Sareak

Herriak

Bizkotxaldeko jolas-parke berria abuztuan zabalduko du Basauriko Udalak

|

Tirolina da parke berriko elementu berritzaileetako bat // Geuria

Urtebeteko lanen ostean, Bizkotxaldeko jolas-parke berria abuztuan zabalduko du Basauriko Udalak. Udal arduradunek zehaztu dutenez, obrak abuztuaren lehenengo hamabostaldian amaituko dituzte, eta orduan herritarrek erabiltzeko prest izango dute. Besteak beste, 512 metro karratuko gune estalia, estali gabeko 250 metro karratuko gunea, tirolina eta jolas inklusibo eta berritzaileak ditu parke berriak. “Gune bietako jolas-elementuei esker, 285 ume egon ahalko dira jolasten aldi berean”, adierazi zuen iaz Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Aire zabaleko kautxuzko eremuan oreka-jolasak eta gora igotzeko jolasak dira nagusi. Era berean, jolas lasaierako beste gune bat, saski birakari irisgarri bat, txirrista bat eta mugimendu-jolasak ditu. “Tirolina da elementu berritzaileetako bat”, diote udal ordezkariek: “Horrez gain, lurraren mailan etxetxo bat ere badago, gurpil-aulkietarako irisgarria, rol-jolasak sustatzeko. Eta horien osagarri, joko hezigarriko panel bat eta bi arbel daude, irisgarriak gurpil-aulkietarako. Horrela, eremu integratzaile bat sortu dugu, askotariko gaitasunak dituzten neska-mutilek elkarrekin egin dezaten jolas. Multzoa osatzeko, saski birakari irisgarri bat eta hiru interfono pare jarri dira”, diote.

“Gora igotzeko elementuaren ardatza hexagono-formako dorre bat da eta dorre horretatik oreka lantzeko igarobideak abiatzen dira, sokak, plataformak, zubiak, sareak eta hamaka bat. Hartara, adin guztietarako haurrentzat erronka izango den jolasa sortu dugu, eta, egur naturalez egindakoa denez, espazio naturalarekin mimetizatzen da. Sokazko elementuak eta sareak arin eta gardenak dira, eta ez dute haurrak ikustea eragozten, inolaz ere; beraz, entzuteko desgaitasunak dituzten haurren integraziorako lagungarri dira. Sokazko ibilbideak bide-erakusle ere izan daitezke ikusteko desgaitasunak dituzten haurrentzat”, diote.

// Argazkia: Geuria

Eremu estalia

Eremu estaliak jolas-aukera ugari ere baditu. Bertan, neurrira egindako bost elementu eta bi jolas-multzo banatzen dira. Lehen jolas-multzoa haur txikienentzat da, eta bertan, igotzeko, lau oinean ibiltzeko eta oreka lantzeko aukera izango dute, “ingurune seguru eta lasai batean”, diote. Hala nola, txirrista bat, altzairu herdoilgaitzezko tunel bat eta kautxuzko perretxiko-multzo bat ditu gune horrek. Bigarren jolas-multzoan, estalkiaren sabaiari lotutako hainbat soka jarriko dituzte, eta haurrek igotzeko, esertzeko eta arin kulunkatzeko aukera izango dute. “Izan ere, labirinto moduko bat da, rol jolasak sustatzen dituena, baita lasaitzeko eta sozializatzeko espazio bat ere”, diote.

// Argazkia: Geuria

Estalitako eremuaren barruan, bi elementu handi ere jarri dituzte: “Alde batetik, parke osoaren ikuspegia duen dorre altu bat, hiru txirrista dituena eta ibilbide kiribila duena. Eta bestetik, sareez osatutako elementu bat igotzeko, aulki gurpildun batetik pasatzeko plataforma bat duena, biratzen eta okertzen dena”, diote. Multzoa osatzeko, bi zabu daude eta tranpolin bat, gurpildun aulki batetik igotzeko aukera ematen duena.

Lanak iazko uztailean hasi zituen Consaudi Obra Civil enpresa bizkaitarrak. Hasiera batean sei hilabeteko lanak izango zirenak, azkenean urtebete behar izan dute lanak bukatzeko. Udalak 560.998 euroko inbertsioa egingo du lehen fase honetan. Bigarren fase batean jolas-parkeko beheko aldean esku-hartuko du Udalak.

Bizkotxalde parkean estalpeko azpiegitura bat jarri nahi du Udalak, “ekitaldi jendetsuak egiteko”

☉ Basauri

Langabezian dauden 73 herritar kontratatuko ditu Basauriko Udalak, iaz baino 10 gehiago

Bost gazte, 45 urtetik gorako 33 lagun eta oro har langabezian dauden beste 35 herritar kontratatuko ditu Basauriko Udalak datozen hilabeteetan

|

Besteak beste, 12 agente zibiko kontratatuko dituzte // Artxiboa. Geuria

Enplegu Planaren beste edizio bat jarri du martxan Basauriko Udalak. Aurten 73 langabe kontratatuko dituzte lanbide desberdinetarako, hiru lerrotan banatuta: gazteak, lehentasunezko arretako kolektiboak eta oro har langabezian dauden pertsonak.

Gazte Bermea izango da abian jarriko duten lehenengo programa, 18 eta 30 urte bitartekoei zuzenduta. Udalak bost lanpostu bilatuko ditu: kirol-dinamizatzaile bat, community manager bat, administrari laguntzaile bat, gizarte integratzaile bat eta diseinatzaile grafiko bat. Kontratuak hasiko dira azaroaren lehenengo hamabostaldian eta 8 eta 12 hilabete bitarteko iraupena izango dute, lanaldi osoan.

“Lanpostu horien deialdia datozen egunetan aktibatuko denez, Lanbideko datuak eguneratuta izatea gomendatzen dugu, bai esperientzia profesionalari dagokionez bai azkenaldian eskuratutako edozein titulu berriri dagokionez”, adierazi du Isabel Cadaval Enplegu arloko zinegotziak: “Antzeman dugu gazteek ez dutela izena ematen langabezian edo Lanbiden, eta hori egin dezaten animatzen ditugu”.

Asier Iragorri alkateak eta Isabel Cadaval Enplegu arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur Enplegu Plana // Geuria

Lehentasunezko arretako kolektiboari begira, 45 urtetik gorako langabeak eta zaurgarritasun egoeran edo baztertuak izateko arriskuan daudenak bilatuko ditu Udalak. Guztira 33 lanpostu beteko dira: administrazio elektronikoko 9 postu, 12 agente zibiko eta Patio Zabalik ekimenerako beste 12 postu. Aurreikuspenen arabera, kontratazio-prozesua abenduan hasiko dute, eta kontratazio-aldia sei hilabetekoa izango da, % 75eko lanaldiarekin.

“Programa honen bidez kontratatuak izango direnek 200 orduko formakuntza eta orientazioa jasoko dute Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeek kudeatuta. Kolektibo horri enplegu-aukera emateaz gain, pertson horien enplegagarritasuna hobetuko dugu”, dio Cadavalek.

Azkenik, oro har langabezian dauden pertsonentzako 35 lanpostu beteko ditu Udalak: adinekoen etxeetarako 6 dinamizatzaile, lehen mailako 2 igeltsero ofizial, lehen mailako margolari bat, kirol-dinamizatzaile bat, berdintasun-teknikari bat, albaitari-laguntzaile bat, biltegiko langile bat, informatikari bat, talde-buru bat, lehen mailako 5 igeltsero, lehen mailako gidari bat, 5 eraikuntza-peoi, lehen mailako 2 elektrikari, elektrikari laguntzaile bat, 3 eraikuntza-peoi, atezain bat, administrari laguntzaile bat eta Informazio Zientzietako lizentziatura duen edo Teknologien profesionala den pertsona bat.

Lehentasunezko arretako kolektiboari zein oro har langabezian daudenei zuzendutako kontratuak ez dituzte abendua baino lehen egingo: “Lehenengo gazteei zuzendutako lanpostuekin hasiko gara, eta ondoren ekingo diogu gainontzeko lanpostuak betetzeari eta kontratazioei. Kolektibo hauetako langabeek denbora gehiago izango dute euren Lanbideko profila eguneratzeko”, dio Cadavalek.

Nola eman izena?

Enplegu Planeko kontratazioak Lanbide bidez egiten ditu Basauriko Udalak. Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak, eta erakunde horrek bilaketa bat egingo du izena emanda dituen langabeen artean, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.

Aurre-hautatuen zerrenda hori erabiliko du Basauriko Udalak behin betiko hautaketa egiteko. Azken hautaketarako, udal teknikariek eta giza baliabideetako kideek ebaluatuko dituzte hautagaiak, proiektu bakoitzeko, ordezkari politikoen parte hartzerik gabe.

“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da datuak eguneratuta edukitzea Lanbiden, behar bezala sailkatuta egotea, eta zer lanbide eskatzen diren ondo zehaztea, bat etor daitezen izena emanda dauden lanbideak pertsona bakoitzari interesatzen zaizkionekin”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

% 12,9ko langabezia-tasa

Gaur egun % 12,9ko langabezia-tasa du Basaurik: “Abuztuko datuak dira horiek. Pixkanaka ari gara tasa hori murrizten. Datuak datu, 2008an % 11,8ko zen langabezia-tasa eta 2009an % 14,7koa. Bizkaiko tasaren bataz bestekoaren azpitik dago Basauri, eta hori Enplegu Planari esker da”, dio Iragorrik: “Helburu nagusia da langabezian dauden pertsona kopurua murriztea eta horretan ari gara”.

Enplegu Planak iraungitze data du urtero, hau da, kontratuak epe tarte baterako baino ez dira, gutxienez sei hilabetekoak edo gehienez urtebetekoak. Hala ere, udal ordezkariek adierazi dute jarraipena egiten dutela epea behin bukatuta: “Kontratuak bukatzen dituztenean Udaletik jarraipen bat egiten dugu. Denak Lanbiden alata emanda jarraitzen dute, edo beste batzuk Behargintzara bideratzen ditugu”, dio Cadavalek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Usansolo herri gisa inskribatu ez izanaren aurka helegitea jarri du Galdakaoko Udalak

|

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Iñaki Urgoiti eta Agustin Aizpuru UHko kideekin // Geuria

Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen ekainean Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Bada, Galdakaoko Udalak helegitea aurkeztu du administrazioarekiko auzi-prozesu bidez, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du.

“Herriak eratzeari buruzko araudia Foruek zehazten dute eta Foru Arauak ezartzen dituen pausoak zehatz jarraitu dira Usansolo udalerri bihurtzeko azken urteotan egin den prozesu osoan. Bestetik, ariketa demokratiko soila da herritarrei hitza eman eta hitz hori errespetatzea, eta usansolotarrek argi adierazi dute udalerri gisa eratu nahi dutela”, adierazi dute udal ordezkariek, eta, “usansolotarren nahia bete dadin eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa behin betiko eratu dadin lortzeko lanean jarraituko” dutela jakinarazi dute.

Usansolo herri gisa eratzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan. Erabaki hori oinarri hartuta Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin zuen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, prozesuari amaiera behin betiko emateko eta Usansolo udalerri gisa eratzeko. Baina erregistroak ezetz erantzun zion eskaerari. Orain, Galdakaoko Udalak aurkeztutako helegiteari erantzuna eman behar diote.

Aldundiarekin koordinatuta

Ekainean bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian jakinarazi zuen Foru Aldundiak ere helegitea jarriko ziola Lurralde Politikako Ministerioaren erabakiari. Eta hala egin dute: Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea ere aurkeztu du.

“Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Usansoloko Kudeaketa Batzordearekin batzartu gara uztailean, guztien interesen alde estrategiak koordinatuta aritzeko. Elkarlan horrek fruituak emango dituelakoan dago Udala”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Arcelor Mittal lantegian enplegu-erregulazio espediente berria ezarri nahi dute, “eskaeren beherakadagatik”

|

Etxebarriko ArcelorMittal lantegia // Wikipedia

ArcelorMittaleko zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriak ezarri nahi ditu Etxebarriko lantegian, baita Lesakan (Nafarroa), Gijonen eta Avilesen (Asturias) eta Sangunton (Valentzia).

Siderurgiak argudiatu duen arrazoia izan da instalazio batzuetan eskaerak gutxitu direla. Sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritzak bilerak deituko ditu plan soziala baloratzeko. Hala ere, zuzendaritzaren asmoa da lan-erregulazio espedientea irailaren amaierara arte luzatzea.

Apiriletik

Aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea apirilean adostu zuen ArcelorMittalek, eta orain espediente berria ezartzea aztertzen ari da zuzendaritza. Neurriak Asturias, Sagunto, Etxebarri eta Lesakako lantegiei eragiten die, guztira 7.000 langileri.

Langile batzordea 13 ordezkarik osatzen dute (UGTko 6, CCOOko 4, ELAko 2 eta LSBko 1). Zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriaren justifikazio-memoria eta txosten teknikoa entregatu die: “Txosten horretan, produkzio-arrazoiengatiko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea justifikatzen duten arrazoiak eta datu teknikoak jasotzen dira”, diote.

Orain sindikatuetako ordezkariek dagokion azterketa egingo dute, baina hasteko, ekoizpen guztien produkzio-galeraren ehunekoa eskatu diote zuzendaritzari.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

«BTT txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak daude eskualdean»

Eguzkia ala euria egin, Etxebarriko Basahuntzek bizikletetara igo eta pedalei eragiten diete mendi aldera. Beraiekin elkartu gara herrian, elkartea gertutik ezagutzeko

|

Basahuntzak taldeko kideak, Juan Ignaciorekin // Geuria

Ahuntzek mendira egiten duten bezala, gaur txirrindula irteera dute Etxebarriko Basahuntzak Txirridularitzako Taldekoek. Herriko termometroek 35 gradu adierazten dute pantailetan, baina berdin-berdin joango dira asteko “paseotxoa” egitera. Basahuntzak dira. Horietako bat Juan Ignacio Mateos Solis da (Etxebarri, 1965), elkarteko idazkaria. Berarekin berba egin dugu, hilabete honetan bertan Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa eta Bizikleta Eguna antolatu dutelako Etxebarrin.

Basahuntzak taldeko kide batzuk // Geuria

Datorren irailaren 23an Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa ospatuko da. Zer prestatu duzue jardunaldi horretarako? Eskola egutegiaren barruan eskolek antolatzen dugun Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren bidez Aldundiaren Eskola Kirolaren barruan kokatzen den proba da Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa. Haurren kategorian 2009/2010, 2011/2012 eta 2013/2014 ikasturteetan jaiotako MTB diziplinako proba da eta 200-250 parte-hartzaile inguru aurreikusi ditugu.

Nahiz eta aurten ez antolatu, zer helburu dago proba honen atzean? Txikien ongizatean gure harri-koskorra jartzea, kirolera eta, bereziki, txirrindularitzara lotu daitezen, edozein modalitatetan. Badakigu zer kostatzen den horrelako proba bat antolatzea baimen, laguntza eta boluntarioei dagokienez. Gure ‘txikiak’ beste proba batzuetara joaten direnean, atzean dagoen lan guztiaz jabetu daitezke, haiek lasterketa egin eta beren kirolaz goza dezaten. Hala ere, datorren urtean egitea da gure asmoa eta ziurrenik lortuko dugu!

Irailaren 24an Bizikleta Eguna antolatuko duzue eta ibilbide bat prestatu duzue Etxebarrin barrena. Lan eta konpromiso handiko asteburua da, gurasoen, begiraleen eta klubeko bazkideen aldetik. Ez dizkiogu familia-denborari bi asteburu kendu nahi eta, horregatik, iaz asteburu berean antolatzea erabaki genuen. Bizikletaren Eguna Europa osoan mugikortasuna sustatzeko ekintzen barruan dago, eta Etxebarriko kaleetan barrena ibilbide bat prestatu dugu bizikleta bat duen jende guztiarentzat.

Nortzuk osatzen duzue Basahuntzak? 70 bazkide inguru gara, gehienak Etxebarriko bizilagunak, baina Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Bilboko bazkideak ere baditugu. Bazkideak 18 urtetik hasi eta erretiratuetarainokoak dira. Beti saiatzen gara elkarrekin irteerak egiten, mailen arteko aldea gorabehera, eta ez dugu inoiz inor bakarrik uzten. Pena ematen digu emakume gehiago ez izateak. Gaur egun hiru emakume baino ez ditugu, eta beraiei zuzendutako ikastaro batzuk egiteko lanean ari gara, gero eta gehiago izan daitezen gure mendi eta errepideetan ibiltzera animatzen direnak.

Kideen artean kirolari bat nabarmentzen da, Espainiako txapelduna txirrindularitza egokituan. Eneko Arrieta Ibarretxe galdakoztarra da bera, eta 12 urte bete ditu joan den abuztuaren 27an. Oso harro gaude gure artean izateaz. Basahuntzak Eskolaren hasieratik dabil gure artean, eta beti izan da bat gehiago taldean. Bizikletan ibiltzea besterik ez zaio gustatzen, eta beti izan du Basahuntzak Eskola osatzen dugun guztion babesa eta animoa. Iaz, Espainiako Federazioak antolatutako txirrindularitza egokituko selekzio baterako izena eman zuen, eta Cuencako kontzentrazio baterako hautatu zuten. Han, ezgaitasun desberdinak zituzten txirrindulariekin egon zen, eta Cofidis Kids txirrindularitza paralinpikoko programarako deitzea erabaki zuten, olinpiadetarako etorkizuneko balio gisa.
Aurten Begoña Luis Espainiako hautatzaileak deitu du ekainaren amaieran antolatu zituzten Espainiako Eskolarteko Txirrindularitza Jokoetarako. 12 kilometroko erlojupekoan parte hartu zuen, eskolarteko jokoak inauguratuz. Egun batzuk lehenago Cartagenako CARean kontzentratu zen. Ez du esperientzia hori ahaztuko, ezta guk ere.

Beharrezkoa al da eskarmentu handiko pertsona izatea zuekin kirola egiteko? Ezta gutxiago ere! Maila guztietako jendea gaude bertan, eta beti saiatzen gara mundu guztiak goza dezan.

Nola eta noiz jaio zen txirrindulari taldea? Kluba 2008an sortu zen Etxebarriko lagun talde baten baitan. Taldean eta, batez ere, MTBn ibili nahi zuten.

Eta zuk zenbat denbora daramazu taldean, Juan Ignacio? 2011tik nago bertan. Urte horretara arte alde batera utzita neukan txirrindularitza, beste kirol batzuengatik. Ordutik, egiten dudan txirrindularitza motarekin eboluzionatu dut. MTBtik errepidera igaro naiz nagusiki, eta orain mendiko txirrindularitzari ekin diot berriro. Batez ere, gozatu eta fisikoki ondo egotea da nahi dudana.

Zeri zor zaio Basahuntzak izena? Garai hartan ni oraindik ez nintzen klubeko kide, baina pentsatu nahi dut ahuntzak beti mendira doazen bezala, hortik datorrela Basahuntzak izena ere. Urte batzuetan klub bezala funtzionatu ondoren, Basahuntzak Eskola 2017ko urtarrilean sortu zen, bazkideen seme-alabek kirol hau egiteko aukera izan zezaten. Bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu osasuna hobetzeko, kirola egiteko eta egunero erabiltzeko, hala nola, mandatuak egiteko eta baita lanera joateko ere.

Juan Ignacio, Basahuntzakeko kideekin // Geuria

Nolako ekitaldiak antolatzen dituzue talde gisa? Nagusiki, Bizikleta Eguna eta Eskola Topaketa, eta ondoren, ostegun arratsaldero MTBn eta larunbat eta igande goizetan antolatutako irteerak, errepideko eta mendiko irteerak, bazkideei eta bazkide ez direnei irekiak.

Hego Uriben egiten dituzue irteerak edo eguneko edo asteburuko irteerak ere antolatzen dituzue? Mendian, Ganguren mendira, Pagasarrira, Mandoiara irteerak egiten ditugu eta, noizbait, pixka bat gehiago urruntzen gara gure mendiez gozatzeko. Errepidean ibilbide luzeak egiten dira, eta batzuetan Araba, Gipuzkoa, Kantabria eta Burgosekin muga egiten duten probintzietara iristen gara. Hainbat ibilalditan parte hartzen dugu, BTTko zein errepideko talde gisa.
Asteburu bat antolatzen dugu Eskolako gurasoekin, anai-arrebekin eta haurrekin irailaren amaieran. Espinosa de los Monteros aterpetxera joaten gara, eta asteburua familian pasatzen dugu, denok elkar pixka bat gehiago ezagutuz eta maila guztietarako egokiak diren ibilbideak eginez.

Zuen jarduerez gain, eskualdeko beste klub edo elkarte batzuekin ere harremanetan zaudete, hala nola, Igor Anton buru duen Galdakao Gelarekin. Zer proiektu dituzue esku artean? Harreman ona dugu Bizkaiko eskolekin eta Galdakao Gelarekin, haurrak hazten ari dira eta gure bi eskolak utzi behar dituzte. Horrek pena ematen digu eta jarraipena eman nahi diegu nolabait. Gure artean hitz eginez eta Igor Antonen ibilbidea ezagutuz, bilera bat izan zuen Galdakaoko Gelarekin Xabier Fernandez Basahuntzakeko presidenteak, eta berehala ados jarri ginen zerbait egin behar genuela.
Gure eskualdea eta osatzen duten herriak barne hartzea nahi dugu. Enpresa eta erakundeen babesa bilatzen ari gara, pixkanaka aurten hasteko.
Asmoa prestatzaile batekin entrenamenduak programatzea da, beti ere presiorik gabe eta bizikletaz gozatzea eta parte hartzea bilatuz. Halaber, haurrek egunen batean kadeteekin entrenatu ahal izatea nahi dugu, bi kategorien arteko ezberdintasunaz jabetu daitezen eta, gainera, elkar ezagutzen joan daitezen.

Parte hartzen al duzue eskualdeko klub edo talde gehiagok parte hartzen duten beste ekitaldiren batean? Etxebarriko Udaletik jakinarazten dizkiguten eta gure kirolarekin zerikusia duten proposamen guztiekin elkarlanean aritzen gara, ahal dugun heinean.

Basahuntzakeko txirrindulariak, Etxebarrin // Geuria

Etxebarrik, Hego Uribe eskualdeko herria izanda, zer eskenatoki eskaintzen die kirol hau egiten duten txirrindulariei? Mendi txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak ditugu Hego Uriben. Mendiko eta haren pistetako segurtasuna ona da, kontuz eta lehiatu gabe joaten garen guztietan, gozatzera atera behar gara, eta jakin behar dugu mendiaz oinez gozatzen duen jendearekin partekatu behar dugula espazio hori. Bizikidetza, gizalegea eta espazioak partekatzen jakitea da kontua.
Errepidean, Euskadin txirrindulari asko daudela eta motordun ibilgailuen gidariak gu errepideetatik ikustera ohituta daudela kontuan hartuta, nahiko segurua da, oro har. Beti izaten dugu gizalegearen kontrako jendea ibilgailu motordunetan, segurtasun-distantzia gordetzen ez dutenak eta DGTren araudi berria ezagutzen ez dutenak, bai eta arauak betetzen ez dituzten txirrindulariak ere.

Urte gutxi barru, ondo bidean, bidegorri bat sortuko dute Arratiako trenbide zaharretik barrena, Hego Uribe eta Bilbo lotzeko. Etxebarri zeharkatzen duen bizikletentzako pista lotzea ere pentsatzen ari dira. Zer ekarriko die horrek txirrindulariei? Espero dugu aurrerapen handia ekarriko digula udalerri batetik bestera bizikletan ibiltzeari dagokionez, baita segurtasun handiagoa ere zirkulatzeko eta istripuak saihesteko orduan. Gure eskualdeko udalerrietara eta inguruko beste batzuetara hurbiltzea erosketak egitera, haurrekin paseatzera, lanera, eta abar, autoak gutxiago erabiltzea ekarriko du eguneroko zereginetarako, eta kutsadura eta aurrezpen txikiagoa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Touré detektibearen telesaila 2024an estreinatuko dute ETBn eta TVEn

|

Detective Toure telesaileko aktoreak, tartean Itziar Ituño basauriarra // RTVE

Jon Arretxe idazle basauriarrak sortutako Touré detektibeari buruzko telesaila laster ikusi ahal izango dugu pantaila txikian. Hain zuzen ere, aste honetan bukatu dituzte grabazioak eta aurreratu dute telesaila 2024an estreinatuko dutela EITBn eta RTVEn.

Hiru hilabete baino gehiagoko grabaketak izan dira eta irailean bukatu dute filmazioa. Grabazioa Bilboko zenbait txokotan izan da, hala nola, Arriaga antzokian, Salbeko zubian eta San Frantzisko auzoan, Arretxeren sagako lekurik ezagunetan. Era berean, Getxoko Muxikebarri Zentroan ere eszena batzuk filmatu dituzte.

Malcolm Treviño-Sitté izango da Mahamoud Touré, eta telesailean ikusiko ditugun gainerako aktoreak dira: Itziar Ituño basauriarra, Unax Ugalde, Loreto Mauleón, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Emilio Buale, Goize Blanco, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.

RTVEren, Detective Touré AIEren, Tornasol Mediaren, DeAPlanetaren eta EITBren arteko koproduzioa da telesaila, eta Europa Creativa Media programaren laguntza du.

Sei kapitulu

Telesailak sei kapitulu izango ditu eta Esteban Crespok eta Violeta Salamak zuzendu dituzte. Arretxek berak 2023ko apirilean GEURIAri adierazi bezala, “kapitulu bakoitza liburu batean oinarrituta dago”.

Guztira Touréri buruzko bederatzi nobela argitaratu ditu Arretxek: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021) eta ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022). Hala ere, lehenengo sei liburuetan dago oinarrituta telesaila.

Intriga, umorea eta “pertsonaia maitagarriak” uztartzen ditu telesailak, eta David Perez Sañudok (‘Ane’) —2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya saria irabazi zuen— eta Carlos Vila Sextak (‘Los misterios de Laura’) sortu dute, gidoian Flora González Villanuevaren laguntzarekin.

Ikus-entzunezkoak bi aholkulari izan ditu, pertsonaia afrikarrak telesailean irudikatzeari begira: Lucía Mbomio (kazetaria, Espacio Afro-ko kidea eta 2020an Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkartea komunikazio-sariaren irabazlea) eta Mamadou Ngom (‘Munduko Medikuak’ elkarteko kulturarteko bitartekaria eta Bilboko Mugimendu Panafrikanistaren koordinatzailea). Arretxe ere telesailaren grabaketetan izan da.

Arretxeren lehena

‘Detective Touré’ Jon Arretxek pantaila txikirako egindako lan baten lehen egokitzapena da. Arretxek 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du literatura munduan eta Espainiako eleberri beltzaren egile handienetako bat da. Bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratuak, bestseller bihurtu dira Hego Euskal Herrian.

Telesailak momentuz sei kapitulu izango ditu. Denboraldi gehiago ikusteko aukera izango dugu hurrengo urteetan? Lehen denboraldi honen emaitzak argituko du zalantza.

Osorik irakurri