Sareak

☉ Arrigorriaga

Umorea Labur jaialdiak laburmetraiak jasoko ditu urriaren 1era arte

Abenduaren 10etik 15era ospatuko da jaialdia. 3.000 euro banatuko dituzte guztira.

|

arrigorriaga umorea labur 2016 lanbarri kultur elkartea
Lonbo Aretoan ospatzen dute Umorea Labur jaialdia / Lanbarri Kultur Elkartea

ABENDUAREN 10ETIK 15ERA BITARTEAN OSPATUKO DA UMOREA LABUR JAIALDIKO XVII. EDIZIOA
Laburmetraien jaialdia Arrigorriagara itzuliko da abenduaren 10etik 15era bitartean eta Lanbarri Kultur Elkarteak prestaketa-lanei ekin die dagoeneko. Hain zuzen, jaialdian parte hartu nahi dutenek euren laburmetraiak bidaltzeko aukera dute urriaren 1era arte. Parte Hartzeko Festhome plataforman eman behar da izena. Film laburrak jasotzeko epea zabalik egongo da urriaren 1era arte.

Abenduan izango da jaialdia eta azken egunean sari-banaketa egingo dute. Guztira 3.000 euro emango dituzte, Txantxarriak banatzeaz gain: laburmetrai onenak 1.000 euro, ikusleen sariak 600 euro, gazte sariak 600 euro, zuzendaritza onenak 500 euro eta antzezpen onenak 300 euro.

IAZ 31 FILM LEHIATU ZIREN SAIL OFIZIALEAN
200 film labur baino gehiago jaso zituzten, baina sail ofizialean 31 film labur lehiatu ziren. Sail ofizialaz gain, inaugurazio ekitaldian bestelako film laburrak proiektatu zituzten: Kimuak programak azken 20 urtetan zabaldu dituen film labur onenak, hain zuzen ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa horrek jaso zuen Ohorezko Txantxarria irekiera galan.

☉ Arrigorriaga

Delituek % 13,5 baino gehiago egin dute behera Arrigorriagan 2025ean

Kriminalitate tasa 32,28koa da eta gobernu taldetik ondorioztatu dute Arrigorriaga “herri segurua” dela

|

Arrigorriagako udaltzainen auto bat // Geuria

Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udaltzaingoaren datuen arabera, delituek % 13,53 egin dute behera iaz, 2025ean. Datuen arabera, Beherakada hau Bizkaiko lurraldean izandakoa (% 1,44) baino askoz handiagoa da, eta Arrigorriaga inguruko herri seguruenen artean kokatzen du, udal ordezkarien aburuz.

Kriminalitate tasari dagokionez (hots, delitu kopurua 1.000 biztanleko) 32,28koa da Arrigorriagan, Bizkaiko batezbestekoa % 48,3koa izanik. Horrek, gobernu taldearen arabera, Arrigorriaga “herri seguru” bezala berresten du.

Azken urteetako bilakaerari dagokionez, arau-hauste penalek behera egin dute poliziak helaraziko datuen arabera: 2022an 436 arau-hauste penal egon ziren (36,47 biztanleko milako tasa); 2023an 423 (35,39 biztanleko milako tasa); 2024an 436 (36,28 biztanleko milako tasa); eta 2025ean 377 (32,28 biztanleko milako tasa). Datu horiek Raul Lopez Arrigorriagako Udaltzainburuak datu horiek guztiak helarazi dizkie Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei egin berri diren batzordeetan.

Maite Ibarra: “Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”

“Datu objektiboek erakusten dute Arrigorriaga herri segurua dela”, ondorioztatu du Maite Ibarra herriko alkateak. “Ez bakarrik gure inguruko herriekin alderatuta, baita Bizkaiko batezbestekoarekin alderatuta ere. Segurtasuna herritarren pertzepzioen gainetik eraikitzen da, eta datu hauek lasaitasuna eman behar diote gure gizarteari”

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabalik da Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea

Helburua herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek

|

Gaztetxoak // Geuria

Martxoaren 18ra bitartean zabaldu dute Arrigorriagako ‘Oporretan ere, euskaraz’ udalekuetan izena emateko epea.

“Ekimen honen helburua 2015 eta 2020 urteen artean jaiotako herriko haurrek apirileko oporraldiaz euskaraz gozatzea da, aisialdi giroan, eskola-girotik kanpo hizkuntzaren erabilera indartuz”, azaldu dute udal ordezkariek.

Udalekuak apirilaren 7tik 10era antolatu dituzte 09:30etik 13:30ak bitartean. Izena emateko modu bi daude: udaletxeko HAZen (08:00-13:00ak bitartean) edo Abusu zein herriguneko kultur etxeetan (16:00etatik 20:00ak bitartean). Beste aukera bat telematikoki egitea da arrigorriaga.eus webgunearen bidez.

Bete beharreko baldintzak

Arrigorriagako Udaletik azaldu lez, parte hartu nahi duten haurrek Arrigorriagan erroldatuta egon behar dute, 2015 eta 2020 urteen artean jaioak izan (6 eta 11 urte bitartekoak) eta eskolan B edo D ereduetan ibili. “Gainera, begiraleekin eta taldekideekin moldatzeko ahozko euskara maila egokia izatea eskatzen da”, gehitu dute.

Onartuen zerrenda martxoaren 23an argitaratuko dute udal webgunean. Edukiera mugatua izango da. Beraz, epeak errespetatzea eskatu dute udalekuetako antolatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

M17ko grebak eragina izango du Arrigorriagako udal-zerbitzuetan

Gobernu-taldeak bat egin du greba orokorrarekin eta Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan gorabeherak egon daitezkeela deitoratu du

|

ELAko ordezkariak, Hego Uriben // Geuria

Arrigorriagako udal gobernu taldeak bat egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrarekin eta aldi berean iragarri du horrek eragina izango duela zenbait udal zerbitzuetan.

EH Bilduk, Arrigorriaga Garak eta NOAk osatutako Arrigorriagako udal-gobernuak bat egiten du eskakizun honekin, “justizia sozialean eta langileen eskubideen defentsan oinarritutako politika publikoen aldeko konpromisoa berretsiz”, eta, horregatik, greba egingo dute asteartean.

Grebaren eraginez gorabeherak egon daitezke Arreta Zerbitzuan (HAZ), kultur etxeetan, kiroldegian edo udal bulegoetan, aldaketa edo etenekin. “Barkatu greba-eskubidea erabiltzeak sor ditzakeen eragozpenak”, iragarri dute Arrigorriagako udal ordezkariek. ​

Gutxienezko soldata, ardatz

Datorren martxoaren 17an, greba orokorra ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute, gutxieneko soldata propioaren alde. Deialdiaren leloak (“Gutxieneko soldata hemen erabaki”) jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.

ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen eta egungo LGSak ez duela bere funtzioa betetzen adierazi zuen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla salatu dute udal ordezkariek

“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute

|

Arrigorriagako udaltzainen auto bat // Geuria

Arrigorriagako Udaletik jakinarazi dute ezezagun batzuek Udalaren izenean informazio konfidentziala eskatzen ari direla etxez etxe.

“Udalak ez du inolako kanpainarik abiatu datu horiek eskatzeko”, argitu dute udal ordezkariek eta datu pribaturik ez ematea ohartarazi dute.

“Horrelakorik gertatuz gero, deitu berehala Udaltzaingora”, gomendatu diete herritarrei. Horretarako telefono zenbaki bi ahalbidetu dituzte: 944 020 201 eta 651 705 970.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Jasokakoek Argentinara egindako bidaiaren inguruko ‘Harri, Egur eta Bihotz’ dokumentala emango dute Lonbon

Martxoaren 27an proiektatuko dute dokumentala Arrigorriagako Lonbo aretoan, 18:00etan

|

Jasokako kirolariak, Arrigorriagan // Geuria

Datorren martxoaren 27an ‘Harri, Egur eta Bihotz’ izeneko dokumentala emango dute Arrigorriagako Jasoka Herri Kirol Klubeko kirolariek Lonbo aretoan, 18:00etan.

Zinta horretan, Argentinako Tandil hirira egindako bidaia kontatuko dute Arrigorriagako elkartekoek: “Gure Tandileko Euskal Asteko bizipenak kontatuko ditugu lehen pertsonan: zelan bizi izan genuen, ezagutu genituen pertsonen testigantzak ezagutuko ditugu… denetarik!”, aurreratu dute Jasokatik.

“Bizitza osorako markatu gaituen bidaia baten kontakizuna da honako hau. Herri kirolak Argentinara eramatearen emozioa, Tandilgo Euskal Astean egindako erakustaldia, eta milaka kilometrora egon arren, euskal diasporarekin herri bereko kide sentitzearen indarra”.

Dokumentalaren helburua bidaia hura egiteko laguntza eman zuten pertsona, denda, taberna… jende guzti horri eskertzea dela azaldu dute Jasokatik. “Nahiko hunkigarria izango da”, aurreratu dute. “Gure ahotsarekin entzungo dalako euskal diasporak emandako harrera”.

Marta eta Nerea, Arrigorriagako udal kiroldegian // Geuria

GEURIAk iazko martxoan izan zuen Argentinara egin beharreko bidaia honen berri, Jasokako Marta Camacho eta Nerea Espinosa kirolarien eskutik. Izan ere, horren inguruko berbaldia izan genuen beraiekin.

Osorik irakurri