1996. urtean Basaurin euskara sustatzeko elkartea sortu zuten hainbat herritarrek. Hain zuzen ere, Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkartea eratu zen urte hartan.
“1995ean elkarteko izena aukeratzeaz gain, logotipo erakargarria izatea zen gure helburuetariko bat eta horretarako lehiaketa antolatzea erabaki genuen”, diote Euskarabilatik.
Jaso zituzten hogei bat lanen artean Cristina Fernandezen irudia gailendu zen eta aurten Euskarabila Elkartearen 20. urteurrena ospatzeko, ilustratzaile nafarrak diseinu berria egin die oraingoan ere. “1995ean fakultatetik atera berria nintzen eta poz itzela eman zidan lehiaketan aurkeztu ziren 20 lanen artean nire logoa aukeratua izateak. Oraingoan ere ospatu nahi dugu eta orduan egindako irudia pixka bat egokitu dut, kutsu alaia eta jostagarria emanez”, dio Fernandezek.
Parte hartzea sustatzen
20 urte hauetan hainbat jarduera antolatu ditu Euskarabila Elkarteak kulturaren munduan, “baita haur eta gazteen alorrean ere”, diote. Hala nola, ipuin erotikoen lehiaketa (1996-), begirale ikastaroak (1997-), idazleekin solasaldiak (2000-2007), sukaldaritza ikastaroak (2001tik), antzerki topaketak (2007-), familia euskaldunentzako irteerak, kultur eskaintzak eta bestelako ikastaroak.
Hala ere, jarduerarik esanguratsuena Basaurin Be Bagara egitasmoa izan da. Basauriko Udalaren laguntzarekin 2012an jarri zuten martxan euskaraz bizitzeko jaia eta urtetik urtera ekintza berriak antolatzen dituzte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: 2012an 12 orduz euskaraz egiteko maratoia antolatu zuten, 2013an kalejira koloretsuak, 2014an lipbuba eta iaz lehen urteko 12 orduko jaiaren antzekoa prestatu zuten.
