gorputza. Mozorroaren soinua ere garrantzitsua da txintxarri, makil, txilibitu edo kantu bidez sortuak.
– Izen egokia jarri: Mozorroaren esentzia laburbilduko duen hitza izango da. Gure balizko mozorrorako Perretxil izena aukeratu dugu, perretxiko + perrexil hitz-jolasetik.
Hau guztia azaltzeko kanpaina abiarazi du Herri Inauteri Batzordeak. Kanpaina horretan, Martak eta Ibonek bideo bat sortu dute mozorroa nola egiten den azalduz.
☉ Arrigorriaga
Baloi Morea Jaialdia antolatu dute Arrigorriagan, 2026ko maiatzean
Padura Futbol Taldeak Udalaren laguntzarekin antolatutako emakumezkoen futbol jaialdia maiatzaren 30ean egingo dute Santo Kristo futbol zelaian

Arrigorriagako Santo Kristo zelaiak ‘Baloi Morea Jaialdia’ hartuko du 2026ko maiatzaren 30ean (larunbata), egun osoan zehar.
Padura Klubak Arrigorriagako Udalaren laguntzarekin antolatutako emakumezkoen futbol jaialdi honetan benjaminak, haurrak eta kadeteak lehiatuko dira. Partidak 09:00etan hasiko dira eta 20:30ean sari-banaketa eta DJ kontzertua antolatu dute.
☉ Arrigorriaga
Padura Mendi Taldeak ‘Arrigorriagako Mendiak’ martxa herrikoia antolatu du elkartearen 75. urteurrenean
Urteurrenaren jarduera guztiak 2026ko urtarrilaren amaieran iragarriko dituzte Lonbo aretoan antolatutako ekitaldi ofizialean

Datorren urtean 75 urte beteko ditu Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak eta urteko jardueren egutegia kaleratu berri du.
Baina jarraian irakurri daiteken egutegi hau aurrerapen bat baino ez da, urtarrilaren amaieran urteurrenarekin lotutako gainontzeko jarduerak iragarriko dituztelako ekitaldi ofizial batean. Momentura arte 2026ko maiatzaren 24an eta ekainaren 20ko ekintzak dira urteurrenarekin lotura duten jarduerak (beltzez nabarmenduta).
“Urteurrenaren gainontzeko jarduerak urtarrilaren 30ean aurkeztuko ditugu Arrigorriagako Lonbo aretoan egingo den 75. urteurrenaren aurkezpenean”, azaldu du Olatz Ruiz de Azua Mendi elkarteko kideak. Arratsaldeko 19:00etan ipini dute hitzordua eta luntx bat antolatu dute. “Herriko kirol-talde guztiei luzatuko jake gonbidapena aurkezpen berezi horretara gerturatu daitezan, baina herri guztiarentzako irekia izango da”, argitu du.
Urteroko hitzordua
Bestalde, Arrigorriagako aurtengo azken jarduera urtero antolatzen duten Xanpain Eguna da, datorren abenduaren 31n. Egun horretan igoera egingo dute Artandara. Argala enparantzan lotu dira herriko mendizaleak 09:30ean. Hortik abiatuko dira maldan gora eta 12:00etan hamaiketakoa eta brindisa egingo dute San Segismundo baselizan.
Egutegia | Padura Mendi Taldearen urteko irteerak 2026
Jarraian agertzen diren jarduerak urte osorako programatutakoak dira. Guztien artean, maiatzaren 24an antolatutako ‘Arrigorriagako Mendiak’ martxa herrikoia eta ekainaren 20an prestatutako Artanda mendira igoera eta bazkari herrikoia urteurreneko jarduera bereziak dira.
Urtarrilak 9, ostirala
Batzar orokorra
Otsailak 8, igandea
Castrovalnera
Martxoak 13-15
Asteburuko eski irteera Jakara
Apirilak 26, igandea
Orio-Zumaia zeharkaldia
Maiatzak 24, igandea [urteurrena]
Arrigorriagako Mendiak martxa herrikoia
Ekainak 5-7
Asteburuko irteera: Espigüete (Cervera de Pisuerga, )
Ekainak 20, larunbata [urteurrena]
Artandara igoera + bazkari herrikoia
Ekainak 28, igandea
Igoera San Pedroko jaietara
Uztailak 19, igandea
Igoera Upoko jaietara
Irailak 25-27
Asteburuko irteera Pirinioetara (Sallent de Gallego)
Urriak 31, larunbata
Gorbeialdea: Muruako harrobiak-Bikotzgane zeharkaldia
Azaroak 22, igandea
Aizkorri-Aratz
Abenduak 31, osteguna
Xanpai eguna
☉ Arrigorriaga
Bideoa | ‘Battle Oilar’, film-laburrak bertso bihurtuko dituen ekintza dakar Umorea Labur jaialdiak
Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute Arrigorriagako herrigunean

Gaur goizean Arrigorriagako Umorea Labur jaialdiaren aurkezpena egin dute Lanbarri Kultur Elkartearekin batera udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute.
“Heldu, kurbak datoz eta! Umorea Labur Estatuko komedia zinemaldi guztien aitona da, eta mundu osoko beteranoenetako bat”, horrela berotu dituzte motorrak jaialdiaren webgunean.
Gaurko ekitaldia Aitor Arenas Umorea Labur jaialdiko zuzendariak (Arrigorriaga, 1981) aurkeztu du, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearekin eta Iratxe Rubio kultura zinegotziarekin batera.
“Beti esaten dugu urtetik urtera hurrengo edizioa aurrekoa baino hobeagoa izango dela. 2023ko jaialdia amaitzean, 24. edizioa trantsizio moduan planteatu nahi izan genuen, 2026koa 25. urteurrena delako”, azaldu du Arenasek. “Mende laurdena asko izango da eta aurtengo edizioa trantsizio modura planteatu bagenuen ere, ez dugu bete”, azaldu du barrez, jaialdiko estiloari eutsiz.
“Pausu handiagoa eman dugu”, jarraitu du arrigorriagarrak eta betiko estiloari eutsiz programazio onena osatzen saiatu direla gehitu du: urtero lez, atal ofizialean Espainiako film laburren ‘Jaja’, nazioartekoen ‘Haha’ eta euskarazko film laburren ‘KarKar’ atalak bereizi dituzte. “Programazio koherente eta indartsua sortzen saiatu eta lortu dugula esan genezake, antzinatik geneuzkan zenbait ekimen gauzatuz”, azpimarratu du jaialdiko zuzendariak.

Aitor Arenas, Umorea Labur jaialdiko zuzendaria // Geuria
Laburrez harago
Duela gutxi zendutako Jose Luis Cienfuegos Seminciko zuzendari ohiak zioen programazio on bat osatzea filmak programatzea baino gehiago zela: “Cienfuegosek esaten zuen jaialdi batean programazioaz gainera, paraleloan antolatutako jarduerak, erakusketak… egon behar zirela, eta horixe bera saiatu gara egiten Arrigorriagako Umorea Labur jaialdian.
Aurten #NoSoloPaja atala mantenduko dute ere, herriko eta eskualdeko sortzaileen lanei ikusgarritasuna emanez eta ‘The Artic Circle Trail’, ‘Gatz Arana’ edo ‘Eguneroko Egoerak’ bezalako laburmetraiak proietatuko dira Lonbo aretoan, abenduaren 15ean bertan.
Gainera, ‘JaJam Sessions’ atala finkatuko dute eta aurten Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Txistu tabernan, besteak beste.
Abenduaren 12tik 20ra bitartean Sitges-en hasitako ‘Fun & Terror’ erakusketa ikusteko aukera egongo da Txokoa-meeting pointean (Urgoiti pasealekua, 7). Erakusketa Borja Crespok gidatuko du (Getxo eta Bartzelonako Komiki Erakusketako zuzendaria, El Correoko kritikoa…)

Jaialdiaren aurkezpena, medioekin // Geuria
Euskara, indartuta
Aurtengo berritasunen artean Battle Oilar atala egongo da. Bertan, laburmetrai batzuk programatuko dituzte eta ikusentzunezko lan horiek ipiniko dute jarraian agertuko diren bertsolarien gaia: “Bertsolariek laburmetraiak interpretatu eta bertsotan bihurtuko dituzte. Bertsolarien artean zirikadak ikusiko ditugu, umore klabean betiere”, azaldu du Arenasek.
Arrigorriagarren hala eskatuta, ‘Kontziliakzioa’ izeneko zerbitzua sortu dute aurten ere jaialdian. Atal hau film laburrak ikusi nahi zituzten baina ezin zuten gurasoei zuzenduta dagoela zehaztu du Arenasek. “Publiko kritikoarekin lan egitea gustoko dugula esaten dugunean haurrei buruz ari gara. Dinamizatzaile bat arduratuko da saioak gidatzeaz. Txikiek filmak ikusiko dituzte baina solasaldiak, tailerrak eta jolasak izango dituzte bertan ere. Helburua bertan zinemarekiko grina piztea da”. Kontziliakzioa Lehen Hezkuntzako lehen zikloari zuzenduta dago eta Kilimusi Eskaut taldeko kideen laguntza izango dute, herriko eragileen arteko laguntza bultzatuz.
‘Umorea Lab’ atala ere egongo da Arrigorriagan aurten, Edurne Garitazelaia Kultur Etxean, hain zuzen. Jarduera hau zinemagintza ikasten ari diren pertsonei zuzenduta dago eta film laburren pitchinga egiteko nozioak, mahai-inguruak eta Javier Aguayoren ()Sin Gluten) ‘¡Voy a venderlo todo! masterclassa antolatu dituzte, besteak beste.

Arenas, jaialdiaren aurtengo kartelarekin // Geuria
Aurreko urteetan ez bezala, jaialdiak ez du programaziorik sortu Arrigorriagako institutuarekin. Erabaki horren arrazoiaren inguruan galdetzean, GEURIAk egindako galdera “jaialdiko arduradunei ez zaiela egin behar” azaldu du Umorea Laburreko zuzendariak.”Lanbarri institutuko ikasle eta irakasle batzuen eskutik jaio zen gazteek asteburuetan aisialdiko jarduerak egiteko: txotxongiloak, poesia… denborak aurrera egin ahala jarduerak moldatzen joan ziren eta Lanbarriko jarduera nagusia ikusentzunezkoak egitea izan zen. Horren ondorioz jaio zen Umorea Labur jaialdia, Lonbo aretoaren jaiotzarekin batera”.
Hala ere, eta komunitatea sortzearen ideiari helduz, Arenasek nabarmendu du institutuak jaialdiaren ateak zabalik dituela hurrengo edizioetan elkarlana egiteko.
Umorea Laburrean jaialdiak osagarri berezi bi ditu: kalitatea eta arraksta”, laburbildu du Iratxe Rubio kultura zinegotziak. “24 edizioetan zehar bertan mantendu den jaialdia da eta erreferente bilakatu da”. Rubioren hitzetan, jaialdiak hiru ekarpen egiten dizkio udalerriari: kanpo proiekzioa, Arrigorriaga mapan kokatuz, kultur aniztasuna eta Lanbarri elkartearen konpromisoa.
“Urteetan Lanbarri elkarteko kideek lan nekaezina egin dute kulturaren eta artearen mundu honetan umoreari kalitatezko espazioa emateko”, azaldu du Maite Ibarrak. “Eta zalantzarik gabe lortu egin dute. Urte hauetan erakutsi digute umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain kritika eta analisi sakonak egin daitezkeela. Munduari begiratzeko modu bate dela, alegia”.











