Arrigorriagak, Bizkaiko beste 37 udalerrirekin batera, “D bitamina, Aberastu zure heziketa!” ekimenean parte hartu du, ikastetxeetan seme-alabak lehenengoz matrikulatuko dituzten gurasoei euskarazko ereduaren alde onak azaltzeko. D ereduan ikasteak dituen abantailak nabarmentzen dituen informazio-gutuna eta triptikoa bidali ditu Arrigorriagako Udalak bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten 300 etxeetara.
Udaletik adierazi dutenez, inkesta bat ere helaraziko dute, gurasoek kanpainaren inguruan duten iritzia eta gaiari buruz dituzten zalantza eta kezkak ezagutzeko. Inkesta bete eta entregatzen dutenek euskarazko produktu-sorta baten zozketan parte hartuko dute. Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak koordinatutako kanpaina informatiboak sei urte bete ditu eta, oraingo honetan, Bizkaiko 8.000 familiengana iristea du xede.
