☉ Basauri
58 enpresa berri bultzatu ditu Basauriko eta Etxebarriko Behargintzak 2014an

Enpresa berri horiei esker guztira 103 lanpostu sortu dira 2014. urtean eta 102 kontratu egin dituzte Behargintzaren enplegu zerbitzuaren bidez.
2014an zehar Behargintzaren Enplegu Sailak guztira 315 laguni egin ziren harrera (%56,19 gizonak eta %43,81 emakumeak) eta 298 enplegagarritasun diagnostiko burutu zituen. Era berean, Basauriko eta Etxebarriko Behargintzak 58 enpresaren sorreran eragina izan du eta horiei esker, guztira 103 lanpostu sortzea eta 102 kontratazio egitea ahalbidetu du.
Orientazio-neurriei dagokienez, 202 lagunek parte hartu dute Behargintzak antolatutako 19 talde-ekintzetan. Gainera, 45 herritarrek Behargintzatik kudeatzen duten Lan Heziketako hiru ekintzetan parte hartu dute eta Heziketa Espezifikorako 175 ikasle bildu ditu hamaika ekintzetan. Laneratze zerbitzuaren 102 kontratazioetatik, %55,67 emakumeak izan dira eta %44,33, gizonak. Adinari dagokionez, hamar lagunetik bost (%50,52) 35 eta 44 urte bitartekoak izan dira, %2,06 25 urtetik beherakoak, %17,53 25 eta 34 urte artekoak eta %29,9 45 urtetik gorakoak.
Enpresen Sorkuntza eta Finkapen Arloak aholkularitza espezifikoa eskaini die 328 laguni negozio-plana prestatzeko eta horietatik, 79 pertsonek jarduera enpresariala martxan jarri dute, 58 enpresa berri sortuz. Horiek horrela, gauzatu diren 103 lanpostu berrietatik 79 langile-bazkideak dira (48 gizon eta 31 emakume) eta 24 kontratatupeko langileak dira.
LANTALDE MURRIZTUAK
Hamar enpresa berritatik zortzik pertsona bateko edo biko lantaldea osatzen duten bitartean, gainontzekoek hiru langile edo gehiago dute.
Enpresaren jardueraren arabera, hamazazpi enpresak txikizkako merkataritzaren alorrean dihardute, beste hainbestek beste enpresei eta pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkiete, ostalaritzan zazpi enpresa sartu dira eta soilki pertsonei harrera egiten dieten sei negozio jaio dira. Era berean, handizkako merkataritzako bost, eraikuntzarako bi, garraiorako beste bi, beste enpresa batzuei bere zerbitzuak esklusiboki zuzentzen dizkien enpresa bat eta amaitzeko, turismorako enpresa bat sortu dira.
Ekintza enpresarialean jarduteko, negozioen jabeek forma juridikoa hautatu behar dute: berrogei enpresa (%68,97) banakako enpresarien esku daude, hamaika enpresa (%18,9a) Jabetza eta Gizarte Zibil arloan daude, lau negozio (%6,9) Erantzukizun Mugatuko Sozietate dira eta hiru negozio (%5,17a) Kooperatiba Txikiak dira.
2004TIK 1.029 LANPOSTU BERRI
2004. urtetik gaur egunera arte Behargintzak 648 enpresa sortzeko prozesuan esku hartu du eta bitartean 1.029 lanpostu berri sustatu ditu.
Enpresen finkapenerako eta lehiakortasuna hobetzeko aholkularitza zerbitzuaren bitartez, 2014. urtean berrogeita hamaika negoziok informazioa jaso zuten hasierako diru-laguntzei buruz, egoera-diagnostikoaren inguruko hamabost elkarrizketa burutu zituzten, zazpi enpresek aholkularitza ekonomiko-finantzarioan parte hartu dute eta hamar negoziok aholkularitza komertzialean.
Era berean, enpresen arteko sarea egiten jarraitu du Behargintzak lehiakortasuna hobetzeko, baita jardunaldi espazioak sustatzeko eta +Industria proiektuari jarraikortasuna emateko ere. 2014 urte osoan zehar hogeita lau enpresek parte hartu dute sare horretan: %45 zerbitzuen sektoreko negozioak dira, %18 industriakoak, %14 eraikuntzako sektorekoak, %14 merkataritza alorrekoak eta %9 garraioaren sektorekoak.
Enpresaren barne-kudeaketari eta arlo komertzialari buruzko tekniken ikastaroak ere landu dituzte aurreko urtean eta ekintzaileen sustapena gauzatzeko hainbat programa publikotan parte hartu du Behargintzak. Hala nola, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako Nerbioi-Ibaizabal eskualdea Suspertzeko Planean eta Lanbideren “Ekintzaileei laguntzeko enpresa-jarduerak sendotzeko laguntzak” programan.
☉ Basauri
Pediatra lanaldi osoan egotea eskatu dute San Migelen ehundik gora herritarrek

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak “murrizketa larriak” egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek.
Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu zuen. Auzotarrek askotan adierazi dutenez, ordura arte lanaldi osoan zegoen pediatra San Migeleko anbulatorioan, baina erretiroa hartu ondoren, beste pediatrarik kontratatu ez izana salatu dute.
Azken hilabeteetan Kareagako anbulatoriora lekualdatu behar izan dute sanmigeldarrek euren haurrekin. Kareagan bi pediatra zeuden lanaldi osoan, baina San Migeleko medikua jubilatu eta gero Kareagako pediatretako batek bere lanaldia erdibitu behar du bi osasun zentroen artean: 08:00etatik 10:30era Kareagan eta 11:00etatik 15:00etara San Migelen.
Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaritzak adierazi du egoera “konponduta” dagoela: “Berrantolaketa horretarako beharrezkoak diren administrazio-izapideak burutzeko denbora behar izan da, baina aurreikusitakoaren arabera, abenduaren 1ean bertan profesional berri bat hasiko da lanean bi zentroetako jarduera pediatrikoa estaltzeko. Arreta egunero emango da, bai Basauri-Kareagako Osasun Zentroan, bai San Migelgo Kontsultategian, eta kupo pediatrikoen dimentsiora doituko da proportzionalki”.
San Migeleko auzotarrek lanaldi osoko pediatra eskatzen dute, eta gaur, abenduak 5, protesta egin dute anbulatorio aurrean: “Pediatra lanaldi osoan nahi dugu San Migeleko anbulatorioan”.
Sinadura bilketa
Bestetik, Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” ere azaldu dute askotan: “Neurri honek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar, zalantzarik gabe”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Basaurik 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, aurten baino 3 milioi gehiago
Zumalakarregi kalea berrurbanizatzea eta Bizkotxalde parkearen birmoldaketaren lehen fasea izango dira esku-hartzerik handienak

Basauriko Udalak 62,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2024an, aurten baino % 6,1 gehiago (3,5 milioi euro gehiago). Besteak beste, igoera horren arrazoietako bat da Udalkutxatik jasoko duena Udalak; zehazki, 32,9 milioi euro, aurten baino 2 milioi gehigo (% 7,9 gehiago).
“Igoera horrek eta baliabide publikoak eraginkorki administratzeak aukera ematen digute udalerriaren eta basauritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen hobekuntzan inbertitzen jarraitzeko”, dio Berta Montes Ogasun zinegotziak.
Aurrekontuaren zenbatekoa jakinda, udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) aurrekontu proposamena aurkeztu du. Horren arabera, Gizarte Politika eta Zerbitzuetara 8,8 milioi euro bideratuko dituzte, “azken hamahiru urteetako kopururik handiena”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak. Datuak datu, 2022an 7,9 milioi euro bideratu zituzten, eta aurten 8,4 milioi.
Ildo horretan, udal gobernu taldeko ordezkarientzat ardatz estrategikoak izango dira pertsonen ongizatea eta babesa eta ekonomia-jardueraren sustapena.
“Goranzko bidean jarraitu du ere udalerriko biztanleria-talde handienetarikoa diren adinekoen atalaren aurrekontuak (guztira, 3,6 milioi euro; aurten baino 300.000 euro gehiago), bi helbururekin: alde batetik, zahartze aktibo baterako baliabideak bermatzea; bestetik, behar dituzten zaintza eta prestazioak ziurtatzea”, dio Iragorrik.

Berta Montes Ogasun zinegotzia eta Asier Iragorri alkatea // Basauriko Udala
Halaber, handitu egingo dituzte ekonomia-sustapena eta merkataritza bezalako arloen diru-partidak: “Gora egingo du beste behin Basauri Bonua egitasmoaren aurrekontuak. Hain zuzen ere, 2024an 300.000 euro bideratuiko ditugu, aurten baino 100.000 euro gehiago”, dio Iragorrik.
Oposizioko taldeek abenduaren 14ra arte dute epea aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkezteko. Asmoa da 2024ko aurrekontua abenduako osoko bilkuran onartzea.
Hiru inbertsio nagusi
2024ko aurrekontuko inbertsioen artean daude Zumalakarregi kalearen berrurbanizazio integrala (1,6 milioi euro), Bizkotxalde parkearen birmoldaketaren lehen fasea (244.263 euro) eta Karmelo Torreko igogailu-proiektuaren idazketa (100.000 euro).
Basauriko alkateak adierazi du aurrekontu “ilusionagarri” bat dela, martxan jarriko dituen “inbertsio eta proiektu berriengatik”, eta “bermatu egingo ditu herritarren premiei erantzuten jarraitzeko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko behar ditugun baliabideak”.
Bestetik, hiri-berrikuntzako eta auzoetako irisgarritasuna hobetzeko prozesuarekin jarraituko dutela adierazi dute udal ordezkariek: “Azken urteotan udalerriko hainbat tokitan esku hartu da, hala nola, San Fauston, Bidebietan eta Pozokoetxen, hirigintza berritzeko planaren esparruan”, dio Iragorrik.
Era berean, aisialdirako guneak handitzen eta hobetzen jarraituko dutela adierazi dute udal arduradunek: “Bizkotxalde parkea bezalako proiektuez gain, datozen hilabeteetan Basozelaiko haur-parkearen eta gimnastika-aparatuen eremuaren estaldurari ere helduko diogu”, dio Iragorrik.
Kirola bultzatzeari: 100.000 euro
2024an Kirolaren Europako Hiri izango da Basauri, eta udal arduradunek 100.000 euroko diru-partida gordeko dute, “kirola bultzatuko duten jarduera, proba eta ekitaldiak antolatzeko”. Kirolaren hiri izateak “bultzada” emango diola ekonomia-jarduerari ere esan du Iragorrik, “bisitariak erakarriko baititu gure udalerrira”.
Basauriko Udalak % 27,6 handituko du Erakunde Autonomoen aurrekontua (Kultur Etxeak, Kirolaren Udal Erakundea, Euskaltegia eta Etxe Maitia egoitza). Berta Montesek azaldu duenez, erakunde horien diru-sarrerek beherantz jarraitzen dute pixkanaka, “eskaintzen diren zerbitzuak mantentzeko nahikoak ez diren arrazoizko tarifak ezartzen ditugulako eta gure nahia delako herritar guztiek zerbitzu horiek erabiltzeko aukera bera izatea, hala nola deskontuak aplikatuta diru-sarrera apalagoak dituzten pertsonentzat”.
☉ Basauri
Bideoak / Patio inklusiboa eta lorategia lotu dituzte Uribarri Institutuko ikasleek, ekologia ardatz

Denontzako patioa ekimenaren barruan (DePat ezina jarri diote), lorategi tailerra izan dute gaur goizean Basauriko Uribarri Institutuko ikasleek eta gurasoek.
Tailerra Mentxu Amunategik eman du: hosto-aldaxkak eta adar-aldaxkak zelan moztu eta landatu behar diren irakatsi die ikasleei eta gurasoei, eta ondoren, jolastokian dauden jardineretan landatu dituzte.
Proiektuaren inguruan berba egin dugu Izaro eta Leire ikasleekin. Institutuko Femix talde feministako kidea eta Agenda 2030 egitasmoko eko-ordezkaria dira, hurrenez hurren, eta goizeko saioan parte hartu dute.
Ekimena Uribarri Institutuko zuzendaritzak, irakaslegoak eta guraso elkarteak jarri dute martxan, eta Sagarrak talde ekologistaren eta Basauriko Udalaren laguntza izan dute.
☉ Basauri
Udal webgune berria estreinatu du Basaurik, “errazagoa eta intuitiboagoa”
Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituztela adierazi dute udal ordezkariek

Webgune berria martxan jarri du Basauriko Udalak, “eskuragarriagoa, errazagoa eta intuitiboagoa”. Diseinuaz gain, egitura eta edukia aldatu dituzte.
“Barne-arloetan oinarritutako egitura batetik, informazioa antolatzeko beste era batera igaro gara. Helburua da herritarrek errazago eta modu intuitiboago batean sartzea Udalak eskaintzen dituen zerbitzu, baliabide, tramite, azpiegitura eta abarretara”, dio Asier Iragorri alkateak.
Orain arteko udal webgunea “duela 14 urte” jarri zen martxan, eta gobernu taldeak “beharrezkotzat” jo du berritzea: “Lehengo plataformak ez zituen jasotzen gaur egun ezinbestekoak diren funtzionalitate batzuk, hala nola, bilaketak”, dio Iragorrik: “Web berriak duen beste abantailetako bat da bere bilatzaile indartsua, modu nabarmenean sinplifikatzen duena edozein informazio aurkitzeko modua”.
“Diseinuaren ikuspegitik kendu egin dira gehiegizkoak ziren informazio eta bannerrak, saturazio bisuala saihesteko, eta apustu egin da edukiak zehatz eta argi antolatzearen alde. Gainera, erraz irakurtzeko moduko letra-mota aukeratu da”, dio Iragorrik.
Bost atal
Basauriko Udaleko webgune berriaren nabigazio-menuak bost atal ditu: Basauri, Udala, Herritarrak, Gardentasuna eta Egoitza Elektronikoa.
Era berean, Berriak, Gaiak, Oharrak eta Agenda atalak gehitu ditu Udalak homean: “Oraintxe bertan, Gaiak atalean zergei, ordainketei, enpleguari eta etxebizitzari buruzko informazioa dago, baina aldian behin aztertuko dugu zein den herritarrek gehien bilatzen duten informazioa, webaren orrialde nagusira eramateko”, adierazi du Jon Zugazagoitia Teknologia Berrien arloko zinegotziak.
Herritarren argazkiak
Webgune berriak argazki nagusi bat du hasieran. “Baina ez da estatikoa izango”, zehaztu du Zugazagoitiak: “Izan ere, herritarrek Basaurin ateratako argazkiak bidali ahal izango dituzte, hala nola, herriaren panoramika bat, txokorik gustukoena, koloretan, zuri-beltzean…”.
Argazkiak onartuak izateko, ez dute pertsona identifikagirririk izan behar, eta gutxi gorabehera 2400 x 600 pixelekoa izan behar da, gutxienez 96 ppp-ko bereizmenean. Interesdunek webgune berriaren bitartez bidali ahal izango dituzte euren argazkiak.
“Hilean behin Social Antzokirako bi sarrera zozketatuko ditugu argitaratuak izateko onartu diren argazki guztien artean”, dio Zugazagoitiak.
Basauriko Udalak 99.900 euro inbertitu ditu udal webgunea berritzeko.
☉ Basauri
Argazkiak / A30 grebako manifestazioa euripean egin dute ehunka herritarrek Basaurin

Azaroak 30. Greba feminista orokor eguna da. Basaurin goizean goiz piketeak eta kotxe karabana egin dute, eta eguerdian zaintza eskubide kolektiboaren alde manifestazioa egin dute ehunka lagunek. Euripean izan bada ere, aterki uholdea izan da Basauriko deialdian.