Uztailaren 17an ospatuko da pilota jaialdia. Buruz buruko txapeldun zaratamoztarrak Zubietarekin jokatuko du, herrikide duen Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra.
Madalenak 2015eko pilota jaialdi profesionalaren protagonista handia Mikel Urrutikoetxea izango da, buruz buruko txapeldun berria. Jaialdia uztailaren 17an ospatuko da, ostiralez, Arrigorriagako udal frontoian. Zaratamoko aurrelariak Zubieta izango du atzelari eta bere herrikide den Elezkano II.aren kontra lehiatuko da, Rezusta atzelariarekin batera.
Partida ofiziala izango da. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bost eta erdiko Txapelketaren barruan kokatuko da partida. Aurretik, 22:00etan Victor eta Iturriaga lehiatuko dira Agirre eta Apraizen aurka.
UMETXOEN PILOTA PARTIDUAK
Uztailaren 18an, larunbatez, aurre-umetxo eta umetxoentzako partidak antolatu dituzte osasun zentroko frontoian eta hilaren 19an, igandez, Arguia Pilota Eskolako kimu eta haur mailetako binakako finalak izango dira kiroldegian. Arratiako eskola mailako pilotaririk onenek ere leku berean jokatuko dute, baina uztailaren 22an. Horiez gain, uztailaren 25ean 22 urtez azpikoen mailako federatuen pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte.
