Lehendabiziko urtea da Asier Ogiza (Basauri, 1973) Herriko Taldeak elkarteko lehendakari lanetan dabilena. Lan egiteko gogoz hartu zuen aurtengo otsailean erantzukizun berria eta ekitaldi guztietan “gustu handiz” parte hartuko duela aitortu du.
Nola hasi duzu Herriko Taldeakeko lehendakaritza?
Beti bezala, lanean. Ez dago besterik. Jai batzordea osatu eta berehala hasten gara kideok San Fausto egitaraua antolatzen. Aurreko bi urteetan Herriko Taldeakeko diruzaina izan naiz eta banekien nolakoa zen lan egiteko modua. Aurtengo honetan gertatzen dena da zeu zarela elkarteko aurpegia.
Erantzukizun handiegia, akaso?
Izan daiteke. Azken finean, Herriko Taldeak da sanfaustoak egiten dituena eta gauza asko izan behar dira kontutan programa ondo betetzeko. Aurretik ere beste elkarte batzuetan izan naiz, baina erantzukizuna handiagoa da hemen, batik bat ezagunagoa delako. Gainera, lehendakaria izateak erantzukizun hori areagotu egiten du.
Aurtengo sanfaustoak modu berezian biziko al dituzu?
Sanfaustoak beti izaten dira bereziak, baina aurten ekitaldi gehienetan izan beharko naiz. Aurreko urteetan gauza batzuetara ez nintzen joaten, baina aurten derrigorrez joan beharko dut. Noski, gustu handiz.
Zerbait nabarmenduko al zenuke aurtengo programan?
Ez dago sorpresa askorik. Aurreko urteetan arrakasta izan duten ekitaldiak egongo dira. Berrikuntza nabarmenena aipatzearren, jaiak auzo guztietara zabaldu ditugu: Urbi, Ariz, San Migel eta Kareaga. Beraz, aurtengo San Fausto jaiak Basauri osoan zehar biziko ditugu.
Kontzertuez galdetuko banizu…
Koadrila bakoitzak proposamenak botatzen ditu. Dena ezin denez ekarri, filtroak jartzen ditugu guk -eskatzen dituzten prezioak eta talde bakoitzaren prestutasuna, besteak beste- eta ondoren multzoak egiten ditugu, hala nola, kontzertu bereziak, talde euskaldunak eta klonikoak. Zerrendak prest ditugunean koadriletako kideek erabakitzen dituzte kontzertuak.
Zeren aldeko apustua egiten du Herriko Taldeakek?
Egun guztietan jarduera asko egotea eta normalean, adin-tarte guztientzako izatea. Adibidez, kalejirak, txitxarriloak, jokoak, txapelketak eta bakarrizketak. Kontzertuei dagokienez, modan dagoen talderen bat ekarri nahiko genuke, baina ez dago horretarako nahikoa diru. Bederatzi egunetako hogeita lau orduak bete behar ditugu eskura dugun aurrekontuarekin eta zaila da banaketa egitea.
Aurrekontua aipatu duzunez, azaldu zein den egungo egoera.
Aurten mantendu egin dugu aurrekontua: alde batetik, Udalak ematen diguna eta bestetik, babesleek ematen digutena. Normalean, apirila eta maiatza artean zehazten digute zenbatekoa izango den Udalaren diru-laguntza eta nortzuk izango diren babesleak. Horrekin guztiarekin aurrekontua osatzen dugu.
Urtetik urtera, gero eta jende gehiagok ematen al du izena koadriletan?
Bai. Azken bost urteetatik hona jende berria sartu da koadriletan, gehienbat gazteak. Herriko Taldeaken batzarretan, esate baterako, kide bat eta biok gara nagusienak; gainontzekoak gazteak dira: 20 eta 30 urte bitartekoak.
Zer egin beharko luke basauriar batek sanfaustoetan?
Hori galdera zaila! Nire ustez, Basauriko jaiak besteengandik bereizten dituena Herriko Taldeak osatzen duten koadrilak dira. Horietako batean sartuta ez bazaude, jaiak beste modu batean biziko dituzu. Ekitaldiak guztiontzako eginak daude -koadrila bateko kide izan zein ez-, baina bereziena koadrila bateko kide izatea da, Basauriko jaien arima direlako.
“EGUNERO ETXETIK KANPO BAZKALTZEN DUT JAIETAN”
Sanfaustoetako onena Kalean sortzen den jai-giroa eta elkartasuna
Sanfaustoetako okerrena Aldapan gora, aldapan behera ibili behar duzula
Ez dut inoiz galtzen… San Fausto eguna: Koadrila guztiak bazkaltzeko elkartzen gara eta hori da gehien gustatzen zaidana
San Faustoetako urteroko bazkaria Sanfaustoetan ez dut aste osoan zehar etxean bazkaltzen baina, zerbait esatearren, patatak errioxar erara eta solomoa. Kalean, bokatak
Koadrila bat Edurre, beti
