Basauriko Udalak jakinarazi duenez, bi pertsonek espediente zigortzailea jaso zuten atzo (uztailak 4) Artunduaga kiroldegian istiluak egitea egotzita. Horren ondorioz, sarbidea debekatuta daukate espedientea ebatzi bitartean eta udal ordezkariek adierazi dutenez, espedientearen ebazpena hiru hilabeteko epean emango dute ezagutera. Hau da, udan ezingo dira Artunduagako kiroldegiko instalazioetara sartu.
Bi erabiltzaile horiez gain, aurten beste espediente zigortzaile bat zabaldu dute eta beste erabiltzaile batek debekatuta dauka kiroldegiko instalazioetan sartzea.
KONTROL ETA ZAINTZA NEURRIAK IGERILEKUETAN
Aurreko urteetan bezala, aurten ere kontrol eta zaintza neurriak aplikatuko ditu Basauriko Udalak udal-igerilekuetan. Udal ordezkarien arabera, ordena publikoa asaldatu edota instalazioetako araudia behin eta berriro hausten duten erabiltzaileak “berehala” kanporatuak izango dira eta debekatu egingo zaie bertara sartzea. Gainera, espedientea irekiko diote arau-hausleari, gehienez ere hiru hilabetez luza daitekeena.
Era berean, Udaltzaingoak instalazioetatik erronda egiten jarraituko du eta kiroldegiko mantentze-lanetarako langileekin eta sorosleekin elkarlanean arituko da, neurri hauek bete daitezela bermatzeko.
