Sareak

☉ Arrigorriaga

“Zipi eta Zape eta kanikaren kluba” igandean Lonbo aretoan

|

Pelikula euskaraz proiektatuko da otsailaren 15ean, igandean, 12:30ean. Sarreraren prezioa 3 eurokoa da. Filmak 92 minutu irauten du.

“Zipi eta Zape eta kanikaren kluba” pelikulan Escobarrek sortutako komiki-pertsonaia bihurriak berriro hezteko zentro batera bidaltzen dituzte. Bertan, jolastea debekatuta dagoen espetxea dela konturatuko dira laster. Orduan, haurren erresistentzia-klub bat sortzen dute agintari helduei aurre egiteko. Haien adimenari, ausardiari eta adiskidetasunean duten fedeari esker, bi nerabeek eta klubeko gainerako kideek eskolan ezkutatzen den misterio sekretu bat aurkituko dute, eta horrek beren bizitzako abenturarik zirraragarrienera eramango ditu.

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran emango dituzte “Batera jauzi jendarte laborategia” dinamikaren emaitzak Arrigorriagan

75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan, eta helburua ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea da

|

Batera Jauzi dinamikaren kontraste taldeetako bat // Utzitakoa

Euskaltzaleen Topaguneak iaz abiarazi zuen lehen aldiz Batera jauzi jendarte laborategia dinamika, tokian tokiko euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzia emateko oinarriak ezartzeko asmoarekin.

Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak  Topagunearen III. Kongresuan aurkeztu zituzten, eta bertan azaldutakoaren arabera asmoa ekimena Euskal Herri osora zabaltzea zen.

Zentzu horretan, Arrigorriaga izan da Batera jauzi jendarte laborategiak  prozesua abiarazi duen lehen udalerria: “Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azarora bitartean luzatuko da”, orduko hartan udal ordezkariek azaldu zutenaren arabera.

Ordutik hona, 75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan. Dinamikaren helburua argi dute antolatzaileek:  “herrian ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea”.

“Guztira 5 kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko” diote.  Talde horietan udalerriaren aniztasuna islatu dute, eta herriko elkarte, eragile zein profil anitzeko herritarrek parte hartu dute. Ekarpenak “izugarri emankorrak” izan direla zehaztu dute.

Jasotako ekarpen horiek 13 herritarrek osatzen duten talde finko batek aztertu ditu. Behin uda pasata, bere azken fasean sartuko da Batera jauzi prozesua. Irailaren 11n eta 25ean egingo ditu elkarrizketa-talde eragileak azken lan saioak, dinamikak eman duena bildu, proposamenak zehaztu eta Arrigorriagan euskara biziberritzeko epe luzeko gidalerroak finkatzeko. Azaroaren amaieran emango dira ezagutzera hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario horren emaitzak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan adineko bati lapurreta egiteagatik atxilotu dute gizon bat Bilbon

Biktimak hainbat lesio izan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzaintza Arrigorriagako eta Bilboko Udaltzaingoarekin aritu da elkarlanean

|

Atxiloketa bat // Basauri

Ertzaintzak jakitera eman du 29 urteko gizon bat atxilotu duela,”edadeko gizon bati indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta”. Gertakariak joan den astelehenekoak dira: arratsaldeko 13:30ak aldera Arrigorriagako Udaltzaingoak Ertzaintzari jakitera eman zion “gizon edadetu bati lapurreta egin berri ziotela kalean oinez zihoanean”.

“Lepotik heldu eta lurrera bota zuen zangotraba eginda” gaineratu dute polizia iturriek, “eta, arrastaka eraman ondoren, urrezko domina zuen katea lapurtu zion bortxaz.  Ondoren, lapurrak ihes egin zuen”. 

Erasotua izan zen gizonak lepoan kolpeak eta belaun zein ukondoetan urradurak izan zituen, eta anbulantzian eraman zuten Basurtoko ospitalera.

Horren ondorioz, Ibaizabalgo Ertzain-etxetik ikerketa abiatu zuten, eta Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlean asteazkenean atxilotu zuten Bilbon.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Heidelberg Añorgako langileek Arrigorriagako lantokira eraman dute euren protesta

Arrigorriagako lantokiaren aurrean egin dute protesta, zuzendaritzari eskatzeko Enplegu Erregulazio Espedientea kendu dezan

|

Ekainaren erdialdean Heidelberg Materialsek Añorgako enpresa-batzordeari jakinarazi zion 56 langileri (plantilla erdia) eragingo zion Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurrera eraman behar zuela.

Enpresaren zuzendaritzak jakinarazi zuen lez, “deskarbonizazio” prozesu baitan kokatzen zuten neurria, eta horren ondorioz clinker-a produzitzeari utziko zioten.

Horrekin batera, zehaztu zuten langileak ez zirela kaleratuak izango, eta horietako hamabosti Arrigorriagako lantokian lan egitea proposatu zaie (beste hamabosti aurretiko erretiroa edo Europan barrena dituzten lantokietan aritzea, kasurako).

Greba mugagabean ekainaren 28tik

Erabaki horri erantzunez, Añorgako lantokiko langileek greba mugagabea hasi zuten joan den ekainaren 28an. ELA sindikatuaren arabera deskarbonizazio prozesua, beharrezkoa izanda ere, ezin da “langileen bizkar utzi”, eta lanpostu guztiak “bermatu” behar dira.

Dinamika horren baitan,  gaur erdian euren protesta Arrigorriagako lantokira ekarri dute. GEURIAk Esther Arruti Roteta ELAko Industria eta Eraikuntzako arduradunarekin hitz egin du, eta Arrutiren arabera “ez da bidezkoa ezta bideragarria familia bati egun batetik bestera esattea Arrigorriagara lanera etorri behar dela. Bi ordu dira egunero. Eta hori beste herrialde batzuetara joateko eskaintza jaso duten langileez ez hitz egitearren”.

Gaurkoa ez da Arrigorriagako lantokiaren atarian egingo duten azken elkarretaratzea, eta aurrera begira ere hainbat ekimen burutuko dituztela zehaztu du ELAko ordezkariak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Montefuerte futbol-zelaiko taberna kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu dute

Uztailaren 23arte egin ahal dituzte eskaintzak interesdunek, betiere modu elektrikoan, Kontratazioa Euskadi Plataforman

|

Montefuerte futbol zelaia // Geuria

Montefuerte futbol-zelaiko tabernak pandemiarekin batera itxi zituen bere ateak, eta ordutik hona, instalazioa eramaten duten taldeek antolatu dituzten ekintza jakin batzuetan salbu, ez da berriro zabaldu.

Orain, Arrigorriagako Udalak taberna ustiatzeko esleipena martxan jarri du, eta interesdunek uztailaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak, betiere modu elektronikoan, “Kontratazio Publikoa Euskadin” plataformaren bidez. Udaletik jakitera eman duten lez, “abuztuan zehar esleituko da kontratua, eta irailaren 1ean sartuko da indarrean”.

“Zerbitzuari dagokionez” zehaztu dute, “futboleko denboraldiak irauten duen bitartean eskainiko da, eta Udalak bere gain hartuko ditu uraren, elektrizitatearen, gasaren eta saneamenduaren hornidura. Interesdunek instalazioa ikusteko aukera izango dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan

|

Done Peri baseliza // Geuria

Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean. 

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.

Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.

“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.

Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.

Osorik irakurri