→Basauri

17.015 euro bildu ditu Basauriko merkatu solidarioak

Basauriko Emakumeek antolatzen dute urtero, Gabonetan, merkatu solidarioa. Aurtengoa bosgarren edizioa izan da eta guztira 17.015 euro jaso dituzte. Orotara, 16.300 euro emango dizkiogu Mugarik Gabeko Medikuak elkarteari. Izan ere, lokalaren errenta ordaindu behar dugu”, dio Mariasun Bernaola udalerriko Emakumeen Batzordeko kideak.

Merkatu solidarioan denetarik saldu dutela adierazi du Bernaolak: umeentzako kotxeak eta sehaskak, arropak, liburuak, “baita urpeko igeriketa egiteko ekipo oso bat ere 200 euroren truke. Guztira, 10.000 artikulu saldu ditugu eta beste hainbeste saldu barik geratu dira. Azken horiek irabazi asmorik gabeko elkarteetan banatuko ditugu, horien artean Munduaz Blai Elkartean”. Iaz 18.500 euro biltzea lortu zuten, baina “lokala herri erdigunean genuekan”.

Merkatuaz gain, zozketak burutu dituzte Basauriko merkatari batzuen laguntzarekin: La Concepcion gozotegiak tarta bat eman digu eta Armiñe Jatetxeak bi menu zozketatzeko aukera. “Zozketan parte hartzeko nahikoa zen euro bat ordaintzea eta emaitza El Niño loteriaren zenbakien arabera izan da”, dio Bernaolak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak