Sonia Jimenez, Joseba Ibarra, Leire Amarika, Aitor Briongos eta Itziar Ituño basauriarrek lekukoa eramango dute 19. Korrikan, eta Basaurin Be Bagaran aurkezle izango dira.
19. Korrikan lekukoa eramango du Aitor Briongos basauriarrak. Euskalgintzako kilometroan egingo du, lau lagunekin batera: “Ohore handia da. Lekukoaren eramaleak kultura eta herri mailan oso pertsona ezagunak izan dira. Korrikaren sorrera ezagutu genuenontzat, euren pare sentitzerakoan, zirrara berezia sortzen dizu”, dio Briongosek.
Basaurin Be Bagara ekimenari esker, auzo bakoitzeko ordezkariek eramango dute lekukoa. “Ni Arizko Ikastolako ordezkaria naiz, bertako ikasle ohia eta ikasle baten gurasoa bainaiz”, azaldu du Aitorrek. Aurreneko aldia izango da lekukoa eramango duena eta aukera eman ziotenean “berehala” baiezkoa eman zuen: “Orain dela hainbat urte nire gurasoek eraman zuten. Ohore handia da haien urratsak jarraitzea. Oraindik gogoratzen dut. Une hartan sentitu nuen zirrara nire semeak sentitzea gustatuko litzaidake”.
Aitor Briongosek askotan parte hartu du Korrikan, eta ez Basauri bakarrik; Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere bai, besteak beste. Horren harira, bitxikeria kontatu digu: “Ikasle garaian Zarrakastelutik Kasedaraino joan ginen Korrikan, gauez, euskararen alde Nafarroako Bardeetan barrena”.
