2017. urterako izango duen aurrekontuaren berri eman du gaur Basauriko Udaleko gobernu-taldeak. Guztira, 49.400.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino %1,2 gutxiago (Bizkaiko Foru Aldundiko Udalkutxak -zeinak diru-sarreren %50a suposatzen duen- milioi bat gutxiago emango dio Basauriko Udalari). Era berean, aurtengo aurre-likidazioari dagokionez, 1.900.000 euro itzuli beharko lioke Udalak Udalkutxari (2016ko aurrekontuari dagokiona) “diruzaintzako geldikinari eragiten diona”, dio Andoni Busquet alkateak. Likidazio zehatza 2017ko hasierako hilabeteetan adostuko du Udalkutxak.
Zentzu horretan, “aurrekontuari dagokionez egonkortasuna bermatuko dugu, orain arte basauriarrek jaso dituzten zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko”, dio Busquetek. Horiek horrela, ekonomiak eta enpleguak, gizarte gastuek eta Auzoegin ekimenak aurrekontuaren alde handi bat hartuko dute.
Gobernu-taldeak gainontzeko talde politikoei aurrekontuaren proiektua aurkeztu ondoren, urtarrilaren 10era arte izango dute zuzenketak proposatzeko. Ondoren, urtarrileko Osoko Bilkurara eramango lukete 2017ko aurrekontuen proposamena.
Inbertsioak gora
“Aurrekotnu-partida batzuetan ikusi dugu ez dela beharrezkoa izan hasiera batetik aurreikusita geneukana gastatzea. Gaur egun, gastu erreal horretarako aurrekontua gehiago estutzen dugu, prestazioak eta inbertsioak mantendu ahal izateko”, dio Andoni Busquet alkateak: “Are gehiago, inbertsioak handitu egingo ditugula aurreikusi dugu”.
Gauzak horrela, udal-inbertsioa %5,1 handituko litzateke 2016koarekin alderatuta. Guztira 1,2 milioi euro. Gobernu-taldearen proposamena da auzoen hobekuntzetara 500.000 euro bideratzea, hezkuntza-eskoletan berrikuntzak egiteko 100.000 euro hedatzea eta 300.000 euro babes ofizialeko etxebizitzen inguruak urbanizatzeari.
Gastuak behera
Inbertsioek gora egingo duten bitartean, gastuak beheratzea lortzeko proposamena zabaldu du udal gobernu-taldeak Ogasun Sailean. Izan ere, maileguen amortizazioan eta interes-abonamenduetan murrizketak egon dira, baita organismo autonomoetarako transferentziak ere txikitu egin dituzte.
Udalak bere gain hartu ditu Basauri Kirolaken, Etxe Maitia egoitzaren, Kultur Etxeaken eta Euskaltegiaren energia gastuak, faktura bateratu batek gastu txikiagoak ekarriko dituelakoan.
Gizarte Politikak mantendu
Gizarte Politika Sailari dagokionez, 7.553.000 euroko aurrekontua izango du. Mantendu egingo dituzte Etxeko Laguntza Zerbitzua -asteburuetara eta jaiegunetara hedatzearena barne- eta nagusiei eskeinitako gainontzeko zerbitzuak ere. Era berean, gizarte laguntzak, haurtzarorako arretako zerbitzua, nagusientzako egoitza edota Berdintasun saila bere horretan mantenduko dituzte.
Ekonomia eta enplegua sustatu
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, Basauriko aurrekontuko sustapen ekonomikoan eta enpleguan ekintza berriak zabaltzea ahalbidetuko litzateke. Behargintzaren kasuan, bi programa berri jarriko lituzke martxan 45 urtetik gorakoek eta 30 urtetik beherakoek laneratze aukera gehiago izan ditzaten. Udalak %3 handitu du Behargintzarako finantzazioa, baita Euskaltegirako, Social Antzokirako edota Basauri Kirolakerako.
Herritarren parte-hartzea
Bosgarren urtez jarraian Basauriko Udalak martxan jarri du 2017ko udal aurrekontuak osatzeko herritarren partaidetza. Aurreko urteetan bezala, herritarrek euren proposamenak bidali dizkiote Udalari: “Ekonomia eta enplegua sustatzeko politikak abian jartzea, auzoen berrikuntzetan jarraitzea eta basauriarrei babes sozial gehiago eskaintzea izan dira jaso ditugun ekarpen nagusiak”, dio Aitor Aldaiturriaga Ekomimia eta Ogasun zinegotziak.
