→Basauri

Adingabeen babesgabezia-zantzuen berri emateko exijituko die Basauriko Udalak elkarte eta klubei

Entrenatzaileek, monitoreek eta gainerako helduek eta adingabeek itun digitala sinatu beharko dute, ziurtatzeko gailu mugikorrak eta sare sozialak modu arduratsuan erabiliko dituztela.

2018an Basaurin salatutako sexu abusuen aurkako elkarretaratzea / Geuria

Udal diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintza gisa, Basauriko Udalak elkarte eta klubei exijituko die konpromisoa har dezatela Gizarte Zerbitzuei adin txikikoen babesgabezia-zantzuen berri emateko. Babesgabezia-egoeratzat hartuko dira, besteak beste, beharrizan fisikoen alorreko zabarkeria (jantziak, higiene pertsonala edota osasuna zaintzea), segurtasun-beharrizanen gaineko zabarkeria, prestakuntza-beharrizanen gaineko zabarkeria (adibidez, eskolara ez joatea), beharrizan psikikoen gaineko zabarkeria, tratu txar fisikoak, sexu-abusua, abandonatzea eta familia barruko edozein indarkeria edota indarkeria matxista pairatzea.

Neurri honekin Udalak, Ez Naiz Isilduko herritarren plataformarekin adostuta, 2019an abiarazitako programari jarraikortasuna eman nahi dio. Programa horrek berariaz jasotzen du “adin txikikoekin lan egiten duten elkarteei, erakundeei eta abarri emandako udal diru-laguntzetan abusuak prebenitzeko baldintzak ezartzeko” konpromisoa. Ildo horretan, EH Bildu udal-taldeak proposatu zuen udal diru-laguntzak jaso ahal izateko, elkarte edo erakundeei eskatzea “protokolo bat sinatzeko, balizko jazarpen eta sexu-abusu egoerak prebenitzeko eta horien aurka ekin ahal izateko”. Horrekin batera, koalizio ezkertiarrak eskatu zuen adin txikikoek eta haiekin harremanetan dauden adin nagusikoek itun digital bat sinatzea. Proposamen hori aintzat hartuta, abusu-kasuak jakinaraztea planteatu zuen udal gobernu taldeak. Helburu horrekin, beraz, udal diru-laguntza bat lortu nahi duten elkarte, klub edo taldeek erantzukizunpeko aitorpen bat sinatu beharko dute. Aitorpen horretan entitatearen ohiko jardunean ume zein nerabeekin harremanetan dauden entrenatzaileek, monitoreek eta gainerako adin nagusikoek konpromisoa hartuko dute beren ardurapeko edozein adin txikikok ustez bizi duen edozein babesgabezia-egoeraren berri emateko Udal Gizarte Zerbitzuei. 

Itun digitala

Era berean, adin txikikoek eta haiekin harremanetan dauden helduek ‘itun digitala’ deritzona sinatu beharko dute, gailu mugikorrak eta sare sozialak modu arduratsuan erabiliko dituztela bermatzeko. “Modu arduratsuan” definitzerako orduan, honako adibideak jarri dituzte ekimenaren antolatzaileek: aldagela barruan gailu mugikorrik ez erabiltzea (guztion intimitatea babesteko); jarduera, entrenamendu edo lehiaketan zehar mugikorra edo beste edozein gailu ez erabiltzea; Internet bidezko elkarrizketetan, inorenganako errespeturik ez galtzea eta inor ez iraintzea edo gutxiestea; sare sozialak gezurrak zabaltzeko edo kideen, arerioen, arbitroen, zaleen eta abarren aurka aritzeko ez erabiltzea, eta ez argitaratzea edo partekatzea kideen irudiak beren baimenik gabe. Horrez gain, erakundeak konpromisoa hartzen du adin txikikoekin harremanetan egoteko erabilitako teknologia digitalak modu arduratsuan baliatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak