Udaletxe zaharra birmoldatzeko eta eraldatzeko proiektua lizitatu berri du Udalak. Aurreikuspenen arabera, uda eta gero hasiko liratezke obrak
Arrigorriagako Udalak dagoeneko lizitatu du udaletxe zaharra birmoldatu eta eraldatzeko proiektua. 2015eko otsailean aurkeztutako Udal Ekipamenduen Gida Planari jarraiki, udaletxe zaharrak hartuko ditu liburutegia, egun Kultur Etxeak ematen dituen zerbitzu guztiak -besteak beste, ikasketa-gela-, Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) eta KZ Gunea.
Proiektua Emilio Puertas Arquitectos izeneko enpresak egingo du 31.460 euroren truke (enpresa horrek gaur egungo udaletxea diseinatu zuen). Egituraren eta eraikuntzazko elementuen analisia egingo dute lehenik eta behin eta aurreikuspenen arabera, udan amaituko dute proiektua egiten. Ondoren, obrak hasiko liratezke.
Udal Ekipamenduen Gida Plana
Udaletxe zaharrean eta Kultur Etxean ez ezik, beste eraikin batzuetan ere “aldaketa garrantzistuak” planteatzen ditu Udal Ekipamenduen Gida Planak. Hala nola, kiroldegian, Gaztegunean, Lonbo aretoan eta Abusu Zentro Soziokulturalean.
