→Basauri

Berrasfaltatze lanak hasiko dituzte Basauriko A8 sarbidean eta Arizko zubian

Urtarrilaren 30ean berrasfaltatze lanak hasiko ditu Basauriko Udalak Basauriko sarbide nagusian eta inguruetan

Trafikoa Arizko zubian // Geuria

Iazko urrian iragarri genuen bezalaxe, urtarrilaren 30ean berrasfaltatze lanak hasiko ditu Basauriko Udalak Basauriko sarbide nagusian eta inguruetan “herriko hainbat tokitako bide-zoruaren egoera hobetu, udalerriko bide-sarea hobetu eta istripuak ekiditeko”. Udal ordezkariek azaldu dute obra horiek dirauten bitartean eragina izango dutela trafikoan.

Konpondu beharreko lehen zonaldea A8 errepideko sarbide zuzena da (A8 autobiatik Urbiraino doan errepide zatia, hain zuzen ere), herriko erabiliena. “Bide hori ibilgailu arinek eta astunek erabiltzen dute”, azaldu dute Udaletik.

A8 autobiako sarbidea, Urbitik // Geuria

Autobiako sarbideko lanen ostean Arizko zubiko berrasfaltatze lanei ekingo diete. Sarbideko zein zubian egin behar dituzten lanetarako Udalak ez du errepiderik itxiko. Zubiko lanak amaituta, inguruetako kaleetako lanei ekingo diete: Antonio Trueba kaleko 1etik 5erako tartea berrasfaltatuko dituzte. Udal ordezkariek azaladu dute kaleetako lan hauetan, printzipioz, ez dutela mozketarik egingo. “Hala ere, Antonio Trueba bezalako kaleetan lanak egin behar direnean ikusiko dugu mozketarik egin beharko diren edo ez. Hala izatekotan, iragarriko genituzke”.

Antonio Trueba kaleko obrez gainera, Catalunya, Soloarteko aparkaletarako sarbidea, Menedez Pelayo, Mercadilloko sarbidea eta Etxegarai ikastetxeko barrualdeko zuloak estaliko dituzte ondoren. Lan hauetarako 276.535 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak eta “hilabete eta erdiko epean bukatuta egotea” espero dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak