→Basauri

Agirre Lehendakaria kaleko 31. zenbakiko etxebizitza aurten eraitsiko dute Basaurin

Udal arduradunek aurreikusi dute esleipena irailean egitea, eta obra egiteko gehieneko epea, lanak hasi eta gero, zortzi astekoa izango dela.

Agirre Lehendakaria etorbideko 31. zenbakiko etxebizitza eraisteko lanak lizitariora atera ditu Udalak //

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan berezia garatzen jarraitzen du Basauriko Udalak. Duela hilabete Pozokoetxeko lursailetako bat saldu zion Grupo Eibar taldeari bertan 32 etxebizitza libre eraikitzeko, eta orain, lizitaziora atera ditu Agirre Lehendakaria etorbideko 31. zenbakiko etxebizitza eraisteko lanak. “Eraikin hori botata, Autonomia kalea luzatu eta Pozokoetxerekin lotzeko bide berria egin ahalko da”, diote udal arduradunek.

Eraikina botatzeko lizitazioa 156.852 eurokoa da, eta enpresa lizitatzaileek uztailaren 23ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Udal arduradunek aurreikusi dute esleipena irailean egitea, eta obra egiteko gehieneko epea, lanak hasi eta gero, zortzi astekoa izango dela.

“Plana aurrera doa martxa onean, eta, dagoeneko, hiru auzoetan jarduten ari gara”, diote. Besteak beste, San Fausto plaza berriaren proiektua idazteko lana adjudikatu zuten duela hilabete batzuk; Autonomia kalearen jarraipena izango den bidearen proiektua aurten esleituko dute; eta, iaz Pozokoetxeko hiri-berrikuntza integralaren behin-behineko lehen jarduketa zabaldu zute trenbide-multzoko zabalgunean. “Horren aurretik, Agirre Lehendakaria 27 eta 29, eta San Fausto 4 eta 6 bota genituen”, diote. Horiez gain, Basauriko Udalak Arizgoitiko maisu-maistren etxea zegoen orubea saldu zion Grupo Eibar enpresari eta dagoeneko proiektatutako etxebizitzak eraikitzen ari da. Gainera, Adifek Bidebietako tren-geltoki berriaren proiektua idazteko lana adjudikatu du.

Hiri-berroneratzearen alorreko ekimena “autofinantzatu” egiten dela dio Asier Iragorri Basauriko alkateak: “Lursailak saltzetik lortutako diru-sarrera guztiak herrian inbertituko ditugu berriro: hiri-berroneratze planean aurreikusitako urbanizazioetan, Pozokoetxen egingo den parkean, San Fausto plaza berrian, auzoen arteko loturak eraikitzen, behar dutenei berriro ostatu ematen eta abar”.

Iragorrik 2018an adierazi zuen 2022an eta 2023an hirigintza aldetik aldaketa nabariak ikusiko zirela plangintza berezi horren ondorioz. Plangintza osoak 10-15 urteko epeak ditu, hau da, datorren hamarkadaren hasierarako bukatuta egotea aurreikusten dute udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak