• Babestutako edukiak •

“Kultura kolonbiarraren zatitxo bat agertzeko esperientzia berria da Canta Colombia abesbatza”

Canta Colombia abesbatza sortu dute Basaurin. Kolonbiako kultura musikal aberatsa eta askotarikoa transmititu eta ikusarazi nahi dute Basauritik mundura

Publierreportajea — Geuria #078 alea
Irakurri osorik PDFan

Ostegun arratsaldero, jatorri desberdineko zortzi emakume eta bi gizon (Kolonbia, Venezuela, Kuba, Basauri) ahots bakar bihurtzen dira Canta Colombia abesbatzan. Colombia Euskadi Elkarteak (Axular kalean du egoitza) sortutako ekimena da, Kolonbiako kultura musikal aberatsa eta askotarikoa transmititu eta ikusarazteko, eta “Kolonbiako migratzaileaz dugun ikuspegi desitxuratua apurtzeko”. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Basauriko Udalak finantzatuta, jarduera maiatzean hasi zuten, eta udako etenaldiaren ondoren, parte-hartzaileek gogotsu heldu diote asteko hitzorduari.

Hala kontatzen du, adibidez, Doris kolonbiarrak; pozik sentitzen da bere herrialdearen, Kolonbiaren, irudi ona ikusarazten duelako, “ez baita soilik droga eta indarkeria”, dio. Natalia ere ekimeneko parte da, eta Kolonbiako kultura musikalari buruz ezjakintasun handia dagoela dio. “Bere kokapen geografikoak Amerika osoko soinuak erakartzea ekarri du”, dio Nataliak. Abesbatzak “energia onarekin eta gogotsu” egiten du aurrera, eta “terapia eta energia txute bat” suposatzen du partaideentzat, beraiek azaldu dutenez. Basauriko Musicology Eskolako Patricia eta Maider profesionalek gidatzen dute Canta Colombia abesbatza. Francy Fonseca koordinatzailearekin hitz egin dugu xehetasun guztiak eman diezazkigun.

Nola sortu zenuten Canta Colombia ekimena? Ekimen hau Colombia Euskadi Elkartean sortu da, herrialdetik datorren migrazioaren inguruan dagoen ikuspegi desitxuratua apurka-apurka aldatzeko asmoz. Kolonbia telesailetan edo berrietan agertzen dena baino askoz gehiago da. Izan ere, narkotrafikoan eta indarkerian jartzen dute beti arreta.

Eta zergatik erabaki zenuten koru formatuaren alde egitea? Bost urte daramatzagu Basaurin mota guztietako jarduerak antolatzen, batez ere, kulturartekotasuna sustatzeko, elkartzeko guneak sortzeko eta sentsibilizatzeko. Baina kasu honetan zerbait desberdina egin nahi genuen, ohikotik pixka bat atera, nolabait ere, hitzaldi eta tailerretako formatu tipikoa apurtu nahi genuen. Eta zenbait zirkunstantzia direla eta, ideia ‘ero’ eta ‘desberdin’ honekin hastea pentsatu genuen. Abesbatza bat, Kolonbiako kultura sustatzeko eta ikusarazteko tresna gisa. Inoiz abestu ez duten pertsonak edo munduko edozein tokitatik etorritako pertsonak lotzeko elementu gisa erabiltzen dugu musika. Hortik dator hasieran abesbatzari jarri genion izena: Canta-a Colombia; hitz-joko bat da, Kolonbiako jendea nahi genuelako taldean, baina baita Kolonbiari kantatu nahi dioten pertsonak ere.

Hain zuzen Basauriko, Kubako eta Venezuelako partaideak daude abesbatzan, kolonbiarrez gain. Abesbatzak izan duen erantzuna oso ona izan da, eta, egia esan, guretzat oso interesgarria da hain talde anitza sortzea, Kolonbiako jendea ez ezik beste herrialde batzuetako kideak ere bai baitaude. Elkarrekintza sozialerako, elkar ezagutzeko eta loturak sortzeko modu bat ere badelako. Orain elkar ikusten dugu herrian, elkar ezagutzen dugu, elkar agurtzen dugu. Horrek are esperientzia politagoa bihurtzen du.

Nola aukeratu duzue lantzen duzuen errepertorioa? Lehenik eta behin zerrenda luzea egin genuen, sare sozialen bidez gure komunitate birtualari gonbidapena eginez abestiak proposa zitzan. Gainera, gure kabuz ere bilatzen ditugu abestiak, Kolonbiako aniztasun kultural eta, kasu honetan, musikal handia ikusarazten saiatuz. Kontuan izan behar da Kolonbiak, bere kokapenagatik, inguruan dituela Karibe, Atlantikoa, Ozeano Barea eta Erdialdea, eta hori bere erritmoetan islatzen da. Orain sei abestiz osatutako errepertorioa dugu, eta erritmo musikalaz harago, mezu garrantzitsuak islatzen dituzte haien letretan. Adibidez, ez genioke Malumari kantatuko, oso letra matxistak dituelako, nahiz eta bere erritmoak gustuko izan.

Maider Legarreta galdakoztarra duzue kantu irakasle, Basauriko Musicology Eskolakoa. Bai. Musicology Eskolatik oso ondo ulertu zuten buruan geneukan ideia. Abesbatza garrantzitsua da, baina abesbatzarekin transmititu nahi duguna are garrantzitsuagoa da. Kontua ez da ondo abestea, partaideok ez baitugu kantu-ahotsik, eta gainera, denbora asko beharko genuke ahots oso bat horrelako zerbaitetarako prestatzeko. Eta abiapuntu horretatik Maider irakaslearekin bikain lan egiten dugu. Dibertitzea, deskonektatzea eta partekatzea da helburua. Eta, pentsa, denok batera kantatzen dugunean onak garela ere esan dezakegu!

Ba al dago zuen lana eszenatoki baten gainean ikusteko aukerarik? Horretan lanean ari gara. Oraindik goiz da, baina baliteke urtarrilean jendaurrean aritzea. Azken finean, egokia litzateke agertoki baten gainean gure lana ikusaraztea, modu dibertigarri eta atseginean mezu bat ere helarazteko. Nolabait esateko, aurkezpen dramatizatua izango litzateke. Izan ere, horregatik arduratu gara horrenbeste errepertorioaz. Musikak eragin biderkatzaile handia du eta zein abesti kantatu behar genuen erabakitzea ere oso emankorra izan da taldearentzat. Kalitatezko zuzeneko aurkezpenaz gain, sare sozialetarako bideo bat egin nahi dugu.

Ekimenak izan duen harrera ona ikusita, ekimen hori zuen jardueren barruan errepikatzea posible da? Oso litekeena da aurrerago beste pertsona batzuek ere proiektu honetan parte hartzea. Ziur nengoen esperientzia oso positiboa izango zela, baina, egia esan, nire itxaropen guztiak gainditzen ari da eta oso energia ona sortu da. Era berean, jendea Elkartera lehen aldiz hurbiltzeko modu bat izan da, baita lokal honetan dauden beste hiru elkarteengana hurbiltzeko ere, eta horrela, interesatzen zaizkien beste jarduera batzuk ezagutu eta horietan izena emateko aukera dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak