Oporren II. Azoka ospatuko da Arrigorriagan apirilaren 1ean eta 2an. Bidaiak, auzolandegiak, boluntariotza, hizkuntza-prestakuntza eta urte-sasoiko enplegua
Oporren Azoka ospatuko da bigarren urtez Arrigorriagan. Hain zuzen, apirilaren 1ean eta 2an izango da azoka udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa-gelan (2. solairua) 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara (igandean goizeko ordutegian).
Azoka 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburua Aste Santuari eta udari begira eskura dauden aukera desberdinen gaineko informazioa hurbildu eta ematea da.
BOST ATAL
Oporren Azokak bost atal izango ditu: bidaiak, nazioarteko auzolandegiak, boluntariotza, hizkuntza-prestakuntza eta urte-sasoiko enplegua.
Atal bakoitzean dauden aukerak azalduko dituzte. Besteak beste, low cost bidaiak, kanpina, karabanan ibiltzea, abentura-turismoa, Interraila, Done Jakue bidea, ingurumen-ondarea eta ondare historiko-kulturala kontserbatzeko auzolandegiak eta udako ingelesezko udalekuak.
ZOZKETAK ETA HITZALDIAK
Azoka honek, gainera, hainbat zozketatan parte hartzeko aukera eskainiko du. Hala nola, kirol-argazki makina bat, asteburuko pack bat, Interrail pase bat, kirol-eskumuturreko bat eta bidaiatzeko osagarriak eskuratu ahal izango dituzu.
Era berean, zenbait hitzaldi egongo dira. Larunbatean Akitaniako auzolandegiei, Interrailari eta uda solidarioari buruzkoak, eta igandean Akitaniako auzolandegiei eta gazteak Europar Batasunetik zehar mugitzeari buruzkoak.
