→Arrigorriaga

Montefuerte eta Padura futbol taldeak “eskertuta” eta “ilusioz” daude Arrigorriagako jaiei hasiera emateko

Arrigorriagako jaiak uztailaren 21ean hasiko dira, eta festari hasiera emateko, Udalak Padura eta Montefuerte herriko futbol taldeei eman die lekukoa. Kategoriaz igo dira lehenengoak; bigarrenek, 25 urte bete dituzte aurten.

2019ko Arrigorriagako jaietako txupina // Geuria

Arrigorriagako jaiak uztailaren 21ean hasiko dira, eta Udalak Padura eta Montefuerte herriko futbol taldeei eman die txupina pizteko lekukoa. Kategoriaz igo dira lehenengoak; bigarrenek, 25 urte bete dituzte aurten. Taldeak ilusioz agertu dira Madalenetako lehen egunari hasiera emateko.

“Oso eskertuta gaude Udalarekin, eskainitako aukeragatik eta ikusgarritasuna emateagatik”, esan dio GEURIAri Joseba Laiseca Padura futbol taldeko presidenteak. 2020an, ehun urte bete zituen CD Padurak; halere, Laisecak azaldu duenez, orduan ezin izan zuten urteurrena “merezi bezala” ospatu, egoera zela-eta. Aurtengo aukera, beraz, ezin hobea iruditzen zaie taldearen ibilbide luzeari omenaldia egiteko.

Jaiei senior taldeetako bi jokalarik emango diote hasiera: Ander Gonzalo Padura A taldeko kideak eta Oier Arellano Padura Bkoak. Lehen taldea kategoriaz igo da aurten, RFEFko hirugarren mailara, eta meritua aitortzeko aukera izango dute uztailaren 21ean. B taldea, berriz, jaitsi egin da (erregionaleko bigarren mailara): azken bueltan partidu guztiak irabazi arren, ezin izan diote mailari eutsi.

CD Padura taldea mailaz igo direla ospatzen // Geuria

Aldaketaz blaitutako denboraldia izan da, egoera zaila, jokalari aldaketak… Baina emaitzak gorabehera, presidenteak azaldu du Padurako talde osoaren baloreak islatzen dituztela: “Lan gogorra, gogoa, intentsitatea, eta batez ere, konpromisoa”, zailtasunekin bada ere, aurrera egiteko. Eta hori da taldetik txupinaren egunean erakutsi eta eskertu nahi dutena herritar guztien aurrean.

Montefuertek 25 urte

Montefuerte futbol taldeak ere, beste horrenbeste. Zuzendaritza taldeko Alberto Románek esan du hasieran “harrituta” jaso zutela Udalaren gonbidapena, ez baitzuten espero. Halere, “oso eskertuta” daude jasotako aukeragatik, eta taldearen 25. urteurrena ahalik eta giro onenean ospatzeko aukera dela esan dute.

Arrigorriagako jaiei herriko beste talde batekin hasiera ematea ere aukera ona iruditu zaie, bi taldeen artean giro ona eta lagunkoia baitago. Padurako bi jokalariez gain, CD Montefuertetik aurreikusten dute presidenteak eta zuzendaritza taldeko beste kide batek emango diela hasiera Madalenei.

CD Montefuerte // Utzitakoa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak