Apirilaren 21etik maiatzaren 26ra bitartean izango da amatasunari buruzko tailerra eta “Aktibatu zure ahotsa!” apirilaren 17an eta 18an burutuko da. Era berean, “Eta ez banaiz berriro depilatzen” erakusketa prestatu dute.
Marienea Basauriko Emakumeen Etxeak hainbat tailer eta jarduera antolatzen ditu urtean zehar. “Aktibatu zure ahotsa!” ahotsaren erabilpen positiboaz eta erabilera egokiaz jabetzeko zein jabekuntza kolektiboa bideratzeko tailerra apirilaren 17an eta 18an izango da. Ostiraleko ordutegia 16:00etatik 20:00etara izango da eta larunbatekoa 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Trebatzailea Zahira Montalvo izango da eta matrikularen prezioa 10 eurokoa da.
Bestetik, “Amatasuna hemen da. Non geratzen naiz ni? Eta nire bikotea?” tailerra apirilaren 21ean hasiko da eta maiatzaren 26ra arte luzatuko da. Itziar Gandia trebatzailearen eskutik, amatasuna modu eramangarrian eraikitzeko espazioa izango da tailerra; proiektu berri batek bakoitzarentzat duen esanahia elkarbanatzeko eta amatasunaren gizarte-ideala deseraikitzeko tresnak landuko dira. Guztira 6 saio izango dira (12 ordu), astearteetan 18:00etatik 20:00etara. Matrikula 10 eurokoa da. Bi tailerretan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.
ERAKUSKETA: “ETA EZ BANAIZ BERRIRO DEPILATZEN?”
Apirilaren 30era arte egongo da ikusgai Marienean “Eta ez banaiz berriro depilatzen?” argazki erakusketa. Irudigileak hainbat gai aldarrikatzen ditu zenbait binetetan, umorearen bitartez; bere ilea, erabakitzeko aukera eta baita erabaki estetikoekin zoriontsua izateko eskubidea ere. Bisita librea izango da ondorengo ordutegian: astelenetik ostegunera 09:30etatik 14:30ak arte eta 16:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 09:30etatik 14:30etara.
