☉ Basauri
Ainize Medrano: «Euskaldunok oso harro gaude gure gastronomiaz, eta hori islatzen saiatzen naiz nire ilustrazioetan»
Ainize Medrano (Basauri, 1991) eduki sortzaileak gastronomia lokala eta ohiturak hedatzeko ‘Eat In Basque’ sinadura sortu du

Igandeetako rabak eta bermutak. Sagardotegietako kuadrillako otorduak. Gilda klasikoak. Euskaldunok ondo jatea maite dugula ez du inork zalantzan jarriko. Izan ere, gure sukaldaritza tradizionalaren izen ona nazioartean da ezaguna. Baina, zer dago plater bakoitzaren atzean? Ainize Medrano (Basauri, 1991) eduki sortzaileak gastronomia lokala eta ohiturak hedatzeko ‘Eat In Basque’ sinadura sortu du. Instagram bidez janari tipikoen marrazki digitalak partekatzen ditu, eta bere laminak 100 etxe baino gehiagotara iritsi dira. Halere, kalitatea ez datza tokiko produktuetan bakarrik, baita eskaintzaren aniztasunean ere. Basauriarrak ‘Best Bost’ izeneko kontua tokiko jatetxeen gomendioekin elikatzen du. Horrela, agerian uzten du euskal kulturaren aberastasun zaporetsua.

// Geuria
Hainbeste jatetxeren artean, kosta egiten zaigu plater on batez non gozatu aukeratzea. Nire lagunek beti galdetzen didate: “Nora joan naiteke bazkaltzera?”. Jatetxeen inguruan informazioa biltzea gustatzen zait, eta blog bat egin behar nuela aholkatzen zidaten. Azkenean animatu egin nintzen eta ‘Best Bost’ sortu nuen. Asmoa haiei ematen nizkien gomendioak jende gehiagorekin partekatzea zen, eta sare sozialak trafikoa webgunera bideratzeko erabiltzea. Baina bloga kaleratu eta gutxira etxean giltzapetu gintuzten pandemia zela eta. Orduan, denbora izan nuen ideiak ondo finkatzeko, eta kalera irten ginenean forma ematen hasi nintzen. Asko miresten dut hemengo merkataritza eta taberna txikiek egiten duten lana, eta hori ikustaraztea ideia polita iruditzen zait. Hasieran Bizkaian barrena aritu nahi banuen ere, eduki gehiena Bilbon kontzentratu dut, hirira gerturatzeko erraztasuna dutenei lagungarri izateko.
Berrogeialdia bukatu eta tokiko merkataritza bultzatzeko ekimena jarri zenuen martxan. Zein izan zen ‘Auzotar ikusezinak’ kanpainaren emaitza? Gastronomiaren munduan murgilduta, toki batzuetan jende berarekin elkartzen zara eta lagunak ere egin ditut, horien artean Virginia (@theblackcity27). Pandemiaren ondorioz merkataritzak jasandako kaltea ikusita, kanpaina bat abiatzea bururatu zitzaigun. Lagun ezkutua prestatu genuen Bilboko 80 bizilagun eta 40 saltokiren artean. Oso harrera ona izan zuen. Gogoan dut, adibidez, ustez astebete inguru beharko genuela ostalariak biltzeko eta egun pare batean lortu genituela! Oso azkar antolatu eta 1.500€ baino gehiagoko kontsumoa eragin genuen hirian. Handiagoa izan zitekeen arren, bion artean arduratu ginen saltokiz saltoki txartelak eramateaz, zozketak egiteaz, parte-hartzaile bakoitzarekin harremanetan jartzeaz… Askotan pentsatu dugu berriro egitea, baina ez daukagu une hartan geneukan denbora librerik gure ahalegina horretara zuzentzeko.

// Geuria
Zer-nolako bilakaera izan du ‘Best Bost’ proiektuak ordutik aurrera? Bloga mantentzeak lan handia eskatzen du, beraz, indar guztiak Instagramera bideratzen ditut orain. Idaztea eta argazkiak ateratzea da gehien gustatzen zaidana, baina egia da horrek gero irismen txikiagoa duela. Orduan, nire edukiak sare sozial horretan arrakasta duten formatuetara moldatzen ari naiz, hala nola, bideoetara edo Reels-etara. Ez ditut hainbeste jarraitzaile, baina egiten dudanaz gozatzen dut eta badirudi erabilgarria dela, jendeak baloratu egiten duelako. Normalean leku berri bat inauguratzen dutenean probatzera joaten naiz, eta gogoko ditudan jatetxeak bakarrik publikatzen ditut. Era berean, sortu dudan edukia gustatzen ez bazait, ez dut publikatzen. Kasu horretan, berriro joaten naiz hobeto landu ahal izateko. Ez dut inoiz abisatzen, baina noizbait nirekin harremanetan jarri dira kolaborazioren bat egiteko. 18/70 garagardoarekin, adibidez, haiei buruz aspaldi egin nuen argitalpen bat ikustean, gustatu zitzaien eta antolatzen dituzten ekitaldietara gonbidatzen naute. Hala ere, leku gehiagotara joaten naiz Ainize izateagatik ‘Best Bost’ izateagatik baino. Sekulako eskaintza dago! Oso eskertuta nago nire etxe ondora zapore izugarri onak dastatzera joan ahal izateagatik. Aberasgarria da guretzat, japoniar batek bere kultura zabaldu nahi duenean esaterako, hemen jatetxe bat irekitzea. Eta Euskal Herriko janaria ere primerakoa da. Pintxo elaboratuen zerrenda amaigabea ikusi besterik ez dago.
Erabiltzaileak edukien gose dira? Errezetei buruzko ‘foodie’ kontu asko daude, baina uste dut gero eta gehiago hazten ari direla asteburuan egiteko planen ideiak ematen dituztenak. Kalean jateko ohitura handia dago hemen, eta jende askok argitalpenak gustukoen atalean gordetzen ditu aurrerago joateko aukera moduan. Jatetxe baten kartan argazki politak agertzen badira, hori eskatzeko gogoa pizten zaizu. Bada, honekin berdin gertatzen da. Blogari batek bere bazkariaren argazkiak partekatzen dituenean, gero plater izarra bihurtzen da. Begietatik jaten dugunaren adibide argia da hau. Norbaiti gustatu egin zaio, eta itxura ona duenez, ez zara probatu gabe geratuko. Sare sozialek etengabe elikatzen dute hori.

// Geuria
Irudiaren botereaz jabetuta, ilustrazioetan islatzeari ekin diozu orain. Nola jaio zen ‘Eat In Basque’? Aspaldi izan nuen lamina bat egiteko ideia, baina nik ez nuen margotzen. Esperimentatzeko ere denbora behar nuen. Pandemia garaian konfinatuta egon nintzen hilabete bat inguru, eta nire urtebetetzearekin bat egin zuenez, ahizpak Ipad bat oparitu zidan. Beraz, banituen euskarria, ideia eta denbora. Lagunei zirriborroen eboluzioa bidaltzen hasi nintzen: “lehenengo eguna artista izaten”, “bigarren eguna artista izaten”, “hirugarren eguna artista izaten”. Azkenean, txantxa moduan hasi zena, gauza nahiko txukun bihurtu zen. Irudiek estilo minimalista dute. Kutsu japoniarra ere izan dezakete, baina egin eta gero pentsatu dut hori. Jendearekin partekatu behar nuela esan zidaten eta izen bat bilatzeari ekin nion. Dena gilda batekin hasi zen, eta euskal gastronomia zabaltzea proposatu nion nire buruari. Horrela, ‘Best Bost’ eta ‘Eat In Basque’ erlazionatuta daude, baina eduki ezberdinak landuz. Pixkanaka jendea idazten hasi zitzaidan marrazkiak saltzen ote nituen jakiteko, eta udan online denda irekitzea erabaki nuen. Neska batek nire marrazkietako bat tatuatu ote zezakeen ere galdetu zidan! Halere, gehiena Instagrametik saltzen dut, webgunean diseinu pare bat baino ez dudalako. Publikoaren erantzunak entzuten ideia berriak sortzen dira, eta egiten dudan guztiak zentzu bat izan dezan saiatzen naiz. Laminak, adibidez, Bermeon inprimatzen dira, eta zetazko zapia bidaltzeko erabiltzen den kaxa material biodegradagarriekin eginda dago konposta egiteko.
Gastronomiak berebiziko garrantzia du euskal kulturan. Asko gustatzen zaigu kalean egotea, jatea, edatea, konpainia onaz inguratzea… Horretan datza gure aisialdia urte osoan zehar, eta oso harro gaude gure gastronomiaz. Saia zaitez larunbat batean Bilbora joaten bazkaltzera erreserbarik gabe. Ezinezkoa! Nire kasuan ere, lagunekin geratzen naizenean zerbait hartzera joateko izaten da, edo mendira igotzeko eta gero bazkaltzera… Horregatik, hori islatzen saiatzen naiz eskura ditudan baliabideak erabilita. Ilustrazio bat planteatzerako orduan, atzean dagoen istorioa kontuan hartzen dut: jatorria, osagaiak edota tradizioa. Euskaldun bakoitzak berea balitz bezala sentituko du. Beraz, irudia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzitako testu batekin laguntzen dut, gure ohiturak ahalik eta gehien hedatzeko.

// Geuria
Abenduan zure lehen erakusketa egin zenuen: ‘Erronda amaigabea’. Nolako harrera izan du? Behin La Manducateca gourmet dendako nagusiari marrazkiak erakutsi nizkion, eta lekualdatzen ari zirenez, saltoki berrian erakusketa bat egitea eskaini zidan. Zortzi metroko horma pintxo-poteari buruzko 19 ilustraziorekin bete nuen. Lotura bat sortzeko asmoz, nire pintxo eta pote gogokoak ordenatuta jarri (gilda eta bermuta edo rabak eta muztioa, kasu) eta ohiko esaldiekin tartekatu nituen. Istorioa “Potoa jarriko dugu?” dioen irudi batekin hasten da, eta badirudi amaierara iristen dela “Azkena eta bagoaz?” esaten duen beste batekin. Baina inoiz ez da azkena izaten. Koadroek komuneraino jarraitzen dute. Han azken esaldia agertzen da: “Komunera noa eta eskatuko dut, zer nahi duzue?”. Orduan, ate bat irekita geratzen da, erronda amaigabe bati bide emanez. Nire erronda sortu nuen, baina bakoitzak berea du. Pintxo-potearen berezitasuna da giroak harrapatu egiten zaituela. Hortaz, jendearen parte-hartze hori islatu nahi nuenez, kutxa bat jarri nuen pintxoen irudiekin, eta beste bat poteekin, beren konbinazio perfektua hauta zezaten. Harrera oso ona izan du, nahiko erraza izan delako edonor identifikatuta sentitzea. Esaldiak saltzen ote diren ere galdetu didate!
Erakusketa prestatu baino lehen, Chic Market-en zure produktuak gerturatzeko aukera izan zenuen. Emakume sortzaileen inguruko azoka antolatu zen Bilbon. Izekok salmahai polita jartzen lagundu zidan, bera erakusleiho-apaintzailea baita, eta publikoarekin lehen hartu-emana izan zen hura. Instagrametik argazkiak eta mezuak jasotzen ditut, baina ordura arte ez nituen ezezagunen erreakzioak zuzenean ikusi. Bertan konturatu nintzen pertsona askok marka ezagutzen zutela, eta harritu egin ninduen horrek. Berotasun handia sentitu nuen. Emakume batek koadro bat erosi zidan Dubain bizi den bere ilobari bidaltzeko. “Bere izekoz oroit dadin!”, esan zidan. Zapia Japoniara eta Los Angelesera ere eraman dute bertakoak diren baina hemen bizi diren bi pertsonek, amari oparitzeko haien bizitoki berriaren erakusgarri gisa. Azken finean, gure gastronomia oso bereizgarria da.
Eta aurten, helburu berririk bai? Tote bag batzuk diseinatu nituenean konturatu nintzen laminak oso politak izan arren, etxe barruan geratzen direla. Hortaz, euskarri gehiagotara hedatzeko asmoa dut orain, ilustrazioak kalera ateratzeko. Kamisetak eta pinak egingo ditut, baita ziurrenik bodegoiak ere. Orain arte irudi minimalistak izan dira, eta bodegoietan elementu gehiago sartu nahi ditudanez, estiloa apur bat nola aldatu ikusi beharko dut. Gastronomiari buruzko fanzine bat ere atera nahi nuke, eta ideia berriak bururatzen zaizkidan heinean, gauzatu egingo ditut. Norbaitek eskualdean zerbait proposatzen badit, ongi etorria izango da. Basauriko jaiak aurkezteko porroi bat marraztu nuen animazio moduan, familiakoen artean zabaltzeko. Entzuteko prest nago, eta ahal bada, aurrera!
☉ Basauri
Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da
1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.
Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.
Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.
Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.
Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.
CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:
☉ Basauri
Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin
Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.
‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.
Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.
“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.
Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.
Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
☉ Basauri
Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik. Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara, Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.
Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.
2026rako aurrekontuaren banaketa
Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:
Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.
Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.
Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.
☉ Basauri
Mikel Karrillo eta Mikel Ulibarri: esku pilotako Bizkaiko kluben arteko txapeldunak
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian. Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian

Bi hilabeteko txapelketa eta gero, joan den urtarrilaren 17an Bizkaiko kluben arteko txapelketako buruz buruko finalak jokatu zituzten Iurretako frontoian eta Basauriko Bidebieta Pilota Klubeko Mikel Karrillok eta Mikel Ulibarrik irabazi zuten sari nagusia.
Karrillok Hartzak-eko Jon Inorizaren aurka irabazi zuen pilota partida ‘Nagusiak’ kategorian (3.maila). Ulibarri, ostera, Olaburuko Niko Ortizen aurkako neurketan irten zen garaile, ‘Gazteak’ kategorian (2. maila).
☉ Basauri
Segurtasun Saila: “Istripu baten ondorioz erori da Basauriko zubitik ibaira gaztea”
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an, 21 urteko gazte bat Basauriko Arizko zubitik erori zen 13:15ak aldera.
Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra istripu bat izan da eta gaztea ibaira erori da.
Istripua gertatu eta minutu gutxira Bizkaiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta anbulantzia bat gerturatu dira zubira eta suhiltzaileen eskala-kamioiaren bidez erreskatatu dute gaztea, esku-ohe batean.
Ibaitik atera bezain pronto, larrialdi zerbitzuek bertan artatu dute zauritua eta segidan Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute.











