→Basauri

[Bideoa] 36 zaldi-azienda konfiskatu dituzte Basaurin, irregulartasun batzuk ikusi ondoren

basauri animaliak 2016 irregulartasuna bizkaiko foru aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak 37 animalia konfiskatu ditu Basauriko finka batean, animaliek “malnutrizio-sintomak” eta “identifikaziorik ez” zutela ikusi ondoren

Bizkaiko Foru Aldundiak, Basauriko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren laguntzaz, 36 zaldi-azienda (15 zaldi, 10 asto eta 11 poney) eta txerri bat konfiskatu ditu udalerriko finka batean, animaliek “malnutrizio-sintomak” zituztela eta “identifikaziorik ez” zutela edo beste pertsona baten izenean zeudela ikusi ondoren. Era berean, Aldundiak jakinarazi du irregulartasunak zeudela animaliak zeuden ustiategietan -hala nola, finka ez zegoela alta emanda Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan-.

Ekintza hau burutu izan dute Aldunditik aurretik salaketa jaso zutelako. Salaketa jaso ondoren, Foru Aldundiko albaitari bat finkara bertaratu eta animalien egoera txarraz jabetu zen. Horrez gain, egiaztatu zuen instalazioetan higiene, osasun eta ongizatearen arloan gabezia handiak zeudela, eta beste animalia batzuen gorpuen hezurrak aurkitu zituen.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia

Finkaren jabea espedientatua

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak zehapen-espedientea ireki dio animaliak zeuden finkaren jabeari, larritzat jotako lau arau-hauste egiteagatik: ustiategi batean jarduera bat egitea administrazio-baimenik gabe, animalien gorpuak abandonatzea, animaliak derrigorrezko identifikaziorik gabe edukitzea, animaliak babesteko arauak ez betetzea, eta ikuskatzaileek eta administrazioen kontrol-jardueretan eragozpen eta trabak jarri eta ez laguntzea.

Finkaren jabea aurretik ere 14 aldiz espedientatua eta zehatua izan da, hainbat arrazoiengatik. 2009. urtean, 60.001 euroko isuna jarri, ustiategia ixtera behartu eta 5 urtez abeltzaintzan ez aritzeko desgaikuntza ezarri zitzaion.

Bizkaiko Foru Aldundia jarraipen bat egiten ari da identifikatutako 9 animalien jatorria eta jabea aurkitzeko, eta animaliak babesteko elkarteekin harremanetan jarri da, identifikatu gabeko animaliak hartu nahi dituzten pertsonak topatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak