→Basauri

Adikzioen Prebentziorako Plana egingo du Basaurik, herritarren partaidetzarekin

Argazkiak: Lilartsy eta Darys Sannikova, Pexels

Adikzioen Prebentziorako Plana egingo du Basauriko Udalak, eta horretarako herritarren iritzia jasoko du. “Basauriarren iritzia jaso nahi dugu, arreta berezia jarriz gazteen kolektiboan. Udalerrian osasuna sustatzeko eta adikzioak prebenitzeko egiten diren ekintzei buruz zer dakiten eta adikzioei buruz zer iritzi duten jakin nahi dugu, eta haien iradokizunak edo ekarpenak jaso nahi ditugu”, dio Idoia Ortego Udaleko Osasun arloko zinegotziak.

“Substantzia kontsumoaren eta ohituren erradiografia egiteko balioko digute inkestek, eta gero, Udalak gai horren inguruan bultzatzen dituen ekintzak bideratzen lagunduko digu. Hori guztia 2023-2026ko Ekintza Planean islatuko da”, dio Ortegok. Herritarren iritzia jasotzeko inkestak egingo ditu Udalak, telefono bidez eta ikastetxeei posta elektronikoz; online ere erantzun daiteke inkesta. “Galdetegia konfidentziala eta anonimoa da”, dio Ortegok.

Tailerrak ikastetxeetan

Hainbat substantziaren kontsumoari eta apustuei eta ausazko jokoei lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko politikaren barruan, Basauriko Udalak urteak daramatza udalerriko ikastetxeetan tailerrak egiten. Joan den ikasturtean, DBHko 2., 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 803 ikaslek parte hartu dute tailer horietan.

“Tailer horien helburu nagusietako bat da ikasleei gogoeta eginaraztea ohiturei, portaerei eta arriskuei buruz, eta, horrela, haien bizimoduan prebentziozko jarrera izan dezaten eta arrisku fisiko, psikiko eta legalak murriztu ditzaten lortzea”, dio Ortegok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak