→Basauri

Bideoa | Alemaniako Nazien munizio arrastoak topatu ditu Gorka Martin ikerlariaren taldeak Ollarganeko gotorlekuan

Gorka Martin ikerlariaren gidaritzapean lan egin duen arkeologia taldeak ustekabeko aurkikuntza egin du Basaurin kokatutako Ollarganeko Gotorlekuan, karlistaldiko arrastoen bila ari zenean.

“Gotorlekuan topatutako material gehiena Gerra Zibilekoa izan zen: Mauser zorroak, kargadore gidak… 7,92 x 57mmko kalibreko Mauser munizioa topatu dugu batez ere bertan”, azaldu digu Martinek. Objektu kontzentrazioa oso handia izan da eta uste guztien kontra 11 x 59mmko Grass fusil ikonikoen munizioa topatu dute ere bertan.

1874ko M80 Mle Grass fusil alemaniarra. Ikonoa II Mundu Gerran // Wikipedia

“Borroka latzak bizi izan ziren Ollarganen, baina ez hori bakarrik: Basaurin aurkitutako munizioaren ia %100a Alemaniako Nazien garaiko zorroak eta kargagailu-gidak ditugu. Hala erakusten digute laborategiko emaitzek”, azaldu du ikerketaren arduradunak. Topatutako zorro eta kargadore giden %82a Alemaniako munizio lantegietan egindakoak ditugu: Polte Armaturen und Maschinenfabrik AG (Magdeburgo), Deutsche Waffen und Munitionsfabrik AG (Berlin-Borsiwalde), Metallwarenfabrik Treuenbrietzen GmbH (Sebalhdhushof), Metallwerk Wolfenbüttel GmbH (Wolfenbüttel), Deutsche Waffen und Munitionsfabrik (Berlin), Draht und Metallwarenfabrik GmbH (Salzwedel), Hugo Schneider A. G. (Leipzig), Dynamit Nobel A. G (DAG), Empelde (Hannover), KAA0147 Geco (Alemania), Manfred Weiss Patronenfabrik (Budapest), Rheinisch-Westfalische Sprengstoff A.G (Nurenberg) eta Zbrojovka Brno, závod Povázská (Bystrica).

Aurkikuntzen fabrikazio urteak 1935 eta 1936 izan ziren. “Ondorioz, baieztatu dezakegu Frankistek alemaniarren laguntza armamentistikoa izan zutela, ezbairik gabe”.

Gotorleku estrategikoaren aztarnak

Ollarganen gotorlekua eraiki zuten karlistek azken Gerra Karlistan (1872-1876), Liberalen eta Carlos Madrilgo dukearen jarraitzaileen arteko gatazkan. Ollarganeko Gotorlekua bezala ezaguna, egituraren helburua Bilbo blokeatzea izan zen, guztiz inkomunikatzea. Aitzakia hori baliatuz, gotorlekuaren inguruko arkeologia-lanak burutu zituen EHUko Gorka Martin Etxebarria doktoratu aurreko ikerlariak gidatutako taldeak iazko urrian. Helburu nagusia aztarnategiaren arkeologia-potentziala ezagutzea izan da, antzinako gotorlekua nolakoa izan zen jakin ahal izateko.

Gorkaren helburua karlistaldien aurkikuntzak eskuratzea bazen ere, Gerraz Zibileko arrastoak topatu ditu EHUko lantaldeak: “Nire ustez, Gerra Zibila freskoago daukagu gizartean, oro har. Gaur egun bizirik daude oraindik Gerra Zibila bizi izan zuten pertsona asko eta gertakari historiko hark aztarna sakona utzi zuen familia askorengan. Trauma hain handia izanez, Gerra Zibilaz aurretiko bestelako gatazkak “ahaztuta” geratu dira”.

Gorka Martin // Geuria

Gotorlekua azken karlistaldian finkatzen da, karlistek Bilbo setiatu zuten momentuan, hain zuzen ere. Gotorlekuaren parean bateria bi ipini zituzten Bilbo bonbardatu ahal izateko. Setioa bukatu ostean, liberalek karlisten lerroak apurtu zituzten eta Bilbon sartu ziren. Momentu hartan, karlisten armada erretiratu zen eta Bilbo inguruan lau gotorleku eraiki zituzten, horietako bat hauxe: Ollarganekoa.

Lubanarroa edo ‘fosoa’ defendatzen duen ‘Kaponera’ izeneko hegoaldeko aldetik ikus daiteke karlistek ondo baino hobeto pentsatu zutela gotorlekua eraikitzeko zonaldea zein izango zen: Kaponeratik ikusten denez, Ollarganeko gotorlekutik den-dena kontrolatzen zuten karlistek. Donostiara eta Gasteizera doazen bideak ikus daitezke bertatik eta gainontzeko gotorlekuak Arnotegin eta Arraizen zeuden, gotorlekutik ere ikusgai. Sare estrategiko honen bidez, karlistek eskualdeko hegoaldea kontrolpean izan zuten. “Gure teoriaren arabera, lau gotorlekuekin, karlisten helburua Bilbo blokeatzea izan zen: kontuan izan behar da 1874. eta 1876. urteen artean Bilbok kanpoaldearekin zuen konexio bakarra Ibaizabal ibaia izan zela”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak