Basauri Bai taldeak gaur bertan jakinarazi duenez, zenbait zuzenketa proposatuko ditu aurtengo aurrekontuari. Hain zuzen, 31 izan dira plataformak aurkeztuko dituen zuzenketak. Tartean, gobernu-organoen ordainketa %25a murriztea (82.092,40 euro gutxiago), publizitatean %50eko jaitsiera egitea (66.000 euro gutxiago), sustapen ekonomikoari eta enpleguari 200.000 euroko partida gehitzea, hirigintza obrak egitea eta berrikustea auzo ezberdinetan (600.000 euro), Pozokoetxe-San Fausto-Bidebieta hobetzeko Plan Bereziko azterketan 5.000 euroko partida gehitzea eta parte-hartze kanpainen kontratua 10.000 euroan handitzea.
“Egin dugun irakurketa kontuan hartuta, udal gobernu taldeak proposatutako aurrekontuan partida gehienen gastuen jaitsiera antzeman dugu“, dio Javier Giraldo Basauri Baiko zinegotziak.
Pozokoetxe-San Fausto-Bidebieta
Aurrekontuetarako zuzenketak aurkezteaz gain, Basauri Bai plataformak Pozokotxe-San Fausto-Bidebieta Plan Bereziaren inguruko hausnarketa egin du: “Bideragarritasun ekonomiko falta antzeman diogu Plan Berezi honi“, dio Bobi Galdos zinegotziak. Horren harira, mozioa aurkeztu zuten udaletxean, baina udal gobernu-taldeak baztertu egin du.
Gauzak horrela, Amorebietako arkitektua estudio bati eskatu dio ‘K area’ko bideragarritasun ekonomikoaren azterketa egitea (Anasagasti, Basterra, Ereño, S.L.P.). “Ikerketa honek erakusten du nola udal gobernu-taldearen proposamenak milioietako bideraezintasuna duela, estimatzen zen kitapen positibo txikitik urrun. Horregatik eskatzen diogu udal gobernu-taldeari Plan Berezi hau birpentsatzea eta berrikusketa sakona egitea“, dio Galdosek.
