Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Txakurrak, gure herriko beste biztanle horiek

EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren (AIEO) datuen arabera, 2013an 664 txakur zeuden erroldatuta udalerrian eta kopuru horri 836 txakur gehitu zaizkio 2023an, % 225,9ko igoera sortuz

|

Hego Uribe eskualdean 100.183 herritar eta 11.968 txakur bizi dira gaur egun. Udalerri guztien artean Arrigorriagako kasuak arreta ematen du: 12.160 pertsona eta 1.500 txakur bizi dira gaur egun, Udaleko datuen arabera. Zifra horrek ez luke zertan esanguratsua izan alderaketarik egingo ez balitz. EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren (AIEO) datuen arabera, 2013an 664 txakur zeuden erroldatuta udalerrian eta kopuru horri 836 txakur gehitu zaizkio 2023an, % 225,9ko igoera sortuz. Gainontzeko herriei dagokienez, Basaurin 3.833 txakur bizi dira gaur egun, Galdakaon 3.882, Etxebarrin 1.230, Ugaon 525, Zaratamon 527 eta Zeberion 471. Zer dela eta gertatu da hazkunde hori eskualde mailan?

2013an 664 txakur zeuden erroldatuta Arrigorriagan eta kopuru horri beste 836 gehitu zaizkio 2023an, % 225,9ko igoera sortuz

Xabi González Santamaria (Arrigorriaga, 1987) JFKZ-etako Lizentziatua, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta KorriCan Tesi Doktorego hezkuntza-proiektuaren arduraduna da eta Arrigorriagan bizi da Izaskunekin eta zazpi urteko uretako txakur arrazako Xirirekin batera: “Arrigorriagako erdigunea berdegune askoko gunea da. Mendiz inguratuta dago alde batean eta bestean”, dio Gonzalezek. “Gainera, ia kilometro biko parke bat dauka gune horretan. Bertatik edota Montefuerte ingurutik paseatzea oso atsegina da. Uste dut hori izan daitekeela Arrigorriaga bezalako herri batean hainbeste txakur egotea eragin duen faktoreetako bat”. Xabik senide eta txakurraren inguruan eraiki du bizitza, eta egunez egun kilometro ugari egiten ditu lau hankako lagun onenarekin batera.

Bilbon ere txakurren hazkundeak igoera “nabarmena” izan duela azaldu du Xabik: “Pandemiaz geroztik kopuruak etengabe egin du gora, eta gaur egun Bilbon txakur gehiago daude umeak baino”. Baina Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen arabera horrek ez du esan nahi Bizkaiko hiriburua txakurren paradisua denik, eta adibide modura esan du alde handia dagoela txakur batekin Miribillan bizitzearen eta Txurdinagan bizitzearen artean: “Txakurra bizi den ingurunea faktore erabakigarria da animaliaren osasunerako, eta hiriguneetan txakurrak estresatuago bizi dira landa eremuetan baino. Hortik datoz egunero ikus daitezkeen jokabide-arazo asko”.

Terapia osasuntsua

Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen arabera asko dira txakur batek familia batera ekar ditzakeen onurak. Lehenik eta behin jarduera fisikoarekin lotutako onurak egongo lirateke: “Txakurrek jarduera fisikoa era erregular batean izateko beharra dute, eta horrek jabeak ibiltzera, korrika egitera edo haiekin jolastera bultzatzen ditu. Bizimodu aktiboago bat izatera behartzen du txakurrak bere jabea, inolako zalantzarik gabe”. Eta ez hori bakarrik: jarduera fisikoa era erregularrean egitearen ondorio bezala, arteria-presioa eta bihotz-maiztasuna murrizten da. “Ikerketa askok ziurtatzen dute horrek eragin positiboa izan dezakeela osasun kardiobaskularrean”.

Bigarrenik, eta gizakion arlo emozionalari begira, animaliek estresa murrizteko gaitasuna dute, txakurrekiko elkarrekintzek estres eta antsietate maila arintzen dutelako: “Ebidentzia zientifiko asko daude arlo honetan. Adibidez, ikerketa batean egiaztatu zuten txakur bat laztantzeak endorfinak askatzen dituela (ongizatearen hormonak) eta kortisona mailak murrizten dituela (estresaren hormona). Xiri dudanetik askoz ere zoriontsuagoa naiz. Lan guztiek momentu puntualetan estresa sortzen dute, eta Xiri eta jarduera fisikoa egitea dira niretzat estresa gainetik kentzeko erarik eraginkorrena, zalantza barik”.

Estresarekin lotuta aldartearen eta osasun mentalaren hobekuntza legoke, txakur batekin paseoa egiteak serotonina eta dopamina ekoizpena areagotu dezakeelako, zorionarekin eta ongizatearekin lotutako neurotransmisoreak, hain zuzen ere. Gainera, arrigorriagarrak azaldu bezala, bakardadearen eta depresioaren sentsazioa murriztu dezakete txakurrek. Estimulazio kognitiboari eta emozionalari dagokionez, txakur bat zaintzeak errutinak ezartzea eskatzen du, haren beharren inguruan ikastea eta estimulazio mentala ematea. Hori, Gonzalezek ondo azaldu bezala, “onuragarria izan daiteke burua aktibo mantendu eta helburu jakin bat izateko”.

Txakurrak, bestalde, gizarte trebetasunak indartzeko “erremintak” dira eta jabeek, askotan, beste pertsona batzuekin harremanak izaten dituzte parkeko ibilaldietan edo bisitaldietan. Horrek sozializazioa eta lagun berrien ezagutza bultza ditzake. Horrekin batera, txakur bat izateak erantzukizuna eta konpromisoa areagotzea ekarri beharko luke: “Txakur bat zaintzeak dedikazioa eskatzen du, eta horrek jabeengan erantzukizunaren eta konpromisoaren zentzua bultza dezake”, dio Gonzalezek. Xabik soberan ezagutzen ditu txakur batek gizakiari ekar diezazkiokeen onurak, bai Xirigatik eta baita bizitzako hiru urte eman dituelako ere KorriCan izeneko txakurren bidezko hezkuntzaren inguruko doktore tesian murgilduta.

Txakurrak, jabeak eta gizalegea

“Hala ere, txakur batek bere bizitza osorako konpromisoa eta erantzukizuna behar ditu, eta aurre egiteko prest ez bagaude, hobe dugu txakur bat ez hartzea” esan du Gonzalezek. Tamalez, txakurrek, jabeek eta herritarrek osatutako paradigman “konpromisoa” eta “erantzukizun” hitzak teorian errazak iruditu arren, praktikan jartzeko orduan ez dira hain errazak, eta emaitzak Arrigorriagan eta beste edozein udalerritan ikus daitezke txakurren jabeen eta gainontzeko herritarren artean arazoak sortzen direnean. “Arrigorriagako txakurren jabeak, kasu isolatuetan izan ezik, oso arduratsuak dira bertako maskotekiko. Hori bai, uste dut neurri batzuk hartu beharko liratekeela egoerak okerrera egin ez dezan”, azaldu du Xabik. “Izan ere, egia da txakurren eta beren tutoreen sektore jakin batek ez dituela txakurren gorozkiak biltzen, eta horren aurrean erabakiren bat hartu beharko litzatekeela uste dut. Erdiguneko parkea gero eta zikinago dago, bertan haur askok jolasten dute eta garbiago egon beharko litzateke. Arazoa ez da txakur gehiago edo gutxiago egotea, arazoa pertsonen jarrera da, eta egoera horren aurrean zer egin dezakegu?”.

“Txakurren jokabideari dagokionez, arazoa ez da txakur gehiago edo gutxiago egotea, arazoa pertsonen jarrera da. Zer egin dezakegu egoera horren aurrean?”

Xabi eta Izaskunen txakurrak hitzordua du gaur Arrigorriagako Arkakuxo albaitaritza klinikako Txarli Gorostiza ‘Txanpi’rekin (Arrigorriaga, 1971), Xirik atzeko hanka batean zuntz-urradura duelako. “Jakina denez, txakurrak jaio, hazi, ugaldu eta hil egiten dira”, azaldu dio GEURIAri. “Hori bai, antzina ez bezala, ugalketa prozesuan gizakiok erabakitzen dugu gaur egun. Txanpik baieztatu du azken urteetan txakurren bizi-itxaropena luzatu egin dela, baita katuena ere: “Gero eta animalia gehiagorekin bizi gara etxean eta gainera, guk, albaitariok, gero eta baliabide gehiago ditugu diagnostikoetarako eta tratamenduetarako. Animalientzat zein familientzat albiste ona da bizi itxaropena luzatzea, zalantza barik”. Luzapen horren ondorio modura, gero eta arruntagoa da animalia hauen heriotza-kausa minbizia izatea, gizakiongan gertatzen den era berean: “Minbizia, organo guztien desestabilizazioa kenduz gero, gutxien kontrolatu dezakegun gaixotasuna da”. Hala ere, txakurren bizi-itxaropena oso laburra egiten zaigu gizakioi, eta bizirik dirauten bitartean ongizatea opa behar diegu, gure inguruan (eta armonian betiere) ahalik eta zoriontsuen bizi daitezen. Eta nola lor dezakegu hori? Txakur bat etxera ekartzean hartu beharreko lehenengo erabakiarekin: Nor (eta ez zer) sartuko dugu gure etxebizitzan?

Erabaki ona, hasieratik

Julen García Agote (Castro Urdiales, 1975) txakur hezitzailea eta Amarokeko presidentea da eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu txakurren jabeek eta gainontzeko herritarrek izan dituzten gatazkak. “Gaur egun gaizki hautatu ohi ditugu etxera sartzen ditugun txakurrak”, esan du irmo. “Jendea txakurraren kanpoko itxuragatik itsutu ohi da, baita momentuan modan dagoen txakur arrazagatik ere. Emaitzak bistan dira, sasoi batzuetan arraza jakin batzuetako txakurrak ikusten ditugulako kalean”.

Lehen erabaki hori nola hartu beharko litzatekeen galdetzean ez du zalantzarako astirik utzi Garcíak: “Lehenik eta behin etxean sartuko dugun animalia horrek izango duen etxebizitza, familia, ingurua, arduradunaren ohiturak… sakonean aztertu beharko lirateke. Ez da erabaki ona norberaren ohiturak aldatzea txakur bat etxean sartuko dugulako; zikloak alderantzizkoa izan behar du, ezbairik gabe. Egokiena litzatekeena da etxean sartuko dugun txakur hori gure beharretara doitzea. Beste hitz batzuetan: eguna telebista ikusten ematen badut Frantziako Bulldog bat hartu dezaket, eskailerak igotzea sekulako tormentua delako animaliarentzat. Aldiz, kirola egitea gustuko badut bizitza aktiboa duen txakur bat izan dezaket”.

Hezitzailearen arabera, Europa aurreratuko lurralde askotan erabaki garrantzitsu hau hartu ahal izateko txakur hezitzaile baten zerbitzuak kontratatzen dituzte. Julenen arabera, prozesu hau araututa egon beharko litzateke, gaur egun existitzen diren arazoak ekiditeko: “Hau esatean bati baino gehiagori min handia egingo nioke, ziur, baina nire ustez benetan beharrezkoa da. Zorionez, txakurtegietan txakur-heziketan formazioa duten langileak ikusten hasi gara eta langile horiek txakur egokia aukeratzen laguntzen diote interesdunari, animalien beharrizanak ondo baino hobeto ezagutzen dituztelako” , dio Julenek, eta SOS Bilbao txakurtegiko lan ona azpimarratu du, adopzioak egiten diren bakoitzean jarraikortasun lan sakona egiten dutelako bertan. “Zoritxarrez, gaur egun, txakur heziketan ez dago legerik. Ondorio modura, badago arraza jakin batzuetako txakurrek kirolik ezin dutela egin dioen ‘hezitzailerik’, txakur horiek ‘estresatu’ egiten omen direlako, eta txakurrek ez dutela erabakitzen txakurkrosa praktikatzea; “guk behartzen ditugula”. Lehenago edo geroago mugak jarri beharko genituzke alor honetan, txakurrak nork hezi ditzaketen eta nork ez bereizteko”.

Txakur batek jarrera desegokia erakusten duenean eta arduradunak hezitzaile baten zerbitzuak kontratatzen dituenean, profesionalak hasierako balorazio batekin hasten du bere lana. Julenen arabera, arazoa detektatzean pertzepzio ezberdinak egon ohi dira egoera beraren aurrean: txakurraren arduradunarena eta hezitzailearena: “Fisioterapeutarengana goazenean belauneko mina dugula esan diezaiokegu, baina fisioterapeutak seguru asko gaitz hori beste nonbaitetik datorrela ikusiko du, mina belaunean proiektatuz. Txakurrekin berdin gertatzen da: arazoaren jatorria profesionalak identifikatuko du. Hori jakinda, esan daiteke txakurrekin gertatzen diren arazoen % 90a talde lanarekin, sozializazioarekin, ulermen ariketekin…konpondu ohi dela”, eta arduradunaren eta animaliaren artean komunikazio arazo ugari egon ohi direla gehitu du: “Beste batzuetan gertatzen da pertsonei bezala hitz egiten diegula animaliei, eta txakurrekin komunikatzeko “txakurren hizkuntza” praktikatu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar animaliak direla eta ulermenerako bestelako erremintak dituztela”.

Julen García: “Txakurrekin gertatzen diren arazoen % 90a talde lanarekin, sozializazioarekin, ulermen ariketekin…konpondu ohi da”

Arrigorriagan jaiotako KorriCan proiektuaren bidez, arduradunaren eta animaliaren arteko hezkuntza hori indartu nahi da. KorriCan, hezkuntzan txakurkrosaren bidez osasuna sustatzeko proiektu pilotua da. Ekimen honen egilea Xabier González da eta unibertsitateko doktore tesitik jaiotako proiektu pilotu honen helburu nagusia hezkuntzaren esparruan txakurkrosaren berri ematea da, ikasleen osasuna sustatzeko eta txakurrekin harremana sortzeko, kirol-jarduera fisikoaren bidez. Arrigorriagako esperientzia pilotuak izandako harrera arrakastatsuaren ostean, 12-14 urte bitarteko gazteentzako KorriCan Txakurkros Hastapen Ikastaroak abiarazi ditu Xabik Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Neguko Kirol Federazioaren laguntzagaz. “Esperientzia pilotua ikusita hainbat hezkuntza zentrotatik deitu digute institutuko ikasleekin egindako ikastaro horiek euren zentroetan errepikatzeko”, esan du Gonzalezek.

“Mila urte igaro dira txakurrak lan egiteko makina bihurtzea lortu arte”, erantsi du Julenek, eta txakurrek konpainia egitea gauza oso berria dela esan du: “Oso urte gutxi daramatzagu telebista txakurrekin ikusten. Setter batek, artzain txakur batek kilometroak egin behar ditu egunero. Gure gorputzak ez daude sedentarismorako prestatuak eta txakurrenak are gutxiago, baina geure buruak engainatzen ditugu askotan aktibo ez mantentzeko. Etxetik kanpo gauden bitartean txakurra etxean dago, zain, eta hala eta guztiz ere pentsatzen dugu egunean paseotxo bi ematearekin nahiko duela gure animalia sozialak. Txakurkrosari buruz gauza positiboak soilik esan ditzakegu”, eta erantsi du: “Joan den martxoan ikerketa bat egin zitzaien elurretan Espainiako Txapelketa batean bi egunez parte hartu zuten txakur batzuei. Analisiek balio guztiak bikain zeudela erakutsi zuten”.

Julen García: “Mila urte igaro dira txakurrak lan egiteko makina bihurtzea lortu arte; oso urte gutxi daramatzagu telebista txakurrekin ikusten”

Gizarteak, baina, askotan txakurrak humanizatzeko joera duela azpimarratu du Mikel Fuentes García (Arrigorriaga, 2000) Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, eta hala berretsi du Julenek: “Heziketa klaseetan Louis Vuitton markako poltsoetan ekarri dizkigute txakurrak behin baino gehiagotan. Pertsona horiek ez zuten txakur bat behar, panpin bat baizik”. Hezitzailearen arabera, txakurraren munduak okerrera egin du azken 10-15 urteetan: “Txakur objektu txiki horiek dira, hain zuzen ere, gizakionganako bortizkeria karga handienak dituztenak eta gizakiari laguntzen dion jatorrizko izaera hori galtzen ari dira”.

Lege berria, martxan

Joan den irailaren 29an 7/2023 Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko Legea indarrean jarri zuten eta legez “konpainiakotzat” jotzen diren animaliei eta itxian bizi diren basabereei bakarrik aplikatzen zaie. Laguntza emateko animalien artean, salbuespen bat dago: kanpoan geratzen dira jarduera profesional edo berezietarako erabiltzen diren guztiak (zaintzarakoak, artzaintzarakoak, ehizarakoa, segurtasunerakoak, terapiarakoak…).

Arkakuxo albaitaritza klinikako ‘Txanpik’ GEURIAri azaldu bezala, eztabaida gune nagusia salbuespen gisa lotzen diren arraza jakin horien bereizketan eman daiteke. María González Lacabex ‘Animalex’ animalien zuzenbideari esklusiboki eskainitako lehen bulegoko abokatuak Txanpiren iritzia arrazoitu du: “Ez da sekretua bazterketa horren atzean ehiza-sektoreak eta beste batzuek egindako presioa egon dela, animalien ardura duten gainerako herritarrek bete behar dituzten betebeharretatik kanpo geratzeko. Nolanahi ere, animalia horiek babesteko EAEko legean sartuta daude”.

Txanpik duen beste zalantza bat araudi berri hau nork eta nola aplikatuko duen da. Bere kasuan, albaitariak uste du lege berri honek ez duela aldaketa handiegirik izango bere eguneroko lanean: “Lege honek esaten duena, gutxi gorabehera, guk momentura arte gomendatu duguna izan da, hau da: urteak daramatzagu, animalia bakoitzak izan behar duen bizimodua aztertuz eta beharrezkoa izatekotan esterilizazioak egiten, esaterako”. Txanpiren arabera, “lege honetan derrigorrezkotzat jarri dituzten arauak ez dira oso berriak aurreko legeetan agertzen zirenekein alderatuta eta derrigorrezkoa ez zena gure gomendioa izan da beti.

Aipatu beharrekoa da ere joan den martxoan iragarritako lege honek lehen unetik egonezina sortu duela txakurrekin bizi diren herritarrengan hedabide askotatik jasotako informazioagatik. Informazio falta, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna adierazi dute txakurren arduradun askok eta Mariaren lana kezka eta ardura guzti horiei erantzuna ematea da, hain zuzen ere: “Lege honekin, bere garaian Kode Zibilaren erreformarekin gertatu bezala, desinformazio deigarri eta nabarmena ikusi dugu”, azpimarratu du Mariak. “Legeak interes mediatikoa izan du lehen zirriborroetatik, eta horrek buloak nahastea eta zabaltzea bultzatu du”.

“Irailean indarrean sartu zen legea animalien babesari buruz estatu osoan aplikatzen den lehena da”, azaldu du Maríak. “Hala ere, lege berri honen xedapen asko ez dira berriak; izan ere, autonomia-erkidegoek azken hamarkadetan beren araudi propioak izan dituzte”. Estatuko legea gutxieneko batzuk ezartzeko aldarrikatu zen, estatuko lurralde osoan animaliak babesteko lege-esparrua nolabait bateratzeko. Guztira 17 lege autonomiko eta Ceutan eta Melillan zegozkien araudiak kontuan hartuta, animaliak babesteko desberdintasun nabarmenak zeuden.

María González Lacabex: “Euskadin 1993tik dugu animaliak babesteko lege bat eta 2022an erreformatu zuten. Lege horretan jasota daude Estatuko legearen betebehar ugari”

“Euskadin 1993tik dugu animaliak babesteko lege bat eta 2022an erreformatu zuten. Lege horretan jasota daude Estatuko legearen betebehar ugari”, azaldu du abokatuak. “Izan ere, Estatuko lege berri honekin detektatzen ari garena zera da, animaliekin bizi diren pertsonek ez zekitela aspalditik zituzten betebehar eta erantzukizunei buruz, autonomia-erkidegoko araudiaren arabera”. Betebehar horien artean, esaterako, txakurrak edukitzeagatik erantzukizun zibileko aseguru bat izateko betebeharra edo animaliak bide publikoan bertan gainbegiratu gabe uzteko debekua ageri dira, besteak beste. Animalexeko abokatuaren arabera, lege berri honek hainbat alde positibo dauzka: “Legeak alderdi positiboak ditu, hala nola animaliak babesteko erregistro-sistema bat sortzea, autonomia-erkidego guztietakoak koordinatuz, animalien gaineko kontrol handiagoa izateko eta administrazioek edozein irregulartasun detektatu ahal izateko. Estatuko legearen beste alderdi positibo bat ia lege-hutsune batean zegoen eremu bat arautzea izan da: udalerrietan katu-kolonien kudeaketa. Orain, udalak behartuta daude katu horiek guztiak beren izenean identifikatzera eta HEA metodoa (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Askapena) aplikatzeko protokoloa edukitzera”.

“Estatuko lege berri honekin detektatzen ari garena zera da, animaliekin bizi diren pertsonek ez zekitela aspalditik zituzten betebehar eta erantzukizunei buruz”

Laburbiltzearren, abokatuak lasaigarritasun mezua bidali nahi die txakurren arduradunei: “Oro har, animaliak zaintzeko ardura duen inork ez luke kezkatu behar. Behar fisiologikoen eta jokabidearen arabera arreta ematea, behar dutenean albaitariaren laguntza ematea, tratu txarrik ez ematea, ez abandonatzea: horretan laburbiltzen dira legezko betebeharrak”, eta animaliak ezin direla internet zein bitarteko telematikoen bidez eskuratu gogorarazi du. Bestalde, txakurren arduradunek etorkizunean ikastaro bat egin beharko dutela baieztatu du Mariak: “Legearen puntuetako bat da, oraindik aplikatu ezin dena, ez baita zehaztu formazio hori zertan datzan eta, beraz, ez baita existitzen. Ministerioko iturrien arabera, prestakuntza oso oinarrizkoa eta eskuragarria izango da, eta, ziurrenik, animalia baten erantzule izateak dakartzan betebeharrak gogoraraziko dira”.

Etorkizuna, zalantzan

Legeak herritarrengan izango dituen ondorioez berba egiteko goizegi da, bi hilabeteko ibilbidea besterik ez baitu, baina Mariaren arabera pilota administrazioen teilatuan dago momentu honetan: “Egin beharreko galdera hurrengoa da: eskumena duten administrazio publikoek behar dena egingo dute legea eraginkorra izan dadin? Animaliak babesteko araudiaren arazo orokortuenetako bat araudi hori praktikan ez aplikatzea da. Beharrezkoa da botere publikoek hura betetzen dela zaintzea, zaintza eta kontrol aktiboarekin. Administrazioak dagokion eginkizuna bete behar du arlo horretan ere”. Txanpik ere aipatu du lege berriak alde onuragarriak izango dituela baina ez du argi araudi berria betetzeaz nor arduratuko den: “Nor ardurtuko da katuak esterilizatuta daudela baieztatzeaz? Gaur egun ez dago txakurren identifikazioko ikuskapenik ezta arriskutsuak izan daitezkeen txakurren kontrol zorrotzik ere. Nok egingo ditu lehe berri honek ekarriko dituen lanak orduan?”.

Xabierrek, Julenek eta Mikelek, bestalde, hezkuntzaren aldeko apustu sendoa egin dute: “Heziketa fisikoarekin lotutako hezkuntza-programak modu jarraituan eta sistematikoan martxan jarri behar dira eta honekin batera, gizartea sentsibilizatzeko udal formakuntzak”, esan du Xabik. AMAROKekoko hezitzaileak, bestalde, hezkuntzaren esanahi orokorarri egin dio erreferentzia, “gizakion arteko arazo gehienei konponbidea eman diezaiokena” dela baitio, emozioen kudeaketa azpimarratuz: “Lan garrantzitsua egin behar da enpatiaren hezkuntzan eta emozio kudeaketan. Harreman zuzena dago gizakion arteko eta animalien arteko bortizkeriaren artean . Mikel Fuentesek, ostera, Hezkuntzaren esparruan kooperazioa lantzea gakoa dela dio. “Gaur egun lehiakorrak izatera bultzatzen gaituzte eta hori gizarte indibidualista sortzen ari da.

Hilabeteak itxaron beharko dira lege berriak txakurren eta beren arduradunengan izango dituen ondorioak gertutik ezagutzeko. Momentura arte, txakurrak zaindu, hezi eta bizitzaz goza dezatela, gainontzeko herritarrekin armonian.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri