☉ Basauri
’20.000 erle espezie’ filma Oscar sarietara joateko hautagaia da

Espainiako Zinema Akademiak Oscar sarietarako lehen hautaketa egin du, atzerriko film onenaren sailerako. Irailaren 7an eman dute hiru finalisten berri: ‘20.000 especies de abejas’ (Esti Urresola), ‘Cerrar los ojos’ (Victor Erice) eta ‘La sociedad de la nieve’ (J.A. Bayona) dira hautagaiak.
Irailaren 20an jakinaraziko dute hiru pelikula horietatik zein aurkeztuko duen Espainiako Akademiak. Hori erabakitzeko bigarren bozketa bat egingo dute akademikoek datozen asteotan. Eta aurrerago ikusiko da Hollywoodeko Akademiak izendatuen zerrendan sartzen ote duen azkenean, 2024ko Oscar sarietara begira.
Oscar sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 10ean (martxoaren 11ko goizaldean, Euskal Herrian) izango da Los Angelesen.
Basauritar bat Hollywooden?
‘20.000 especies de abejas’ filma Berlinalen aurkeztu zuen Estibaliz Urresola laudioar zinemagileak, eta Sofia Otero gazte basauriarrak aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen. Gainera, Malagako zinema jaialdian, film onenaren eta bigarren mailako emakumezko aktore onenaren (Patrica Lopez Arnaiz) sariak bereganatu zituen.
Duela zortzi urte, 2015ean, ‘20.000 especies de abejas’ filmaren egoera berean zegoen ‘Loreak’. Film horretan ere beste basauriar ezagun bat agertzen da: Itziar Ituño. Orduan ez zuen aukerarik izan 2016ko Oscarretan lehiatzeko.
Oraingoan, Hollywoodeko alfonbra gorrian ikusiko ote ditugu Sofia Otero basauriarra, Esti Urresola, Patrica Lopez Arnaiz, Itziar Lazkano edota Ane Gabarain? Itxaron beharko dugu erantzuna jakin arte.
Europara begira
Beste alde batetik, Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutako lehen film luzea, ‘20.000 especies de abejas’, 2024ko Europako Publikoaren Zinemako LUX Sarirako izendatu dituzten bost tituluetako bat da. Sari hori Europako Parlamentuak bultzatzen du, Europako balioen unibertsaltasuna zein kulturaren aniztasuna edo Europar Batasunaren eraikuntza-prozesuari buruzko lanak goraipatzeko.
Sariak filmaren azpitituluak Europar Batasuneko 23 hizkuntza ofizialetan finantzatzea barne hartzen du, eta jatorrizko hizkuntza pertsona gorrei eta entzuteko zailtasunak dituztenei egokituko zaie. Zinta irabazlea Europako Parlamentuan 2024ko martxoan egingo den zeremonia batean iragarriko dute.
Izendapen hori Europako Zinemaren Akademiaren sarietarako iragarrita dagoenari gehitu behar zaio. Bertan, Urresolaren zintak beste 18 titulurekin lehiatzen du, erakunde horren iritziz, “europar zinemagileen bikaintasuna ordezkatzen baitute, Europako aniztasuna, aniztasuna eta sormena balioesten baitituzte”.
Eta Donostiako Zinemaldian
Aipatutakoez gain, ‘20.000 especies de abejas’ Donostiako Zinemaldian proiektatuko dute. Hain zuzen ere, filmak hasiera emango dio Zinemira euskal zinemari berariaz eskainitako sailari. Hala eta guztiz ere, lehiaketatik kanpo proiektatuko dute filma, Donostian eman aurretik dagoeneko estreinatu delako.
☉ Basauri
Leganesen lehen taldearen ardura hartuko du Igor Oca basauriarrak, behin-behinean
Bigarren Mailako taldearen gidaritza hartu du Ocak, orain arte filialean aritu ondoren. Bihar egingo du debuta, Cordobaren aurka

Igor Oca Pulido basauriarrak C.D. Leganeseko lehen taldea zuzentzeko ardura hartu du, behin-behinean, klubak Paco Lopez kaleratu ostean.
Orain arte bigarren taldeko entrenatzailea zen Oca, baina igande honetan lehen taldeak Cordobaren aurka jokatuko duen partida berak zuzenduko du, eta ez da baztertzen, emaitzak eta jokoa alde izanez gero, denboraldia berak osatzea.
Oca 2025/2026 denboraldirako iritsi zen Leganesen egiturara, Sestao River Clubetik etorrita.
Historia eta Arkeologia baloirengatik aldatu zituen Basauriarra
44 urteko Ocak ibilbide luzea du aulkian. Euskal Herrian, Sestao River Cluben eta Deportivo Alavés-en aritu da, besteak beste. Profil ezohikoa da berea futbolaren munduan, Historian lizentziatua eta Arkeologian espezializatua baita.
Bere ibilbidearen zati handiena Hego Amerikan garatu du: Ekuadorren (Universidad Catolica, Independiente Juniors eta Independiente del Valle), Txilen (Huachipato) eta Mexikon (Atletico San Luis) lan egin du.
Ibilbide horren berri eman zion Ocak GEURIAri Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra izeneko erreportajean, eta bertan Espainiako Ligako bigarren mailan lan egiteko aukeraz hitz egiten zuen:“Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.
Behin-behineko ardura bada ere, Leganesen lehen taldearen gidaritza hartzea urrats garrantzitsua da Oca-rentzat, bere gaitasuna LaLiga Hypermotionen erakusteko aukera baita.
☉ Basauri
Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin
Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!
Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!






