☉ Basauri
Atxiloturik ez Basauriko eraso homofobotik hilabetera

Hilabete bete da Basaurin 13 gaztek beste bat jipoitu eta konorte barik utzi zutenetik. Eraso homofoboa izan zen. Eraso jaso eta hiru egunera, GEURIAk Ekain Perrino eraso bortitza jasan zuen basauriarrak kamara aurrean berba egiteko erabakia hartu zuen. Orduko elkarrizketan Ekainek aipatu zuen bere erasotzaileak ez zituela ezagutzen, libre daudela eta edozein momentutan berriro eurekin topo egin dezakeela. Erasoaren egunean bertan Ertzaintzak erasoan ustez parte hartu zuten bederatzi gazte identifikatu zituen.
Hilabete joan da erasotik eta gaue egun egoera honakoa da: erasoan parte gartu zuten hamahiru gazteetatik Ertzaintzak hamabi identifikatuta ditutela dio Silvia Gomezek, Ekain Perrinoren amak. Egoera gogorra bizitzen ari dira: “Pentsa, nire semeak berriro bizi du orain dela hilabeteko erasoa Samuelen hilketarekin. Familian berdina bizi dugu. Ekain ez zuten hil, baina konorte barik zegoela jipoitzen jarraitu zuten, eta alde egin zutenean erasotzaileek ez zekiten bizirik ala hilda utzi zuten hantxe, lurrean botata. Zein da Samuelen erasoarekin dagoen ezberdintasun bakarra? Samuel hil dutela. Nire semeak, gure onerako baita erasotzaileen onerako ere, ez zuten hil, baina eraso berdina da”.
Identifikatuta bai, baina ez dago atxiloketarik: “Erasotzaileak kalean daude, Basaurin egin zuten eraso honekin harrotuta, erasoak ez duelako ondoriorik izan. Euren artean bati eta besteari kontatzen diote eurek izan zirelako marikoia jipoitu zutenak, gazteei beldurra sartzeko asmoz edo. Eta gazteak beldurrez daude, lekukotzak emateko beldurrez ere”, azaldu digu Silviak: “Erasotuak orain erasotzaileak identifikatu behar ditu. Gutxienez hamahiru izan ziren eta bera lurrean zegoen. Erasoa taldekoa izan zen, talde bat pertsona baten aurka”. Erasotua eta lekukoak beldurrez daudela dio Silviak, erasotzaileak kalean daudelako eta eurak direlako aurpegia eman behar dutenak.
Salaketa instrukzio epaitegian dago. Erasoa ‘lesio-eraso’ bezala sailkatu du epaileak, ez eraso homofobo bezala. Ertzaintzak ere, lehen unean, erasoa ez zuen eraso homofobo moduan jaso, eta ondoren gehitu zuen eraso homofoboaren gakoa. 150 orrialde inguruko txostena idatzi du Ertzaintzak bertaratutako lekuen testigantzekin. Epaileak, aldiz, oraingoz hiru herritar deitu ditu lekukotza ematera, baina litekeena da lekuko gehiago deitzea, abokatuek hala eskatuta. “Legeak aldatzea. Hori da bidea eta horretan eragin behar dugu. Baina zenbat emakume hil behar izan dira legeak aldatzeko? Orain, zenbat gazte hil behar dituzte legea aldatzeko? Legea aldatzeko ezin dira gazte gehiago hil”, dio Silviak.
Eraso homofoboa izan zenetik, Basauriko Bizkotxalde plaza hutsik dago asteburutan eta dagoeneko ez da herriko gazteen topaleku. Ekain Perrinoren amak, Silvia Gomezek, borroka bere gain hartu eta gizarteko hainbat alorretan eragiteko asmoz. 2018an Basauriko herriak Pepe Godoyk azalarazi zuen sexu-abusuen afera entzutetsua pairatu zuen. Oraindik epaiketaren zain dagoen arren, lege aldatzea lortu da. Orduan egin bezala, ekainean bertan egindako manifestazioan gain, herritarrak antolatzen ari dira herri moduan erantzun irmo eta luze bat emateko.
☉ Basauri
Argazkiak / A30 grebako manifestazioa euripean egin dute ehunka herritarrek Basaurin

Azaroak 30. Greba feminista orokor eguna da. Basaurin goizean goiz piketeak eta kotxe karabana egin dute, eta eguerdian zaintza eskubide kolektiboaren alde manifestazioa egin dute ehunka lagunek. Euripean izan bada ere, aterki uholdea izan da Basauriko deialdian.
☉ Basauri
Etxebarria aita-seme trikitilariek ‘Familia gara’ disko berria aurkeztu dute Social Antzokian
Gaur aurkeztu dute disko berria Basauriko antzokian. Inaxio Perurena harrijasotzailea gondidatu izan dute aurkezpenean

Etxebarria aita-seme trikitilariek disko berria kaleratuko dute: ‘Familia gara’. Lan berria Durangoko Azokan abenduaren 6an kaleratu aurretik, diskoaren aurre-aurkezpena Basaurin egin nahi izan dute bi basauriarrek.
Gaur, azaroak 29, 13:00etan Social Antzokian egin dute aurkezpena. Bertan Inaxio Perurena harrijasotzailea eta laguna izan dute gonbidatu. Besaulkietan etxebarritarren lagunak, senideak eta ezagunak egon dira.
Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak
Diskoak 12 abesti ditu, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantekin. ‘Familia gara’ lan berrian oinarrizko euskal estiloari heldu diote: “estilo dantzagarriak, baladak, koplak, rantxerak eta rock doinuak entzun daitezke, eta baita indar handiko bertsioak ere”, diote.
“Sorpresak, bertsioak eta abesti propioak ere ez dira faltako! Esaterako, ‘Sorioneku familia gara’, Euskal Herria eta gure kulturaren batasuna elkartzen dituen abestia”. Abesti horren bideoklipa 2023ko martxoan argitaratu zuten, eta bertan agertzen da, besteak beste, JJ Vaquero bakarrizketagilea.
‘Loretxoa’, ‘Ikusi mendizaleak’ eta ‘Let it be’ abestien bertsioak ere jasoko ditu lan berriak. Trikitixa eta panderoa dira instrumentu nagusiak eta horiekin batera akordeoia, kitarra, baxua, teklatua, sintetizadoreak eta bateria ere entzun daitezke.
Diskoa salgai egongo da Durangoko Azokan 15 euroan.
☉ Basauri
Sinadura bilketa hasi dute Kareagan pediatria zerbitzuan murrizketarik ez egiteko

Kareagako eta San Migeleko pediatria zerbitzuetan Osakidetzak murrizketak egin dituela salatu dute hainbatetan auzotarrek. Zehazki, San Migeleko pediatrak irailean erretiroa hartu ondoren ez dutela beste pediatrarik kontratatu eta Kareagako bi haur-medikuetatik batek lanaldia erdibitu beharko duela bi anbulatorioetan salatu dute.
Abenduaren 1etik aurrera formalizatuko da neurri hori. Kareaga, El Maño-Basozelai eta Bidebieta auzo elkarteak eta Kareagako eta Gazteluko ikastetxeetako guraso elkarteak euren “kezka” azaldu dute: “Neurri horrek zerbitzuaren kalitatea larriki okertzea dakar”.
Gauzka horrela, sinadura bilketa hasi dute Kareagako osasun zentroan, eta aurreratu dute ekintza gehiago egingo dituztela.
☉ Basauri
Bideoa / ‘Azaroak 25 plaza’ zabaldu dute gaur Basaurin

Azaroak 25 dituen honetan Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna ospatzen da. Basaurin goizean ekitaldia egin dute hemendik aurrera ‘Azaroak 25’ plaza deituko den lekuan, San Pedro elizaren ondoan.
Plazari ‘Azaroak 25’ jartzeko erabakia Udaleko osoko bilkurak aho batez hartu zuen urrian, eta gaur, eguna aprobetxatuta egin dute ekitaldia 12:00etan. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga Flamencok ikuskizuna eskaini ondoren, Paz Diaz Gonzalez Basauriko mugimendu feministako kide mitikoak plazaren plaka desestali du.
☉ Basauri
Merkatu solidarioa antolatu dute Basaurin, Bielorrusako umeen alde

Merkatu solidarioa antolatu du Basaurin Acobi elkarteak Bielorrusiako umeentzat dirua biltzeko. Merkatua zabalik dago abenduaren 3ra bitartean Agirre Lehendakaria kaleko 57. zenbakiko lokalean, Herriko Taldeaken ondoan.
Liburuak, jostailuak, tresneria, apaingarriak edota imitaziozko bitxiak bildu eta salduko dituzte lokalean. “Espazioa dela eta, ezin dugu arroparik jaso edo saldu”, diote antolatzaileek.
Merkatu solidarioa zabalik dago astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
“Gerra kontuengatik etortzerik ez dutenez, dirua bidaliko diegi han behar dutena eros dezaten”, diote sustatzaileek.