→Basauri

Artunduagako kiroldegiak estalitako lau padel-pista berri izango ditu abendutik aurrera

basauri artunduaga padel pista

Gaur egun erabilgarri dagoen balio anitzeko pabilioian eraikiko ditu Udalak pista berriak. Etorkizunean beste pabilioi bat eraikiko dute tenis eta areto-futbola bertan sartzeko.

Artunduagako kiroldegian estalitako lau padel-pista berri eraikitzeko lanak esleitu ditu Basauriko Udalak, 117.748 euroko zenbatekoarekin. Lanak azaroan hasiko dira eta hilabete eta erdiko iraupena izango dute. “Hobekuntza horren bidez padelerako eskaintza osotu eta handituko dugu, eskaera dezente hazi da eta. Gainera, pista berriak estaliak izango dira: kirolariek hala eskatu dute aspaldidanik“, dio Berta Montes Basauriko Udaleko Kirol zinegotziak.

Balio anitzeko pabilioi baten barruan eraikiko dira pista berriak. Pabilioia estalita dago eta belar artifiziala dauka; kiroldegiaren goialdean dago, eta bere baitan lau padel-pista berriak hartzeko beharrezko neurriak ditu. Udal arduradunek aurreikusi dute etorkizunean erabilera anitzeko pabilioi berria eraikitzea, igerileku estalien eraikinari atxikita, estali gabeko padel-pisten eta udako estali gabeko igerilekuaren artean. Pabilioi horretan kokatuko liratezke orain moldatuko den pabilioian dauden tenisa eta areto-futbola. Kirol zinegotziaren esanetan, “lanak egin bitartean, gaur eguneko erabilera anitzeko pabilioiaren balizko erabiltzaileak beste eremu batzuetara bideratuak izango dira“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak