☉ Basauri
600 ikaslek parte hartu dute Bidebieta Irratiaren Ahozkotasun ikastaroetan
Aurten, eskualdeko hainbat ikastetxek hartu dute parte Bidebieta Irratiak antolatutako umeentzako irrati eta telebista ikastaroetan: Basauriko Kareaga Goikoak, Basozelai-Gazteluk, Basauri Kooperatibak, Etxegaraik, Arizko ikastolak, Bizkotxaldek, Sofia Taramonak, San Jose ikastetxeak, Urbi institutuak eta Uribarri institutuak, Galdakaoko Urreta ikastetxeak eta Etxebarriko Kukullaga ikastolak. Guztira, 600 ikaslek egin dute ikastaroa (Lehen Hezkuntzako 425 ikasle eta Bigarren Hezkuntzako 125 ikasle) eta horietako zenbaitek Bidebieta Irratiko estudioetan irratsaioa grabatu dute.
Helburu nagusia euskarazko ahozkotasuna lantzea eta ikasgelaz kanpo euskararen erabilera bultzatzea da, baita txikitatik hizkuntza gaitasunak sustatzea ere, hala nola, komunikatzeko ahalmena, lan taldean aritzeko trebetasuna eta bat -batekotasuna.
2008. urtean hasi zituen ahozkotasuna lantzeko ikastaroak Bidebieta Irratiak. Dagoeneko zortzigarren ikasturtean ari dira lanean eta aurki bukatuko dituzte ikastaroak. Ondoren, irratian (92.9 FM) eta interneten (bidebietairratia.com) bideoan ikusgai izango dira ikasleek grabaturiko irratsaioak.
☉ Basauri
Jon Sangroniz: «Film bat pantaila handi batean eta soinu bikainarekin ikustea gauza magikoa da»
Jon Sangroniz Lopez basauriarra argazki-zuznedaria da eta hainbat filmetan eta telesailetan lan egin du. Azken produkzioa ‘El hoyo 2’ filma. Bere lanaz, bere ibilbideaz eta proiektu bakoitzetik ikasi duenaz berba egin dugu berarekin
Zinemaren munduan, argazki-zuzendaritza funtsezkoa da pantailan istorioei bizia emateko. Jon Sangroniz Lopez (Basauri, 1984) basauriarra argazki-zuzendaria da eta izen handiko proiektuetan utzi du bere arrastoa. Hala nola, ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘Oreina’, ‘Altsasu’, ‘El vasco’ eta ‘El hoyo 2’ lanetan. Bere ikuspegi sortzaileaz, filmazioan zehar aurre egin beharreko erronkez eta argiaren eta kolorearen garrantziaz aritu gara Jonekin.
Noiz hasi zinen zinearen munduan, Jon? Bada 2005ean izan zen: nire lehenengo pelikulan hartu nuen parte. Hortaz, 20 urte beteko dira! Udan izan zen, Andoaingo Escivi zine eta bideo eskolan ikasketak egiten ari nintzela. Argazkilaritza finkoarekiko nuen pasioagatik sartu nintzen eskola hartan. Menók eta Yolandak, eskolako irakasleak, mundu berri bat erakutsi zidaten istorioak kontatzeko argazkigintzari dagokionez, hau da, zinemari dagokionez. Hemen hasi zitzaidan kamerarekin, argiarekin eta kamera-mugimenduekin istorioak sortzeko grina, argiztapenak ikasi eta praktikatzeko, enkoadratzeko eta, horrela, ikusleari emozioak sortzen saiatzeko, nire ikuspegitik edo nik sentitzen nuenaren bidez.
Ba al dago zure karrera definitu zuen une erabakigarririk? Irakasleen irizpidearen arabera, promozio horretako ikaslerik onena izan nintzen, eta, horrela, praktikak ‘Produkzioko bekadun’ bezala egiten hasi nintzen pelikula batean. Hau da, aktoreak leku batetik bestera eramaten, karpak muntatzen, kateringak egiten, seta garbitzen, erosketak egiten eta beste hainbat gauza egiten. Egunean 12 ordu baino gehiago lan egiten nuen, eta ia musu truk. Hori ‘Back Woods’ filmean izan zen, Gary Oldman aktore nagusia zen eta Koldo Serraren zuzendaritzapean.
Argazki zuzendaria izan arte, ikasketen ondoren beste pauso batzuk emango zenituen. Bai. Escivitik irten eta Master bat egin nuen argazki-zuzendaritzan, Bartzelonan zegoen herrialdeko zinema-eskolarik onenetako batean, Escac-en. Eta ondoren, Donostira joan nintzen produkzio-lanak egitera: hasieran kamara-laguntzailea (garai hartan negatiboan filmatzen genuen eta laguntzailearen lana oso zaila zen), gero fokista eta azkenik, argazki-zuzendaria. Lehen 10 edo 12 urteetan, film laburretan, bideoklipetan eta aurrekontu txikiko gauzetan egin nuen lan.
Eta gero lan handiagoak egiterako urratsa eman zenuen. Bai. ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘Oreina’ eta beste lan askotan ibili naiz, bai Euskal Herrian zein Madrilen. Madrilen telesailak egiten aritu nintzen, eta gero Basaurira itzuli nintzen, seme-alabekin egotera eta, bitartean, gero eta publizitate handiagoak egiten hasi nintzen. Orduan, nazioarteko ordezkari batek kontratatu eta herrialde askotan filmatzeko aukera izan nuen. Adibidez, Shanghain Ikearen iragarki bat egin nuen! Garai hartan asko ikasi nuen. Eta, ondoren etorri ziren ‘Altsasu’ telesaila, eta ‘El vasco’ eta ‘El hoyo 2’ filmak.
Zein argazki-zuzendarik izan dute eragina zure estiloan? Ez naiz zinemazale ero horietako bat, nire lankide asko izan daitezkeen bezala (kar, kar, kar). Filmei argazkiak ateratzea gustatzen zait. Gidoi baten narratibatik abiatuta, kontatzeko modu bat sortzea, eta gero aztertzea nola iritsi nire buruan eta nire sentimenduen arabera nahi dudan emaitza horretara.
Besteak beste, Harris Savides, Darius Konhgi, Roger Deakins, Bruno Delbonel, Hoyte van Hoytema, Javier Agirre, Bradford Young, Greig Frasier, Esteban Ramos, Txarli Argiñano eta Gorka Gomez Andreu izan dira nire inspirazioa proiektuak sortzeko orduan, eta asko ikasi dut euren lanaz.
Zehazki, zer ikasi duzu argazki-zuzendari horiengandik? Filmaren iruditeria aldatzeko gai naiz, proiektu bakoitzerako egokia iruditzen zaidan moduan. Nire lanak ikusten badituzu, oso estilo desberdinak daude. Gidoiaren narratibarekin datorkidana, nolabait, eta zuzendariarekin hitz egin ondoren, pelikularen irudian islatzen dut, mila elkarrizketen, erreferentzia piktorikoen, pelikulen edo animo-egoeren bidez. Orain bai, Thriller-ak eta argi ilunetan lan egitea asko gustatzen zait. Rembrandt, Caravaggio edota Vermeer bera ere asko gustatzen zaizkit, eta proiektu bakoitzerako kontraste, kolore, saturazio, feeling eta abarren erreferentziak aurkitu ohi ditut pinturan. Eta kolore-paletak sortu, hautapen optikoak, kamera-mugimenduak, argia…
Zer nabarmenduko zenuke lan egin duzun proiektu bakoitzetik? Proiektu bakoitzean, eta 100 baino gehiagotan egin dut lan, ikasi dudan guztia nabarmenduko nuke, baita esperimentatu ahal izan dudan guztia ere, batez ere publizitatean.
Eta proiektu horietako bakoitzean aurkitu dituzun erronkei buruz galdetuko banizu. Zinema edo ikus-entzunezko edozein produktu erronka handia da niretzat. Aurreprodukzioan denbora asko ematen da, baita gidoi bakoitza aztertzen eta xehatzen ere. Ni sormenaren alderdiarekin hasten naiz beti, eta gero, nire taldearekin batera (ezagutzen dudan onena da!) emaitza horietara iristeko modua garatzen dugu.
Hitz egin dezagun zure azken lanaz: ‘El hoyo 2’. Nolakoa izan zen sekuela batean lan egiteko esperientzia? Argazkiari dagokionez, ezberdina izan ahal zen lana lehen zatiarekin alderatuta? Bi filmak jarraian ikusten dituztenek jakingo dute. Ez dut spoilerrik egin nahi! (Kar, kar, kar). Nire lagun eta argazki-zuzendari Jon D. Dominguezekin asko hitz egin nuen. Bera izan zen argazki zuzendaria lehenengo filmean. Gafferrak, Edu Monek, lehen filmean ere lan egin zuen, beraz, nahiko ondo lan egin nuen zentzu horretan. Hala ere, argi aparatu asko eraiki eta asmatu behar izan genituen, dimmers-ak, DMX, baita 15 zentimetro eskaseko atzerakromak ere. Argazkiari dagokionez, Galder Gaztelu-Urrutia ‘El hoyo’ eta ‘El hoyo 2’ pelikuletako zuzendari eta lagunak (gidoilaria eta produktorea ere izan da bi filmeetan) koloreen bereizketa handiagoa nahi zuen pertsonaien artean, baina ez zuen alde handirik ere nahi. Proba asko egin nituen irudi sendo eta uherra izan zedin, baina indar gehiago eman eta gaur egungo film baten “look”-era eraman nuen. Testura ere funtsezkoa zen, hainbat optikarekin, argiarekin, kamerekin, kearekin eta kamera-iragazkiekin probatu nuen, egokiena iruditu zitzaigunera iritsi arte.
‘El hoyo’ eta ‘El hoyo 2’ filmetan Hego Uribeko herritar batzuek ere parte hartu dutela badakigu. Bai. Adibidez, ‘El hoyo 2’ filmean Roke nire txikitako laguna sartu nuen lanean. Arrigorriagan bizi da eta produkzio-lanetan aritu zen.
Zer prozesu duzu pelikula bat filmatzen hasi aurretik prestatzeko? Lehen azaldu dudan bezala, gidoi bat iristen zaidanean, lehen irakurketa bat egiten saiatzen naiz, hasieran nola lan egin beharko dudan pentsatu gabe. Ondoren, bigarren irakurketa batean, sekuentzia bakoitzaren erritmoari begiratzen diot, look desberdinei, flashbackik badagoen, kamera geldoak, formatu-aldaketak, setak edo kokapenak edo zein garaitan kokatzen den ikusteko. Horren ondoren, planoz plano “story board” edo komiki moduko bat egiten da. Story board horren bitartez talde osoak daki plano bakoitza eta haren beharrak nola eta noiz filmatzen diren.
Zer ekipo eta teknologia erabiltzen duzu zure proiektuetan? Badira 10 urte baino gehiago Arri izeneko kamerak erabiltzen ditudala fidagarritasunagatik, kolorea eta testura atzitzeagatik, latitudeagatik edo koloreak bereizteagatik. Hollywooden, eta baita hortik kanpo, produkzio arruntetan eta superprodukzioetan filmatzen ari diren kamerak dira. ‘El hoyo 2’ filma lehen Arri 35 kamerekin filmatu genuen. Merkaturatu berriak ziren, eta proba luzeak egin behar izan genituen arren, emaitzak sinestezinak izan dira. Ondoren, lenteen gaia dago, merkatuko lente onenetako batzuk erabiltzen ditugu: ‘Hawk V-Lite Vantage 74’ izenekoak. Zoragarriak dira. Lente anamorfikoak dira, 2x kaptazioan uzkurtzen direnak, soilik horizontalki 1,33:1eko formatuan, ondoren 2,66:1era luzatzeko.
Nola ikusten duzu teknologiak zineman eta ikus-entzunezkoetan izan duen bilakaera eta zure lanean izan duen eragina? Ikusten dut oso azkar doala. Plato birtualen aurrerapenek, kamera berriek eta haien gaitasunek, gero eta osagarri elektroniko eta zehatzagoak dituzte, eta horrek beldur pixka bat ematen dit. Hala ere, nik teknologia berriak aztertzen jarraituko dut, beti jakinaren gainean egoteko.
Zer ikasgai garrantzitsu ikasi dituzu zure ibilbidean zehar, partekatu nahiko zenituzkeenak? Hiru puntu nabarmenduko nituzke. Lehenik eta behin, ingelesezko KISS siglak: Keep it simple stupid. Jende asko dago bere lana ahalik eta ondoen egiten, ez zaitez joan ia ezinezkoak diren argien eskemak edo filmaketaren erritmoa oztopatzen duten kameren mugimenduak egitera.
Bigarrenik, entzuten jakin behar da. Eta hirugarrenik eta azkenik, talde bat nola eraman jakitea, mugak jarriz eta aldi berean, motibazioa piztuz. Nire taldean, adibidez, 20 lagunekin lan egiten dut, beraz, pentsa, zelan koordinatu behar garen!
Badirudi, filmaketa bakoitzean, hil ala biziko ebakuntza batean gaudela, estresarekin eta presioarekin. Baina ez da horrela: film bat filmatzen ari gara.
Ikasi dudan gauzarik garrantzitsuena da ezinbestekoa dela umiltasuna, eta egoa ezabatzea. Zineman, eta askotan bizitzan bera ere, nor baino nor egoskorrago aritzen da jendea. Egoskortasuna kentzea eta intentsitatez jaistea lortzen badugu, lankideei egindako ahalegina eskertzea eta balioestea lortzen badugu, beti norabide berean egingo dugu arraun, eta hori da onena denontzat eta hortaz, pelikularentzat ere.
Zer aholku emango zenieke argazki-zuzendari bihurtu nahi duten gazteei? Zein galdera zaila! Baina esango nieke euren bidea topera jarrai dezatela! Edozer gauza filmatu dezatela, baina asko, eta ikasi proiektu bakoitzean nola funtzionatzen duen lanbide honek umiltasunetik eta behaketatik. Eta nola ez, bizi, sentitu, baloratu eta eskertu. Era berean, gaur egun argazki-zuzendari izatea zein eskuragarria den baloratzea, zinema digitaleko kamera bat erostea eta bere lanak Youtuben edota Vimeon publikatzea esango nieke. Lehen hori egitea ezinezkoa zen.
Zure ustez, zer da zinemak gizarte bati eman diezaiokeen gauzarik garrantzitsuena? Zinema fikzio bat da. Niretzat entretenimendua ematea da, jendea ez manipulatzea eta mezu politiko zein sozialekin batzuen edo besteen onerako “egokiak ez diren” moduetan erabiltzen ez saiatzea. Pelikulatzar bat zinema-areto batean pantaila handi batean eta soinu bikainarekin ikustea gauza magikoa da, eta espero dut ez galtzea.
Azken aldian Basauri zine edo telesailen plato bihurtu da. Aurten, adibidez, Nacho Vigalondoren ‘Superestar’; Gracia Querejetaren, Violeta Salamaren eta Claudia Pedrazaren ‘Olimpia’, eta Joaquín Mazonen ‘El Casoplón’ grabatu dira. Zure ustez, zerk ematen die atentzioa Basaurin filmatzeko? (Barreak) Lege baten bidez, film edo serie baten aurrekontu osoaren % 40 jasotzen dute Bizkaian. Horregatik, Madrildik ez ezik, mundu osotik Bizkaira etortzen ari dira filmak edo telesailak filmatzera. Ez du zerikusirik paisaiarekin, eraikinekin edo kokapenekin. Ez behintzat hasiera batean.
Baduzu proiekturik epe laburrean, ertainean edo luzean? Gauzak badaude mahai gainean, baina gremio honetan, filmaketaren lehen egunean ez zauden arte eta filmatzen ari zaren arte mila gauza gerta daitezke. Beraz, nahiago dut ezer ez aurreratu. Izango duzue nire berri!
☉ Basauri
Trantsizio energetikoaz solasaldia antolatu du Sagarrak talde ekologistak Basaurin
Sagarrak talde ekologistak trantsizio energetikoaz hausnartzeko hitzaldi-eztabaida saioa antolatu du azaroaren 13an, asteazkenez, Pozokoetxeko Kultur Etxean 18:30ean. Solasaldian parte hartuko dute: Alvaro Campos eta Aitor Urresti EHUko irakasleek, Alfredo Bezos ‘El garaje del Cambio’ elkarteko kideak eta Goiener kontsumorako eta energia berriztagarria sortzeko koperatibako Jon Urturi kideak.
“Trantsizio bat beharrezkoa da planetaren baliabide finituengatik eta egungo energia-sistemak gure planetako bizitzarako dakartzan ondorio larriengatik. Indarrean dauden legeek energia-kontsumoak murrizteko neurriak hartzea eta iturri berriztagarrietako energia-instalazio gehiago sortzea eskatzen dute. Beraz, trantsizio energetikoak justua eta tokikoa izan behar du. Hori ez da beti erraza izaten, eta helburu horietara iristeko bide desberdinak daude. Bide horiek eragin handia izan ahal dute gure gizartean. Trantsizioak justua izan behar badu, egun bai administrazio publikoak bai enpresak garatzen ari diren proposamen asko ez dira bidezkoak”, diote dute Sagarrakeko kideek.
Basauriko Udala Jarduketa Energetikoaren Plan Orokorra egiten ari da, eta abenduaren 5era arte ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du. Basauriko Energia-Jarduketen Plan Orokorra udal webgunean dago eskuragarri.
☉ Basauri
Tasen igoera orokorra % 3,3an onartu du Basauriko udalbatzak
Basauriko osoko bilkurak berretsi egin du zergak eta tasak % 3,3an igotzea datorren urtean. Gobernu taldearen (EAJ-PSE) aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoarekin onartu dute neurria. Zehazki, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) edo Jardueren gaineko Zerga (JEZ) bezalako zergak eta zabor-bilketa bezalako tasak % 3,3 igoko dira 2025ean Basaurin.
