Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Alex Garcia Galas basauriarrak errekuperazio aldi “oso luzea” izango du Gurutzetako Ospitalean

Igandean bertan, Thailandiatik aberriratu zutenean, kendu zioten kaltetutako pankrea zatia Gurutzetako Ospitalean

|

Alex Garcia Galas basauriarra Gurutzetako Ospitalera iritsi zen momentuan // Argazkia: Eitb Media

Alex Garcia Galas basauriarra indarberritzen ari da Gurutzetako Ospitalean. Igandean aberriratu zuten Thailandiatik pankreatitisak jota eta egunean bertan kendu zioten kaltetutako pankrea zatia.

Zaintza Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago eta errekuperazio aldi “oso luzea” izango duela iragarri dute Gurutzetako medikuek.

Medikuek jakinarazi dute Alex kontziente eta egoera egonkorrean dagoela, duela bi hilabetetik jasaten ari den abdomen-prozesuaren larritasunaren barruan, eta Medikuntza Intentsiboko taldearen ardurapean jarraitzen du bere tratamenduarekin.

Asteburu solidarioa

Apirilaren 27an eta 28an antolatu du asteburu solidarioa Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak, Alexen familiari laguntzeko.

Besteak beste, haurrentzako parkea, urdaiazpiko moztailea, paella solidarioa, bingo solidarioa, barra solidarioa eta zozketak antolatu dituzte. Egitaraua osorik hemen.

Bilduko duten dirua Alexen familiari emango diote. Izan ere, basauriarra Thailandian ospitalean egon zen bitartean (bi hilabete) egunero 3.000 eta 4.000 euro artean gastatu zituen familiak Alexi mediku probak egiteko.

Bestetik, itsulapikoak ere jarri ditu Basozelaiko Auzo Elkarteak Basauriko saltokietan.

☉ Basauri

Basauriko jubilatu etxeetan hobekuntza-lanak egin ditu Udalak 86.000 euro bideratuz

|

Besteak beste, Basozelaiko (argazkikoa), Arizgoitiko, Pozokoetxeko eta Kareagako adinekoen egoitzetan aulki eta mahai berriak erosi dituzte // Geuria

Basauriko jubilatu etxeetan hobekuntza-lanak egin ditu Udalak 2024an zehar. Zehazki, Arizgoitiko, San Migeleko, Kareagako, Karmelo Torreko, Pozokoetxeko eta Basozelaiko adinekoen egoitzetan.

Arizgoitiko lokalari dagokionez, tabernako sukaldea berritu, eta gasa eta bentilazioa ere jarri dituzte bertan (14.871 euro).

San Migelen, ile-apaindegia eta margogintza-gela berritzeaz gain, estore berriak jarri dituzte (31.642 euro).

Kareagako adinekoen etxean motordun pertsianak jarri dituzte (2.622 euro), eta margogintza-lokalean, sarrera-ate berria jarri eta komunak berritu dituzte (3.052 euro).

Bestalde, Karmelo Torre kaleko lokalean —zahartze aktiboko ikastaroetarako erabiltzen duten lokala— arotzeria berritu dute (9.487 euro).

Era berean, aulki eta mahai berriak erosi dituzte Arizgoiti, Pozokoetxe, Kareaga eta Basozelaiko adinekoen etxeetarako (21.581 euro), eta, Pozokoetxekoan, gainera, sarrera-ate berria jarri dute (3.384 euro).

Erabilera publikoko beste udal eraikin batzuei dagokienez, Musika Eskolan moketa berritu dute jardueren gelan (4.299 euro).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Maider Marcos Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria El Conquistador saioko lehiakide da

|

Maider Marcos 'El Conquistador' saioko 21. edizioan lehiatzen ikusiko dugu // Eitb

Atzo eman zioten hasiera ‘El Conquistador’ saioaren 21. edizioari ETB2n. Aurten 37 lehiakidek hartuko dute parte, tartean, Maider Marcos bilbotarrak.

Basauri Eskubaloi Taldeko jokalaria da Maider: Zilarrezko Ohorezko Mailako talde seniorrean dabil.

Maiderrek 22 urte ditu eta eskubaloian jokatzeaz gain, gimnasta ere bada.

‘El Conquistador’ astelehenero emango dute ETB2n, 22:30ean.

Hego Uribeko zenbait herritarrek hartu dute parte ‘El Conquistador’ saioetan. Galdakaoko Mertxe Cornago (2007), Egoitz eta Ekaitz Rios (2010 – Egoitz irabazle), Nekane Arroyo (2012 eta 2020), Mari Carmen Alvarez (2013) eta Aritz Irusta (2023); Zaratamoko Riki Rekalde (2016); Ugaoko Aiskander Jauregi (2017, – bigarren sailkatua); eta Basauriko Alazne Gomez eta Alvaro Jimenez (2023).

Kapitain bezala ere izan zen Patri Espinar usansolotarra (2019ko eta 2020ko edizioetan).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko ipuin laburrak jasoko ditu martxoa bitartean

Lehiaketaren zortzigarren edizioan parte hartzeko lanak urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte. Saritan 750 euroko bonuak banatuko dituzte

|

Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak // Geuria

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zortzigarren edizioa abiatuko du Zirt Zart Basaurik. Urtarrilaren 15etik martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

Aurten “Erabaki zuzena hartu ote nuen?” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, eta Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dute.

Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Ipuin sarituak GEURIAn argitaratuko ditugu, bai paperezko alean zein webgunean.

Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.

Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288, seigarrenean 149 eta zazpigarrenean 155.

Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Rebeca Fernandez Rueda (Barakaldo), Irene Izaguirre Chaparro (Villabona), Olatz Noberan Gartzia (Ondarroa), Andere Ramirez Garcia (Laudio) eta Izaskun Herce Quintana (Basauri).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Urbi Institutuko ikasleak arteari buruzko proiektua gauzatzen ari dira Europan

|

ArThenea proiektuan ari dira parte hartzen Urbiko ikasleak // Urbi BHI

Europara begira jarraitzen du Basauriko Urbi Institutuak. Ikasturte honetan arteari buruzko eTwinning proiektua ari dira gauzatzen: ArThenea proiektua, alegia.

Europako sei ikastetxetako ikasleak ari dira proiektuan parte hartzen: Kretako Chania hiriko Geniko Lykeio Akrotiriou (Grezia), Alsaziako Mulhouse Lavoisier (Frantzia), Asturiasko Mieresko Sanchez Lastra (Espainia), Pilseneko Gymnázium Lud´ka Pika (Txekiar Errepublika), La Reunion uharteko Lycée Jean Hinglo (Frantzia) eta Basauriko Urbi Institutua.

Proiektuaren barruan, abenduaren 2tik 8ra bitartean Basauriko ikasleak eta irakasleak Alsaziara joan ziren, eta abenduaren 10etik 15era Greziakoak Basaurira etorri ziren bisitan. “Esperientzia zoragarria, ikasleentzat ahaztezina”, adirazi dute Urbiko ordezkariek.

“Urbiko ikasleek, proiektua komunean lan egiteaz gain, euskal ohiturak, geografia, kultura, hizkuntza, monumentu enblematikoak eta altxorrak ezagutzera eman diete kanpotarrei. Bestalde Mulhouserako bisitan basauritarrak Europar Parlamentua bisitatatzez gain, Alsatziako Gabonetako merkatuak, ohiturak eta kultura ezagutzeko aukera izan zuten”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Artunduaga kiroldegiko aparkalekua berriro asfaltatzeko 123.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak

|

Artunduaga kiroldegiko aparkalekua // Geuria

Basauriko Udalak 527.000 euro bideratuko ditu herriko hainbat gune berriro asfaltatzeko: Soloarte kaleko aparkalekua eta Fleming Doktorea eta Menendez y Pelaio kaleak (97.000 euro); Artunduaga kiroldegiko aparkalekua (123.000 euro); eta Artunduaga kaleko errepidea Bilbondorantz (307.000 euro).

Gainera, Gabonak baino lehen errepide hauetako zuloak konpondu zituen Udalak: Basauritik San Migeleraino errepidearen zorua, Garbiguneko errepidea eta Urbi eta Gudarien kaleetakoa. Lan horietan inbertsioa 89.000 eurokoa izan da.

Osorik irakurri