☉ Basauri
5.000 biztanle galdu ditu Basaurik azken bi hamarkada hauetan
Gaur egun 40.323 biztanle ditu Basaurik. Industria-osteko eraldaketa eta zahartzea dira udalerriaren bilakaeraren arrazoi nagusiak

Basaurik 40.323 biztanle ditu 2025eko urtarrilaren 1ean, Eustatek publikatu berri dituen azken datuen arabera. Kopuru horrek berresten du udalerriaren beherazko joera demografikoa; izan ere, 2001ean 45.000 lagunetik gora izatetik gaur egun 40.000 biztanle inguruan egonkortzera igaro da.
2001etik 2010era arteko hamarkadan galera nabarmena izan zuen herriak, industria-osteko trantsizioarekin batera, eta 2010etik aurrera beherakada moteldu egin bada ere, ez da oraindik joera iraultzeko gai izan.
Hego Uribe eskualdean Basaurik jarraitzen du biztanle gehien izaten. Zazpi kilometro karratuko azalerarekin, Bizkaiko udalerri populatuenetakoa da: kilometro karratu bakoitzeko 5.801,8 lagun bizi dira. Hau da, azalera txiki batean biztanleria-dentsitate handia du. Eta horrek baldintzatzen du eguneroko bizitza: etxebizitzen prezioa, espazio publikoaren erabilera, mugikortasuna eta zerbitzuen eskaera.
Eskualdeko gainerako udalerriei erreparatuta, biztanleria egonkortu da edo hazkunde apalak eman dira 2001etik 2025era bitartean. Etxebarri izan da nabarmen gehien hazi dena (7.211 biztanletik 11.901ra); Arrigorriagan egonkortze-joera eman da (10.583tik 11.680ra); eta Ugao, Zaratamo eta Zeberio bezalako herrietan mantendu egin da biztanleria (Ugaon 4.100 inguru; Zaratamon 1.600; eta Zeberion 1.000). Galdakaoren kasuan, biztanleria jaitsi da, baina arrazoia da Usansolo udalerri independiente bihurtu zela 2023an; datuak datu, 2025ean Galdakaok 24.788 biztanle ditu (2001ean 29.300) eta Usansolok 4.591 (2024an 4.576).
Gero eta zaharragoa
Eustatek emandako egungo datuen arabera, Basauri “herri zaharra” da. Testuinguru horretan, 65 urtetik gorakoen hazkundea da joerarik nabarmenena. 2025eko urtarrilaren 1eko datuen arabera, 11.293 biztanle dira 65 urte eta gehiagokoak (% 28).
Adinekoen taldea handituz doa urtez urte, eta gaur egun Basauriko biztanleen ia herena dira. Alderaketa ikusteko, 2011n % 18a zen 65 urteko edo goragoko biztanleria Basaurin eta tendentzia goranzkoa izaten jarraitzen du. Zahartze prozesu honek eragin zuzena du gizarte-zerbitzuetan, osasun arretan eta mendekotasunarekin lotutako baliabideetan, eta Udalak datozen urteetan aurre egin beharko dion erronka nagusietako bat da.
Alderantzizko joera dute 20 urtetik beherakoek. Belaunaldi berriak gero eta gutxiago dira, eta horrek agerian uzten du jaiotza-tasen beherakada iraunkorra. Datuei erreparatuta, 0 eta 19 urte bitarteko adin tartean 5.850 lagun bizi dira Basaurin (% 14,5). Gazteen presentzia ahultzeak ondorio sozialak ere baditu: aisialdi eskaintza egokitzeko beharra, etxebizitza politikak gazteentzako erakargarri egitea, eta lan-aukera berriak sortzeko premia. Eta, bide horretan ere Udala lan egiten ari da.
Beste aldaketa garrantzitsu bat da atzerrian jaiotako biztanleen gorakada. 2000ko hamarkadaren hasieran oso kopuru txikia bazen ere (% 1,33), gaur egun Basauriko kaleetan gero eta ohikoagoa da beste herrialde batzuetan jaiotako jendea ikustea (% 13,40). Atzerrian jaiotako biztanleen gorakada honek neurri batean arindu du biztanleriaren beherakada, eta aniztasun handiagoa ekarri dio herriari.
☉ Basauri
Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.
Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.
Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo, Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.
☉ Basauri
Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin
Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.
Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.
Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.
Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.
Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.
Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen
Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.
Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.
Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.
“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.
Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.
☉ Basauri
Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.
Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.
Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz.
☉ Basauri
Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”
2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]
Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.
Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.










