→Basauri

5.700 euro bideratu ditu Basauriko Udalak Lesvos Solidarity GKEra

errefuxiatuak_grezia

Leire Palacios kazetaria astebete izan da Grezian lanean. Bertatik bertara bizi izan du errefuxiatuen egoera eta nola lagun dezakegun azaldu digu.

Iazko irailean errefuxiatuak hartzeko egitasmoak martxan jarri zituzten Hego Uribeko udalerriek. Hutsik dauden etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren Alokabide programaren bidez zerrendatuz edota zuzeneko laguntzak eskainiz. Esaterako, 5.700 € eman dizkio Basauriko Udalak Lesvos Solidarity Gobernuz Kanpo Erakundeari. Horrez gain, EH Bilduk proposatuta, Europar Batasunaren bandera erdira jaitsi du Udalak, alderdi guztien babesarekin, popularren abstentzioa alde batera utzita. Azkenik, bi udal-etxebizitza errefuxiatuak hartzeko bideratuko dituela dio Udalak.

unnamed (4)

Leire Palacios basauriarra izan da bertan lanean :: Unax Blanco

Horiek horrela, Leire Palacios (Bilbo, 1986) kazetari basauriarra Greziako Mytilene eta Chios uharteetan izan da lanean, Hodei Arrausi kazetariarekin eta Unax Blanco eta Asier Garcia ekoizleekin batera. Bertatik bertara bizi izan dute errefuxiatuen egunerokoa. “Bertara heldu eta egoera ikusi nuenean sentitu nuen pena eta samina izugarria izan da. Izugarria” dio Palaciosek. Testuinguruan jarri gaitu: “Turkiaren eta Europar Batasunaren arteko akordioaren ostean, errefuxiatuen eremuak atxilotze zentro bilakatu dira. Hortaz, errefuxiatuak atxilotuta daude. Siriarrek asiloa eskatu dezakete, baina errefuxiatu guztien erdia besterik ez dira; gainontzekoak afganiarrak, irakiarrak, iraniarrak, pakistandarrak, marokoarrak, besteak beste”.

Kontzientziak piztu

Errefuxiatuen uholdeari erantzun ezinik dabiltza boluntarioak. 80 bat Gobernuz Kanpoko Erakunde daude izena emanda hemen. Euskaldun eta katalan asko ikusi ditugu lanean”, dio Palaciosek: “Nire ustez, laguntza handia litzateke gu guztiok ulertzea gertatzen ari dena: heriotzetik salbatzeko ihesean dauden pertsonak dira. Gerra batean hil aurretik, duten guztia saldu eta 1.000 € ordaintzen dituzte herrialde batetik bestera pasatzeko. Gu haiek izan gintezkeela pentsatu behar dugu. Ez gaude horren urruti”. Palaciosen iritziz, “Hirugarren Mundu Gerra ez da inoiz ofizialki deituko, baina bizitzen ari garen egoerak ez du etenik. Kapitalismoaren gainbehera da hau. Argi geratu da Europar Batasunean ez dagoela berdintasunik eta Giza Eskubideen kontra ari dela, milaka ume, emakume eta gizon euren herrietara bidaliz gerran hil daitezen. Izugarria da gertatzen ari dena, eta zentzu gordinenean ulertzea dagokigu, berandu baino lehen”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak