→Basauri

AHTak Basaurin “inolako eraginik edo ahalik eta eragin txikiena” izan dezan “borrokatuko” du Udalak

Lapatzan AHTaren behin-behineko geltokia eraiki dezaketen zurrumurrua zabaldu da. Momentuz datu ofizialik ez dutela ziurtatu du Asier Iragorri alkateak. Bitartean, erakunde arteko batzordearen bilera egitea eskatu dio Udalak Ministerioari.

Lapatza Basaurin / Geuria

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (HTS) auziak ahoz aho dabiltza berriro gizartean. Eta Basaurin ere ez da salbuespena izan. Aurreikuspen guztien arabera, bi proiektuek Basaurin izango dute eragina, baina eragin hori “baliogabea” edo “gutxienekoa” izatea bilatuko du Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, iraileko osoko bilkuran honakoa onetsi zuten, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos udal-taldeen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoekin (PPren ordezkaria ez zen iraileko osoko bilkuran izan): “AHTaren kasuan, onartutako azken trazatua, hau da, Zaratamotik Bilboraino lurpetik doana eta Basauri zeharkatzen duen aldiriko trenbidetik igarotzen ez dena, defendatuko du Basauriko Udalak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren aurrean”.

Asier Iragorri Basauriko alkateak dioenez, “AHTaren kasuan, euskal erakundeek eta Basauriko Udalak aurreko legegintzaldian Ministerioaren aurrean egindako negoziazioetan lortu zuten udalerriarentzat askoz eragin handiagoa zuen hasierako trazadura baztertzea, eta horren ordez, Zaratamotik Bilbora lurperatuta sartzea proiektua. Gure jarrera, alderdi gisa, garai hartako bera da. Gobernu talde honek, eta aurrekoak, gauza bera egin dugu eta egingo dugu: AHTak eta HTSk Basaurirentzat inolako eraginik edo ahalik eta eragin txikiena izan dezaten borrokatzea”. Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen kasuan, merkantzia-trenen zirkulazioa Basaurin ez areagotzea planteatuko du Basauriko Udalak.

Merkantzia-trenen zirkulazioa

Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbideak helburu argi bat du: errepideko garraiotik merkantziak kentzea eta horren ordez trenbidea erabiltzea. Ingurumena hobetzeko politiken barruan dagoen neurria da. “HTSk Basaurin izan dezakeen edozein inpaktu minimizatzea da bilatu behar duguna”, dio Isabel Cadaval PSEko ordezkariak. HTS bi alditan eraikiko dute. Lehen zatiak Serantesko tunela eta Bilboko Olabeaga auzoa lotuko ditu, eta, bigarrenak, Barakaldo eta Basauri. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak bere garaian iragarri zuenez, lehen tartea 2023an zabaltzea aurreikusten dute. 

Bobi Galdos Elkarrekin Podemoseko zinegotziaren arabera, lehenengo fasearen azterketa eginda dago, eta proiektua lau etapatan egingo da: aurretiko lanak, alternatiben azterketak, oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak. Aldez aurreko lanak 2022aren amaierarako bukatuta egon beharko lirateke. Bigarren fasea, Bilbotik Basaurira izango litzatekeena, idazten ari dira, alternatibak aztertzen ari dira eta 2021aren amaieran bukatuta egotea aurreikusten dute. “Beraz, beldur gara lehenengo fasea amaituta eta bigarren fasea bukatu bitartean merkantzia-trenak ohiko bidetik, aldirietatik igaro beharko ote duten”, galdetu du Galdosek. “Elkarrekin Podemosen ez gaude ados HTSa bi fasetan garatzearekin. Fase bakar batean egin daitekeela uste dugu: tuneletik tunelera, Serantestik Malmasinen eraikitako tunel berrira, Bilbotik 53 konboi gehiago igaro eta Basauritik irten behar ez izateko. Horrek trenbide-saturazioa eragin dezake, eta soinu-inpaktu handia. Gure proposamenak, ordea, eraiki beharreko azpiegitura berriak gehiago aprobetxatzea dakar, kostuak aurreztea, Bilbo Handiko metropoli-eremuko eta, bereziki, Basauriko ingurumen-kutsadura gutxitzea”, dio Galdosek.

Javi Valle EH Bilduko zinegotziak hegoaldeko trenbide saihesbidearen auzian “eskualdeko ikuspegia” izatea aldarrikatu du: “HTSren bigarren fasea eskualde gisa pentsa dezagun: Basaurirako nahi ez duguna, Arrigorriagarako ere ez dugu nahiko. HTS Cementos Rezola enpresatik atera beharko litzateke, eta irteera natural horrek merkantzien trafikoa saihestuko luke eremu osoan. Horregatik, eskualde mailan landu nahi dugu gaia”. 

Geltokia Lapatzan?

“Zein da gure udalerriaren eta Udalaren jarrera Lapatzako AHTaren behin-behineko geltokiaren aurrean?”. Galdera hori planteatu zuten EH Bildutik: “Prentsak espekulatzen du Sidenor enpresaren hondakindegi zaharraren ondoan eraikiko dela AHTaren behin-behineko geltokia. Gai hori eztabaidatu beharko genuke. Guk badiogu: ez dugu nahi. Ez dugu Basaurin udalaz gaindiko beste azpiegiturarik nahi. Jakin nahi dugu zer gertatuko den edo zer aurreikuspen dagoen etorkizuneko geltoki horri buruz”, dio Vallek. Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak zera dio: “Lapatzako AHTaren behin-behineko geltokiari dagokionez, oraindik ez da gauza segurua. Ez dakigu zer gertatuko den. Nahiago genuke Lapatzan geltoki hori ez balego. Hori bai, PSEk eta nik neuk AHTa nahi dugu; Euskadirentzat nahi dugu, Bizkaiarentzat nahi dugu. Sentitzen dugu hainbat arrazoirengatik eta inbertitu beharreko diruagatik lehenago iritsi ez izana”. 

Basauriko udal ordezkariek erakunde arteko batzordearen bilera egitea eskatu diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari. “Era berean, erakunde arteko batzordeak 2018an egindako bileraren akta bidaltzeko ere eskatu diegu”, dio Asier Iragorri alkateak: “Gobernu talde hau AHTari eta HTSri buruzko edozein erabaki-forotan egongo da basauriarren interesak defendatuz. Alderdi guztiak elkarrekin joan beharreko gairen bat badago, hauxe da, eta orain arte erabateko adostasuna edo ia erabateko adostasuna izan badugu, horrela jarraitu beharko genuke elkarrekin arraunean, gure bizilagunen onerako”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak