Sareak

☉ Basauri

Aritz Lopez Garai basauriarra da Reus futbol taldeko entrenatzaile berria

Ekainaren 22an aurkeztu zuen Reus Deportiu Futbol Taldeak bere lehen taldeko entrenatzaile berria: Aritz Lopez Garai. Adelante Ligan jokatuko du aurten ere.

|

basauri aritz lopez garai 2017 reus futbol taldeko entrenatzailea
Sergi Parés Reus Deportiu-eko kirol-zuzendaria eta Lopez Garai :: Reus Deportiu

Ekainaren 22an aurkeztu zuen Reus Deportiu Futbol Taldeak (Tarragona) bere lehen taldeko entrenatzaile berria: Aritz Lopez Garai. Basauriarrak 37 urterekin ekingo dio entrenatzaile lanei aurreneko aldiz eta Natxo Gonzalez ordezkatuko du aulkian. Reus futbol taldea 2016-2017 denboraldian igo zen Bigarren Mailara eta 11. postuan bukatu du.

Lopez Garaik erretiroa hartu du aurten Reuseko taldean. Talde katalanera iritsi aurretik, ibilbide oparoa izan du futbol munduan: Athletic Club, Gernika, Conquense, Salamanca, Castellon, Celta, Sporting, Cordoba, Bucaresteko Rapid eta Doxa Katokopias (Txipre) taldeetan izan da futbolari.

☉ Basauri

Metroaren L5 lineak merkantzia-trenen ibilbidea argitu barik utzi duela diote Basauriko EH Bildutik

|

Merkantzia-tren bat Arizko trenbidetik pasatzen // Geuria

Sarratuko geltoki berriak Metroaren L2 eta L5 lineak konekatuko ditu. Hain zuzen ere, Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: tunel berri bat eraikiko dute L2 linea Etxebarritik Sarratura joateko, eta handik Arizera eta Basaurira.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko berria da”, adierazi zuen Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Basauriko EH Bilduk ere uste du “albiste positiboa eta garrantzia handikoa” dela herriarentzat: “Proiektuaren jatorrizko akats bat zuzentzera dator, eta hasierako plangintza kaskar batek eragindako arazoari irtenbide logikoa ematen dio. Izan ere, plangintza horrek 40.000 biztanleko biztanlegune bat zuzeneko loturarik gabe uztea zekarren, eta, aldi berean, tren-aldaketa ginkana bat egitera behartzen gintuen gure erreferentziazko ospitalera trenez iritsi ahal izateko”.

“Badirudi borondate politikoa dagoenean eragozpen teknikoek konponbidea dutela”, adierazi dute ezker koaliziotik: “Hala ere, albiste honekiko gogobetetzea ez da guztiz erabatekoa. Ez dugu inoren aldarte ona zapuztu nahi, baina gogoratu behar dugu oraindik ere airean daudela proiektu honekin lotura zuzena duten hainbat gai. Alde batetik, merkantzia-trenak beren ibilbidean sartzea, zeren eta hori gabe ia ezinezkoa izango da gure herriari eragiten dioten trenbide-orbainak eta trenbide-pasabideak ezabatzea; bestetik, Sarratuko geltokiaren irisgarritasuna bermatzea, aurreikusitako erabilera berrien arabera birdimentsionatu beharko dena igogailuen eta eskailera mekanikoen kopurua eta tamainari dagokienez, adibidez; eta azkenik, geltokiaren izaera intermodala, eskualdeko erreferentziazko benetako garraio publiko mota ezberdinen lotunea izango delarik”.

Metroaren L5 linearen proiektuaren arabera, Arizko egungo Euskotreneko geltokia desagertu eta Sarratura eramango dute. Aldaketa horrek bidaiariei soilik eragingo diela salatu zuen duela bi urte Elkarrekin Podemosek; merkantziek bertatik igarotzen jarraituko dute, eta horrek kezkatzen zuen alderdi morea: “Proiektu hau bidaiarientzat baino ez da aurreikusten. Usansolotik Arizerako tartea merkantzien garraio-linea gisa mantentzen da, horrek dakarren soinu-kutsadura guztiarekin. Basurtutik Arizera doazen merkantzia-lineak, AcelorMittaleko adarra eta Arizeko merkantzien trenbide-multzoa ez daude egin beharreko obretan sartuta”, adierazi zuten orduan Elkarrekin Podemosetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Soloarteko horma eraikitzeko proiektu berri bat idatzi behar du Basauriko Udalak, arau-aldaketa baten ondorioz

Arau-aldaketa baten ondorioz Soloarteko horma indartzeko proiektu berri bat idatzi behar izan du Basauriko Udalak. Berau ekainean entregatu ondoren, eta URAk oniritzia eman ostean, eraikuntza-lanak esleitzeko prozesua hasiko du Udalak

|

Iazko otsailetik dago itxita Soloarteko pasealekua, bertan lur mugimenduak detektatu zituztelako // Geuria

Iazko otsailean itxi zuten Soloarteko pasealekuaren zati bat, bertan lur mugimenduak detektatu zituztelako. Hori dela eta, Basauriko Udalak horma indartzeko eta konpontzeko eraikuntza-lanen proiektuaren idazketa kontratatzea erabaki zuen.

Dokumentu hori idazten ari ziren bitartean, Plan Hidrologikoaren arau-aldaketa bat sartu zen indarrean, eta hortaz, URA Agentziak horma berreraikitzeko baimena ezin izan zuen eman.

Arau-aldaketa horren arabera, horma konpondu beharrean, Basauriko Udalak horma berri bat eraiki behar du. Bitartean, ordez, iazko irailean lurrak kentzeko lehen jarduketa gauzatu zuen Udalak.

Arau bidezko baldintzatzaile berrien arabera eguneratutako eraikuntza-proiektua ekainaren lehen hamabostaldirako prest egongo dela adierazi dute Basauriko udal ordezkariek.

Eraikuntza-proiektuaren idazketaren prezioa 53.119 euro da, baina Basauriko Udalak eta URAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute proiektua idazteko. Hitzarmen horren arabera, URAk kostuaren % 50 finantzatuko du, hau da, 26.559 euro.

Behin betiko proiektua prest dagoenean, URAk oniritzia eman beharko dio eta, baimen hori jaso ostean, Basauriko Udalak eraikuntza-lanak adjudikatzeko izapideak hasiko ditu.

Horma berria eraikitzeko 1,9 milioi euro bideratuko dituzte guztira. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasi daitezkeen obrak, baina lanak hasitakoan 10 hilabeteko epean burutuko dituzte. “Obrak amaitu bitarte, pasealekuko tarte hori itxita egongo da, prebentzioko eta segurtasuneko neurri gisa”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / 2024ko Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketako irabazleek saria jaso dute gaur Basaurin

|

Izaskun Herce, Rebeca Fernandez eta Andere Ramirez Jon Martin Zirt Zarteko arduradunarekin, gaur sari banaketan // Geuria

2024ko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketako sari banaketa egin dute gaur arratsaldean Basauriko Basozelaiko Zirt Zart Gazte Bulegoan.

Sari banaketan izan dira Rebeca Fernadez Rueda barakaldarra (lehen saria), Andere Ramirez Garcia laudioarra (Elkar Saria) eta Izaskun Herce Quintana basauriarra (Basauri Saria).

Ezin izan dira bertaratu, ordea, Irene Izaguirre Chaparro billabonatarra (bigarren saria) eta Olatz Noberan Gartzia ondarrutarra (hirugarren saria). Hala ere, eurei ere helaraziko diete saria Zirt Zartetik.

Irabazleen kontakizunak esteka honetan irakur daitezke. Gainera, irabazleen kontakizunez gain, aurten lehiaketara aurkeztu diren hainbat ipuin jaso dituzte liburuxka batean; liburuxka Zirt Zarten eskuratu daitezke, doan.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea. Seigarren edizioa 2023an abian jartzea dute helburu antolatzaileek, proiektuari segida emanez, eta idazmenean interesa dutenen talentua aurkitu eta sustatzeko asmoz.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sarratuko geltokian L2 eta L5 konektatzea “herritarron borrokaren lorpena” dela diote basauriarrek

|

'Sarratu bai, baina honela ez' plataforma duela bi urte eratu zuten herriko elkarteek eta eragileek // Geuria

“Konponbiderik zentzuzkoenak” irabazi duela diote ‘Sarratu bai, baina honela ez’ plataformako kideek.

Hain zuzen ere, Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Basauriko herritarrok zorioneko gaude, azkenik Metroaren L2 lineak L5arekin modu naturalean eta irisgarrian konektatuko dutelako”, diote.

Basauriko auzo elkarte guztiek, Sagarrak talde ekologistak eta herriko beste gizarte eta kultur elkarteen atxikimenduarekin osatutako plataformak “zentzuzko irtenbide bat” aldarrikatu du askotan lotura horretarako, eta irtenbide hori “lortu dela” uste dute.

“Planteatutako konponbidea, zalantzarik gabe, herritarron borrokaren lorpena da, arazo horri arrazoizko irtenbide bat emateko beharra lan-mahaian jartzea lortu baitugu. Argi dago irtenbide teknikorik egon bazeudela, erabaki politiko bat hartu behar zen eta horri aurre egiteko inbertsio ekonomikoa, soilik”, diote.

Plataformatik berretsi dute, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko mugimendu soziala eta herritarra indartzeko beharra”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Asier Iragorri: “Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea”

Eusko Jaurlaritzak metroaren L2 linearen ibilbidea aldatuko du Basaurira sartu aurretik: tunel berri bat eraikiko dute Etxebarriko irteeratik, Sarratun L2 eta L5 konektatu ahal izateko

|

Asier Iragorri Basauriko alkatea eta metroaren L2aren trazadura berria // Geuria

Metroaren L2 lineak Basaurin sartzeko egiten duen ibilbidea aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta modu horretan, Sarratuko geltoki berrian L2 eta L5 lineak konektatuko dituzte, basauriarrek hainbatetan egin duten eskaria.

“Azkenean lortu dugu Sarratuko geltokia L2 linearekin lotzea. Basauriar guztiok zoriontzeko eguna da. Konexio hori ez zegoen aurreikusita hasiera batean, baina Udaletik egin dugun presioari eta bizilagunen eskariari esker, Eusko Jaurlaritzak trazadura aldatzea erabaki du”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Iragorrik adierazi duenez, Udaletik “behin eta berriz” eskatu dute konexio hori: “Era askotara egin dugu: dokumentu teknikoei alegazioak eginez, Eusko Trenbide Sarearekin eta Garraio Zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta bilera ugariren bidez edota osoko bilkuran onartu zen mozio baten bidez”.

“Apirilean Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azkenean baieztatu zigun gure erreklamazioa aintzat hartuko zela eta trazadura aldatuko zutela. Bizilagunei eta gainerako alderdiei horren berri emateko irrikitan geunden, baina leialtasun eta errespetu instituzionalagatik, ezin genuen hori egin. Izan ere, gure ustez, gai horri buruzko informazioa erakunde eskudunak eman behar zuen , edo bestela, elkarrekin aldi berean”, dio Iragorrik: “Azkenean, ez da horrela izan, baina, nolanahi ere, albiste bikaina da Basaurirentzat”.

Tunel berria

Etxebarritik irtendakoan 400 metro luzerako tunel berri bat eraikiko du Eusko Jaurlaritzak, eta tunel horri esker, konboiak Sarratuko geltoki intermodalean geldituko dira, bertan L2 eta L5 lineak konektatuta egon daitezen.

Gaur egungo ibilbidea marra laranjaz dago margotuta; eta trazadura berria, tunel berriarekin, puntu gorriekin // Basauriko Udala

Gauzak horrela, L2aren ibilbidea hau izango litzateke obrak bukatu ondoren: Bolueta-Etxebarri-Sarratu (geltoki berria)-Ariz-Basauri. Eta Sarratun L5a hartu ahal izango dute erabiltzaileek Galdakao-Usansolo ospitalera modu zuzenean joan ahal izateko.

Gaur egun Etxebarritik Arizera bitarteko trazaduraren zati bat zerbitzurik gabe utziko du Jaurlaritzak tunel berria egin ostean, tunel berritik soilik igaroko baita metroa.

Etxebarrin metroa aire zabalean dago eta Basaurira tunel batetik sartzen da. Bada, tunel berria Etxebarriko tuneletik gertu eraikiko dute eta ETSk inguruan duen trenbide-multzoaren eta Sarratuko hirigintza-garapenerako erreserbatutako lurzati batzuen azpian induskatuko dute.

Sarratu-Aperribai tarteko obrak hasierako fasean daude, eta Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du birdiseinua bat datorrela eta ez diela epeei eragingo. Modu horretan, Metroa Galdakao erdigunera iritsiko da 2027. urtean, eta ospitalera 2029an.

Osorik irakurri