Era berean, Musika Eskolako zein kiroldegiko prezio publikoak ere % 2 igoko ditu Udalak. Ildo horretan, udalerrian erroldatuta daudenen eta ez daudenen prezio publikoen aldea kendu behar izan du Udalak, legeak hala agintzen duelako, eta hortaz, herritar guztiek prezio berak ordaindu beharko dituzte herrian erroldatuta egon zein ez.
Mari Angeles Cantero Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak kritikatu egin du tasa guztien igoera orokorra, eta zaborren kasuan hondakin sortzaile handien eta txikien artean “inolako bereizketarik” egiten ez dela adierazi du. Bere aldetik, EH Bilduko bozeramaile Exabier Arrietak ondo ikusi du Musika Eskola edo Kultur Etxeko prezio publikoen kasuetan igoera % 2koa izatea, “kultura babesteko asmoz”.
Berta Montes Ogasun arloko zinegotziaren arabera, “igoera hori ezinbesteko neurria da udal zerbitzuen autofinantzaketa maila hobetzeko eta jasangarritasuna bermatzeko”.
☉ Basauri
Baserrietatik zuzenean ekarritako produktuekin azoka egingo dute astero Basaurin
‘Gure Lurreko Merkatua’ hurbileko nekazaritza-elikagaien azoka antolatuko dute astero Basaurin. Bizkaiko baserritarrek zuzenean ekarriko dituzte eurek ekoiztuko dituzten produktuak, hala nola, barazkiak, fruta, gazta, ogia, gozokiak, eztia edota txerrikiak.
Azoka Pedro Lopez Cortazar plazan jarriko dute asteazkenero, 16:30etik 20:00etara bitartean. Azaroaren 13a izango da lehen eguna.
Gehienez, astero, 10 postu jarriko dituzte Pedro Lopez Cortazar plazako arkupeetan.
‘Gure Lurreko Merkatua’ aurrera eraman ahal izateko, Basauriko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearekin.
Basaurin antolatzeaz gain, urteak dira Gorbeialdek beste udal batzuekin elkarlanean hurbileko produktuen azoka antolatzen duena: Galdakaon, Bilbon eta Balmasedan.
“Gure Lurreko Merkatuak aukera emango die basauriarrei tokikoak eta osasuntsuak diren gure baserrietako produktuak erosteko; produktu horietako asko ekologikoak ere badira”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Iragorrik gogorarazi duenez, basauriarren eskaera bati erantzuteko martxan jarri dute hurbileko produktuen azoka. Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileak prozesuan herritarrek hautatutako proiektua da. Ildo horretan, Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak espero du ekimenak harrera ona izatea Basaurin.
Olatz Urkiza Gorbeialdeko lehendakariaren arabera, “azokaren helburua argia da: bertokoak diren eta osasuntsuak diren produktuak zuzenean ekartzea baserrietatik hirigunera”.
“Tokiko produktuak kontsumitzea hautatzen dugunean, ingurunearen garapen jasangarriaren aldeko inbertsioa egiten ari gara, eta, gainera, lurraldeko ekonomia bultzatzen laguntzen dugu”, dio Cadavalek.
☉ Basauri
Kaleko ihes gela antolatu du hirugarren urtez Basauriko Merkatari Elkarteak eta 700 euro banatuko ditu
Kaleko ihes gela jokoa antolatu du hirugarren urtez Basauri Merkatari Elkarteak. Azaroaren 16an, larunbatez, izango da Basauriko kaleetatik barrena. Aurtengo jokoaren izena da ‘Bisitari estralurtarra’ eta parte hartzaileek, Gazeta Galaktikoko kazetariek, bisitariari buruzko datuak aurkitu beharko dituzte.
Jokoa Basauriko merkataritza-establezimenduetan egingo da, eta talde bakoitzak jokoaren pistak aurkitu beharko ditu, jokoa osatu arte. Jokoan 16 urtetik gorako 2 eta 5 lagunen arteko taldeek parte har dezakete. Adingabeek ere parte hartu ahal izango dute, nagusi batekin lagunduta badoaz. Jokoan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, doan, basaurikomerkatariak.com webgunearen bitartez.
Sariei dagokienez, guztira 700 euroko erosketa-txartelak banatuko dituzte: talde irabazleak 300 euroko bonua jasoko du eta bigarrenak 200 euroko bonua; gainera, 100 euroko bi sari zozketatuko dituzte jokoa bukatzen duten parte-hartzaile guztien artean.
Era berean, jokoak iraun bitartean beren argazki bat igotzen duten parte-hartzaile guztiak, #escapebasauri traola jarrita eta @basauriko_merkatariak aipatuta, Social Antzokirako zinemarako 10 sarrera bikoitzen zozketan sartuko dira.