Sareak

☉ Basauri

Alazne Gomez: “Inor gutxietsia sentituko ez den gimnasio bat sortzea da nire ametsa”

Txikitatik harremanetan eta zainketan egon da Alazne desgaitasunak dituzten pertsonekin. Bere esperientzia eta kirol pasioa konbinatuz Hazsten eta Gorabide elkarteetan dabil lanean Halterofilia egiteaz gain

|

Desgaitasun bat duen pertsona bat nola tratatu, nola bizi, nola lagundu eta beste hainbat zalantza izan ditu Alazne Gómezek (Basauri, 2000) txikitatik. Down Sindrome familiar batekin izandako esperientziaren ondorioz erabaki zuen gizarte integratzaile izatea. Profesional hauek edozein gizarte-taldetan esku hartzeaz arduratzen dira, bazterkeria-kasuak saihesteko eta konpontzeko. Basauriko atletismo egokituko taldean lehen esperientzia profesionala izan zuen. Beste esperientzia batzuk probatzea erabaki du pandemia ostean, dibertsitate funtzionaleko pertsonekin lan egiten duten Hazsten eta Gorabide elkarteetan. Hala ere honek ez du aldendu bere beste zaletasunetik, kiroletik alegia. Lesio batengatik atletismoa utzi ostean halterofilia probatu zuen pasa den urtean, Espainiako txapelketan bosgarren postua lortuz.

Zergatik erabaki zenuen gizarte integratzaile izatea?
Batxilergoa amaitzean erabaki bat hartu behar nuen. Izan ere, ez neukan oso argi zer ikasi. Familian dibertsitate funtzionaleko pertsona bat dago, eta erabaki nuen bera nola tratatu eta nola zaindu jakin nahi nuela. Horregatik aukeratu nuen gizarte integratzaile izatea. Horrez gain, arreta soziosanitarioko ikastaroa atera dut aurten. 2017an legea aldatu zuten eta ikastaro hau eskatzen dute pertsona hauekin lan egin ahal izateko.

Dibertsitate funtzionaleko pertsonekin, kirol esparruan hobeto moldatzen zara?
Bi esparruak probatu eta gero berdin zait. Baina egia da nire papera ez dela berdina kirol eta aisialdi esparruan edo erresidentzia batean nagoenean. Ez da berdina haien etxean edo bizitokian egotea edo inorena ez den inguru batean egotea.

Zer sentiarazten dizu beraiekin lan egiteak?
Oso pozik sentitzen naiz. Harro nago gaur egun naizen pertsona izaten lagundu didatenekin. Hasieran kontu handiz ibili nintzen. Haiei zerbait ateratzen ez bazitzaien, etxean edozer bilatzen nuen gauzak konpontzeko. Baina apurka-apurka konturatu nintzen haiek niri irakasten zidatela. Beraiei esker naiz integratzaile eta entrenatzaile hobea. Beraiek irakatsi didate egoera eta momentu ezberdinak nola kudeatu. 

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Pertsonekin moldatzea, laguntzea, irakastea eta haiekin barre egitea. Haien egunerokoa da gehien betetzen nauena. Pertsona horiek nola eboluzionatzen duten ikusi ahal izatea, haien aurrerapenak bizitzea. Adibidez, hasieran ia ibiltzen ez zekien pertsona bat, lan eta laguntza handiaren ostean normal ibiltzen ikusi ahal izatea deskribaezina da.

Gutxitan ikusten ditugu dibertsitate funtzionaleko pertsonak lanpostuetan. Behar adina aukera ematen zaizkie gizartean?
Ez daukate guk izan dezakegun laguntza bera, aukera askoz gehiago izan beharko lukete. Gainera covid-arekin arazo hau handitu egin da. Atleta profesionala den lagun bat daukat, ikasketa anitz dituena. Baina lehen haien egoeragatik aukera gutxi bazituzten lan munduan, gaur egun aukera hauek askoz txikiagoak dira. Haiek moldatu nahi dute, baina gizartea ez da moldatzen desgaitasunak dituzten pertsonetara. Izan ere, umeek errazago partekatzen dute haien espazioa, baina nagusiak mesfidatiagoak gara pertsona hauekiko. Aukera gutxiegi ematen zaizkie. Gehiago emango bagenizkie harrituko gintuzkete.

Down sindromeko pertsonak munduko txapelketetan bai, baina olinpiar jokoetan ez.
Interes faltagatik, diru faltagatik eta laguntza faltagatik gertatzen da hori. Bai estatu mailako txapelketetan, bai munduko txapelketetan, T21 maila dago, Down Sindromeko kategoria. Baina paralinpiar jokoak heltzen dira eta ez dago halakorik. Beraz, nik uste dut diru faltagatik, gestio txarragatik eta interes maila txikiagatik gertatzen dela. Adibide garbia hurbil daukagu. Mikel Garcíak, Bilboko atletak, munduko txapelketak irabazi ditu, baina gero ezin da paralinpiar jokoetara joan, Down Sindrome pertsonentzako maila bat jarri nahi ez dutelako. Hala ere, uste dut Parisko 2024ko paralinpiar jokoetarako lortu daitekeela haien parte-hartzea. Proposamena senatura eraman da, eta aipatutako mutil honek ahal duena egingo du Parisen egoteko, edo gutxienez, bere taldekide eta lehiakideak bertara joan daitezen.  

Atletismo egokituko kluba zure lehen esperientzia izan zen dibertsitate funtzionaleko pertsonekin?
Profesionalki halaxe izan zen, bai. Baina lehen esan bezala, txikitatik desgaitasunak dituzten pertsonekin elkarbizitzen edo erlazionatzen bizi izan naiz. Benetan esperientzia horiek izan dira mundu honetan lan egitera bultzatu nautenak. Apurka apurka, gero eta gauza gehiago ikasi ditut pertsona hauen egoera hobeto ulertu ahal izateko eta benetan lagundu ahal izateko.

Horren ostean Gorabiden lan egiten hasi zinen.
Hasieran, hirugarren adinekoen egoitza batean lan egiten hasi nintzen. Baina nahiz eta nire lana ondo egiten saiatu, ez nengoen gustura, ez zen nire esparrua. Orduan, nirekin ikasi zuten lagun batzuek, Gorabiden sartzeko esan zidaten, esperientzia ahaztezina zelako haien ustez. Batez ere niretzat, mugimendu urriko pertsonekin egotea maite baitut. Eta bertan konturatu nintzen hori nire lana zela. Bai erresidentzia batean edo bai gazteen pisuetan. Izan ere, Gorabidek aukera biak ematen dizkizu. Desgaitasunak dituzten pertsonekin eguna pasatzea, bizitza beraiek ere disfrutatu ahal dutela erakustea eta egunaren amaieran irribarre bat ateratzea, niretzat izugarria da.

Hazsten elkartean ere lan egiten duzu.
Gorabiden lan egiteaz gain, Hazsten elkartean sartu nintzen. Izan ere, kasu honetan kirolarekin erlazionatuagoa dago. Elkarte honek dibertsitate funtzionaleko edo dibertsitate fisikoko pertsonak laguntzen ditu. Dena kirolarekin erlazionatuta dago. Hala ere, ez da hain lehiakorra Basauriko atletismo egokituko taldea izan daitekeen moduan, baina gerta daiteke batzuk maila altuagoetara heltzea.

Zure bizitza txikitatik egon da kirolera lotua. Zenbat urte eman dituzu atletismoa praktikatzen?
6 urtetatik, 16 bete nituen arte. Belaunetan hiru bider ebakuntza egin ostean utzi behar izan nuen. Horren ondoren, frustrazio maila altua bizi izan nuen. Ez nuen nahi ezer jakin nire entrenatzaileari buruz, ezta kideei buruz ere. Baina erabaki nuen, nik kirol hori ezin nuela atzean utzi eta Basauriko atletismo klubak umeak entrenatzeko emandako aukera onartu nuen. Bai haiei eta bai Javi Conderen taldekoei, atletismo egokitukoei.

Urte batzuk geroago halterofilia egitea erabaki zenuen.
Hamazortzi urterekin erabaki nuen belaunak indartzea, ez nuelako beste lesio gogor bat izan nahi. Orduan eman nuen ia urtebete teknika ikasten eta sentadillak egiten 40 kilorekin bakarrik, belaunak indartu arte. Hortik aurrera, gustua hartu nion, eta Covid-aren ondoren Espainiako txapelketarako sailkapena lortu nuen. Bertan bosgarrena geratu nintzen, nire emaitzarekin oso pozik.

Hobby moduan egiten duzu?
Hobby moduan egiten dut, izan ere, kirola nire bizitzaren parte da. Lesioak izan nituenean, azken ebakuntza eta gero, hiru egunetara, gimnasioan bueltan nengoen. Baina belaunak nituen moduan ezin nuen kirolik egin. Momentu horretan negargura handia sentitu zen. Horregatik gaur egun jarraitzen dut kirola egiten, baina apurka-apurka. Presaka ibiliz gero bai baitakit zer gertatuko zaidan. Helburua egunero hobetzea da. Teknika lantzea eta aurrera egitea.

Zein helburu edo amets dituzu etorkizunerako?
Nire ametsa da inor gutxietsia sentituko ez den gimnasio bat sortzea. Gimnasio izan edo leku inklusibo izan. Edonor egon daitekeen espazio komun bat. Guztion artean elkar lagundu gaitezkeen espazio bat. Askotan gertatzen da, bai pertsonak bai familiak euren seme-alabekin, pentsatzen dutela ez direla gai hainbat kirol egiteko. Nire partetik zerbait gehiago jar badezaket, nire inguruko mundu hori hobetzeko, primeran. Inklusioa den edo zertan lagundu daitekeen. Jendeari irakatsi pertsona hauek nola tratatu. Edozein lekutan integratuak sentiarazteko tresnak ematea da gehien gustatuko litzaidakeena.

☉ Basauri

Arinette Ngole basauriarrak disko jaurtiketan Bizkaiko errekor absolutua hautsi du

Pasa den astean hautsi zuen Bizkaiko errekorra Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan, zeinetan txapeldunorde izan zen

|

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da, 18 urtez azpiko kategorian // Artunduaga Atletismo Taldea

Arinette Ngole Artunduaga klubeko atleta Espainiako txapeldunorde da disko jaurtiketan, 18 urtetik azpiko kategorian. Txapelketa Malagan jokatu zen uztailaren 6an eta 7an.

Ngolek 43,50 metrora jaurti zuen diskoa, eta txapeldunak, Kantabriako Pielagos klubeko Andrea Njimi Tankeuk, 51,85 metrora.

Ngolek bere markarik onena (42,86) hobetu du. Gainera, Espainiako txapeldunorde izateaz gain, txapelketa berean Bizkaiko errekorra hautsi du Ngolek: aurreko errekorra 43,44 metroan zegoen. “Bizkaiko aurreko errekorra (43,44) 1998koa zen!”, adierazi diote GEURIAri Artunduaga klubetik.

Arinette Ngole, Juanjo De Campos bere entrenatzailearekin (Artunduaga Atletismo Klubeko presidentea ere bada) // Artunduaga AT

Europako txapelketarako sailkatzeko 44 metro egin behar zituen Ngolek, “baina gutxigatik ez du lortu”, diote Artunduaga klubetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duina “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute Basauriko Grafo aurrean

|

Sindikatuen ustetan, patronalaren azken proposamena "ez da nahikoa" // ELA Sindikatua

Arte Grafikoen sektorean hitzarmen duin bat “berriro exijitzeko” elkarretaratzea egin dute gaur goizean Basauriko Grafo enpresaren aurrean.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute kontzentrazioa Basauriko enpresaren aurrean, “sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen duen enpresetako bat delako”.

Uztailaren 3an Negozioazio Mahaia batu zen, eta sindikatuen ustetan, “patronalaren azken proposamena ez da nahikoa eta urrun dago hitzarmen duin baterako balizko akordio baterako”, diote, eta gaineratu dute: “Izan ere, Cebeken planteamendua erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago”.

“Sindikatuok eros ahalmena bermatu nahi dugu azken hitzarmenetik. Hau da, azken hitzarmena 2009-2011koa da, eta guk eskatzen duguna da KPI igoerak errekonozitzea 2012tik 2022ra. Gainera, hitzarmen berriak irauten duen urteetan (2023-2026) langileen soldatak KPIarekin parekatzea nahi dugu”, diote sindikatuetatik.

Halaber, lanaldi murrizketa gehiago eskatu dituzte sindikatuek, baita subrogazio eskubidea ere. “Aldi Baterako Laneko Enpresak limitatzea nahi dugu. Patronalak onartu lezake, baina baldintza batzuekin, adibidez, behin behineko kontratuen iraupena handituz”, diote.

“Uztailaren 19an, negoziazio mahaiaren hurrengo bileran, patronalak beste aukera bat du negoziazioa desblokeatzeko”, diote sindikatuetako ordezkariek. Bitartean, uztailean zehar gatazka ikusarazteko “beste ekintza batzuk” egingo dituztela adierazi dute.

Apirilean eta maiatzean, esaterako, greba egunak deitu zituzten Arte Grafikoen sektorean.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touréren hamargarrena aurkeztuko du Gijongo Aste Beltzean

|

Jon Arretxe, Touré detektibearen hamargarren liburuaren gaztelerazko bertsioarekin // Argazkia: Erein

Uztailaren 5etik 14ra bitartean XXXVII. Aste Beltza antolatuko dute Gijonen (Asturias), eta bertan izango da Jon Arretxe idazle basauriarra.

‘Mañas de lagarto’ (euskaraz ‘Musker amarruak’) liburua aurkeztuko du, Touré detektibearen hamargarren liburua.

Aurkezpena gaur, uztailak 8, izango da 20:30ean eta saioa Luis Artigue nobelistak gidatuko du.

Liburuetatik pantaila txikira

Otsailaren 1ean estreinatu zuten EITBren Primeran plataforman ‘Touré detektibea’ telesaila. Telesaila gazteleraz ekoitzia, euskaraz bikoiztuta publikatu dute estreinakoz.

Arretxe ez da proiektuan murgilduta dabilen basauriar bakarra; izan ere, Itziar Ituño aktore taldean dago, Malcom Treviño-Sitte (Touré), Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarainekin batera.

Laster jatorrizko bertsioan publikatuko du RTVEk.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migelen hazitako Alvaro Djaló hasi da gaur Athleticekin entrenatzen

|

Alvaro Djaloren mezua Athleticen sareetan (ezkerrean) eta Aitor Paredes arrigorriagarra entrenamendu saioan (eskuma) // Athletic club

Aurtengo martxoan fitxatu zuen Athleticek Alvaro Djaló eta gaur izan du bere lehen entrenamendu saioa lehen taldearekin Lezaman.

Djalók 24 urte ditu eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaira, zehazki Basaurira. Besteak beste, UD San Miguel taldean trebatu zen futbolean.

Bilboko SD Begoñan ere jokatu ostean, 17 urterekin Portugalera joan zen. Azken urteak SC Bragan eman ditu jokalari, eta aurreko denboraldian hamalau gol sartu zituen, horietako bost Championsen eta bat Europa Leaguen.

Djalók aurrelari gisa edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Bere abiadura eta baloi jaurtiketagatik nabarmentzen da, bai eta geldikako jokaldietan duen abileziagatik.

Bost denboraldiko kontratua sinatu du Athleticekin, 2029ko ekainaren 30era arte, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin.

Aitor Paredes arrigorriagarra ere gaur hasi da entrenatzen:

Aitor Paredes arrigorriagarra Ernesto Valverde entrenatzailearekin // Athletic Club

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizon bat atxilotu dute Basaurin, beste pertsona bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik

|

Basauriko Ertzain-etxea // Artxiboko irudia

Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin, borroka batean beste gizon bat objektu zorrotz batekin zauritzeagatik.

Gertaerak uztailaren 7an 16:30ak aldera jazo ziren Balendin Berriotxoa kalean. El Correo egunkariak publikatu duenez, taberna baten barruan hasi zen liskarra eta kalean jarraitu zuen.

Tabernako zerbitzarietako bat zaurituari laguntzera joan zen. Kalean etzanda geratu zen eta odola zerion burutik.

Bi inplikatuek aurretik ere izan zituzten liskarrak, El Correok zabaldu duenez.

Ertzaintzak erasoaren egilea atxilotu du.

Osorik irakurri