→Basauri

1902ko Euskal Ezkontza antzeztuko dute Basaurin

300 lagunek parte hartuko dute hilaren 24an antzeztuko den Ygnacio Arteta eta Hermenegilda Ibarreche euskaldunen ezkontzan

1902ko otsailaren 8an Ygnacio Arteta Kareaga eta Hermenegilda Ybarreche Basoa ezkondu ziren Basaurin. 2.000 biztanle baino gutxiago bizi ziren herri euskaldun hartan. Herria festa giroan, ikurriñak kaleetan, eta bertan bildu ziren herriko pertsonaia nagusiak: abadea, alkatea, esne saltzailea, argazkilaria, dantzariak, notarioa, besteak beste.

Apirilaren 24an, igandez, Basaurik 1902an zuen itxura hartuko du Ygnacio eta Hermenegilda ezkongaien Euskal Ezkontzaren antzezpenarekin. Udaleko Euskara Sailak antolatuta, Txemi Mera koordinatzailearekin eta hainbat elkarteen laguntzarekin, herria jaigiroan murgilduko dute. Hiru ardatz nagusi izango ditu egunak: ezkontza, bazkaria eta erromeria. 11:30ean Arizgoitin elkartuko dira ezkongaien bi familiak; 12:30ak aldera Solobarrian izango da ezkontza eta 18:00etan erromeria.

Orain dela sei hilabete hasi ginen lanean. Orduan lau katu ginen, baina jende asko batu zaigu. 24an 300 lagunek parte hartuko dute”, dio Txemi Mera koordinatzaileak: “Egun osoko jarduera izango da Euskal Ezkontza eta hiru narratzaile izango ditugu kalean: bik euskeraz eta batek gazteleraz kontatuko dute zer den gertatzen ari dena”. Ignacio eta Hermenegildaren ondorengoak ere bertan izango dira: Javi Landeta, Josu Arteta eta Juan Domingo Ibarretxe, besteak beste. Hamaika dira antzeztuko diren pertsonaiak, baina aipatzekoak dira Karmetxu Urrutikoetxea eta Maria Uribiarte esne saltzaileak.

Orain dela hogeita hamar bat urte antzeztu zuen lehen Euskal Ezkontza Basaurin Hauspoak koadrilak, Herriko Taldeaken laguntzaz. Lan handia izan arren, hiruzpalau urtez behin ezkontza antolatzeko asmoa du Merak. Honako elkarteek parte hartu dute Euskal Ezkontzan: Balendin Enbeita Bertso Eskola; Agintzari, Basauritar eta Edurre Dantza Taldeak, Euskarabila, Basauriko Koral Elkartea, Euskal Herriko Dantza Agerketa, Basauriko txokoak (Ariz, Bidebieta, Ibaigane, San Fausto eta Soloarte), Herriko Taldeak, Basauriko Udal Musika Eskola, Sustraiak Kultur Elkartea, Danbolin Txistulari Elkartea, baita ezkongaien familiarrak ere.

BANAN-BANAN PARTE HARTZAILEAK

Nahia Otegi – Hermenegilda Ybarreche

Asier Basterretxea – Iganacio Arteta

Maite Correa – Modista

Joseba Ibarra – Notarioa

Mari Paz Garcia – Seme-alaba zaintzailea

Jon Arriaga – Indianoa

Isabel Uribiarte – Elizako testigoa

Josu Zorriketa – Abadea

Rafa Ibargüen – Alkatea

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak