Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Roberto Awanari: «Kapitalismoaren menpean egotera bultzatzen gaituzte Amazoniako herri indigenei. Genozidio bat dela esango nuke»

Amazoniako oihanean hazi zen Roberto Awanari. Urteetan ikusi du deforestazioaren arazoa, baita indigenen kontrako apartheida ere.

|

Roberto Awanari Basaurin bizi da duela 15 urtetik; jatorriz Perun jaio zen // Utzitakoa

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Planetako baso tropikaleko eskualderik handiena da Amazonia: 5.500.000 kilometro karratuko azalera du. Brasilek eta Peruk zatirik handiena hartzen dute —% 60a eta % 13a, hurrenez hurren—, baina beste zazpi herrialdek ere muga dute: Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Surinam, Venezuela eta Guyana Frantsesa. Urtero oihan-hedadura itzelak galtzen ditu Amazoniak, bortizkeria eta giza eskubideen bortxaketa-testuinguruan, berotegi-efektuko gas-kantitate handiak igorriz. Deforestazioaren ondorioa da hori.
Greenpeace nazioarteko erakundeak dioenez, 1970etik Frantzia osoa baino baso-azalera handiagoa galdu da Brasilen, eta 2020tik 2021era bitartean Brasilgo Amazoniak 8.712 kilometro karratu oihan galdu zituen, “azken 13 urteetako bigarren daturik txarrena”. Datuak datu, 90eko hamarkadan oihanak 2.000 milioi CO2 tona xurgatzen zituen, eta 2021ean xurgatzen duena baino CO2 gehiago isurtzen du. Bestetik, 2019an 33 aktibista erail zituztela salatu du Greenpeacek: “Brasil, 2019an, hirugarren postuan zegoen ingurumen-ekintzaileen hilketen rankingean”.

Deforestazioa eta baso-degradazioa arazo kronikoa da: abeltzaintzarako eta soja-laborantzarako larreak sortzeko nekazaritzarako muga zabaltzea da arazo horren erantzule nagusia. Era berean, basogintza industrialaren ustiapenak —neurri handi batean legez kanpokoa dena— bidea ireki dio gerora sua erabiltzearen bidezko suntsiketari, eta beste mehatxu handi bat dira proiektu hidroelektrikoak. Enpresa elektrikoak eta aseguru-etxeak proiektu suntsigarri horiekin negozioak egiten saiatzen dira, eta zur tropikalen merkatuak ere erantzukizun handia du. Espainia, adibidez, Amazoniako zur tropikal inportatzaile handienetakoa da Europa mailan. Amazoniako suntsiketari lagundu ez ezik, lurralde indigenetako inbasioa edo lan esklabotza ere bultzatzen du.

Roberto Awanari (Iquitos, Peru, 1977) Peruko Amazoniako San Pedro de Tipishka herrian jaio zen, Kukama herriaren barruan. Duela 15 urte heldu zen Euskal Herrira; Basaurira. Amazoniako deforestazioaren kontra borrokatzen du eta horren inguruan hitz egin dugu berarekin.

Amazoniako zein aldetakoa zara, Roberto?
‘Gran Kukama’ batekoa naiz. Peruko Kukama herriaren barruan dago, eta erdian, San Pedro de Tipishka dago. Ni bertan jaio nintzen.

Amazoniak eta bertako naturak zure bizitzan eragina izango zuen.
Dena, egia esateko. Amazonian hazten zarenean gauza baliotsuak kontuan hartzen dituzu. Eta ez bakarrik pertsona moduan; gizakia baino harago doa gure ingurua. Egunero aldatzen da ingurua, eta egunero aldatzen gara gu ere. Atzo maitatu genuena gaur ez dago eta ez da itzuliko, beraz, herri berriak eraiki behar dira ia egunero. Txoriek eta xomorroek ondo dakite: gure ondoan bizi dira eta jakin gabe hortik ikasten da, horrelako gauzak ikusten ditugu Amazonian. Zoritxarrez horrela ikasi genuen gure bizitza ikusten, bizirik gaude eta aurrera goaz.

Zer desberdintasun dago Amazoniaren eta Basauri edota Hego Uriberen artean?
Hasieran sekulako kontrastea ikusi nuen, baina pertsonak gara eta munduan 200.000 urte baino gehiago daramagu, leku desberdinetan bizitzen: basamortuan, izotzetan, mendietan, uretan, zuhaitzetan, basoetan. Azken finean gakoa da zelan sentitzen zaren, aurrera egiteko zer behar duzun. Dena da biziraupena.

Zenbat urte daramazu Basaurin bizitzen?
Duela 15 urte heldu nintzen Euskal Herrira, Basaurira.

Duela 15 urte iritsi zen Basaurira, Kalerora, Roberto Awanari // Geuria

Jaio zinenetik gaur egunera arte Amazoniak izan duen garapenaz galdetuko banizu.
Egia esateko, atzera goaz. Hala ere, sistemak ematen dizkigun gauza guztiak aprobetxatzen ditugu, hala nola, sistema bera menperatzeko sortutako tresnak globalizazioari esker gure herrietara heldu dira eta oihanean hiltzen ez zaituenak indarra ematen dizu. Tresna horiek kontrolatzea eta gure alde ipintzea garaipena izan da.

Zein suntsiketa jasan ditu Amazoniak eta bereziki zure herriak?
Suntsiketa asko. Konkistatik aurrera, irainak, arpilaketa, bortxaketak edota jatorrizko herrien desagerpena jasan ditugu eta jasaten ditugu… Peruko Gobernuak dio babestuta gaudela, baina zer da babesa? Gure lurralde eskubideen negoziazioetan herri ikusezina izaten jarraitzen badugu, ezer ez dugu lortu. Hori da suntsiketa nagusiena.

Herri ikusezina aipatu duzu.
Bai. Herri ikusezintzat hartzen bagaituzte, nahi dutena egiten dute. Ospitalerik ez dagoenean, sendabelarrak nortzuk erabiltzen dituzte? Bada, guk. Ur edangarririk ez dagoenen, ibaiko ura nortzuk edaten dute? Bada, guk. Animalien arimetan nortzuk sinesten dute? Guk. Egurrezko etxeak nortzuk dauzkate? Guk. Argi dago, flora eta fauna babesten ez baditugu hilko garela, Amazoniaren defentsarik gabe ez garelako ezer.

“Amazoniako deforestazioa %50 hazi da koronabirusak eragindako kontrol faltagatik”. Horrela adierazi zuten 2020ko apirilean hainbat komunikabidek.
Oso gai gogorra da, baina guretzat ez da gai berria. Globalizazioaren ekonomiak ez du etenik: hiri handiak edo oligarken ekonomia salbatzeko kontrolik ez duten herriez aprobetxatzen dira, betidanik. Krisietan aberatsek diru gehiago dute eta pobreak pobreagoak dira. Oihanean sakabanatuta bizi gara eta bakoitzak bere autonomia estatutua du; hortaz, aprobetxatu egiten dira. Zelan negoziatuko zenuke 50 herri baino gehiagorekin? Herri bakoitza nazio bat da, hortik “kaosa” dator, eta gu ere errudunak gara. Transnazionalek dirua ematen badigute konplize bihurtzen gara, dirua ematen digute “Trochas” egiteko, hau da, makinaria oihanean sartzeko bideak egiteko. Kapitalismoaren mende egotera bultzatzen gaituzte. Nik genozidio bat dela esango nuke, sistematikoki suntsitu egin nahi gaituztelako bai petroleroek bai zurginek bai farmazeutikek. Hori da deforestazioaren gakoa. “Legeak non daude?” galdetuko duzu, eta erantzuna zera da: gu bezalako herrietan legeak ikusezinak direla.

50 herri indigena baino gehiago daude Amazonian. Herri horietan deforestazioaren eragina nabaria da: beren bizitokietatik mugiaraztera behartzen dituzte bertako herritarrak. Zehazki, zer ari da gertatzen herri indigenetan?
Amazoniako oihanean 50 herri indigena baino gehiago daude. Gehienak egoera larrian daude; horien artean, nire herria. Lehen komentatu dut dena aldatzen duela deforestazioak, baina bere denboran. Herri indigenetan hori onartuta daukagu eta ondo moldatzen gara. Oihaneko legea da. Ibaien bideak aldatzen dira eta gu ibai ertzetan bizi garenez mugitu behar gara. Baina deforestazioarekin zer ari den gertatzen? Bada, deforestazioak behartzen gaitu prozesu hori gero eta arinago egitera, animaliak baso berrien bila doaz, ibaiak kutsatzen dira, makinarien zaratekin animaliak izutzen dira. Horrela dena desorekatzen da. Gu ez gaude garapenaren kontra, baina garapen jasangarria dela diote. Jasangarria? Errepideak edukitzea ondo datorkigula diote, baina errepideak makineria gehiago sartzeko? Orduan, jasangarria norentzat da? Basoan eta basotik bizi diren herrientzat ez, argi eta garbi.

Hizkuntza propioak ere badaude Amazonian.
Bai. Gaur egun ez dakit zehatz mehatz zenbat hizkuntza dauden Amazonia barruan. Benetan gustatuko litzaidake hori jakitea. Izan ere, hizkuntza batzuek oso hiztun gutxi dituzte, eta hiztun gehienak, gainera, adinez oso nagusiak dira. Nik ikasi nuen tupi guarani hizkuntza, baita portugesa, ingelesa, euskara eta gaztelania ere. Azken hori, inposaketagatik.

Deforestazioak indigenen hizkuntza aberastasunean eragina du?
Euskal Herrian gertatu zena gertatzen ari da Peruko oihanean. Atzerriko jendea lan egitera joaten da bertara helburu batekin: dirua egitea, alegia. Sendabelarrak, egurrak, ehiza, modan dagoen elikadura, petrolioa, turismo kapitalista eta abar luze bat. Hori dena burutzeko, deforestazioa egiten dute. Kukameraz esaten dugu: “Awa ia marakaya kumitsa, awa yanamatamuki kumitsa”, edo euskaraz litzatekeena: “Jendeak belarrekin hitz egiteko jaguarrak bezala hitz egin behar du”. Hizkuntza harago doa, hizkuntza galtzen bada, barruko botere misteriotsu hori zuregandik deskonektatzen da.

Euskaraz hitz egiten duzu. Kukama euskararekin alderatuz gero, zein antzekotasun eta desberdintasun daude?
Euskara kukama bezain indigena da. Ez dakit zenbat hiztun dituen kukamak, desagertzen ari dela esaten baitute. Jendeari lotsa ematen dio kukamaz hitz egiteak, txantxetarako bakarrik erabiltzen baitute, edo etxean, edo mozkortuta daudenean. Peruko eskola publikoak eragina izan du gure hizkuntzaren galeran. Penagarria da hori. Euskara ikastea erabaki nuen duela 15 urte, gizartean erabat integratzeko. Langabezian nengoen momentu batean AEKko irakasle zen lagun batek euskara doan ikastera gonbidatu ninduen. Detaile hori oso garrantzitsua da niretzat. Euskarak leku bat eman zidan munduan.

Roberto Awanari Colca Haranean, Perun // Utzitakoa

Askok diote mundutik aparte bizi direla indigenak, egoera “penagarrian” eta “zibilizatu gabe”. Zer esango zenieke pertsona horiei?
Ea zer esango niekeen? Bada ez dakitenari buruz ez hitz egiteko. Isildu daitezela eta irakur dezatela esango nieke.

Zein da indigenen bizimodua?
Bakoitzak dauka mundu ikuskera bat, kosmobisio bat. Eta kosmobisio horrek bideratzen gaitu bizitzan. Gure kasuan “Ëra Kakiri” deitzen da. Euskarara itzulita “bizitza ona” litzateke.

Harremanik baduzu Amazoniako norbaitekin?
Bai, sare sozialei esker harremanetan nago bertako jendearekin. Bilera birtualak egiten ditugu, batez ere jaiak prestatzeko edo gure herriaren zalantzak argitzeko. Whatsapp edo Telegram erabiliz komunikazioa kukameraz, gaztelaniaz edo portugesez egiten dugu, hiru herrialdetako kukamak gaudelako: Brasil, Kolonbia eta Peru.

Munduko oihanik tropikalena da Amazonia. Brasilek eta Peruk zatirik handiena hartzen dute, baina beste zazpi herrialde ere hartzen ditu. Herrialde bakoitzak zelan tratatzen du deforestazioaren arazoa?
Gaur egun, teorian, debekatuta dago egurra ateratzea. Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakunde berriak agertu dira deforestazioaren kontra sentsibilizazio-kanpainak egiteko. Orain dela bi urtetik hona debekatzen ari dira zuhaitzak erabiltzen dituzten jaiak, baina egia esan jendeak ez du kasurik egiten.

Amazoniako deforestazioa eta indigenen apartheida geldiarazteko zerbait egin da urte hauetan guztietan?
Iaz Bizkaiko Foru Aldundia landatze-kanpaina egiten aritu zen. Nahiz eta kanpaina txikia izan, zeozer bada. Maila pertsonalean, lehen boikotak egiten genituen. Gazte errebeldeak ginen deforestazioaren kontra. Adibidez, harea sartzen genuen kamioen edo traktoreen erregai-tankeetan edo askotan iltzeak ipintzen genituen zuhaitzetan, horrela horiek moztean motozerraren zerrak apur zitezen.

Gu geu gauden tokitik oraindik ere lagundu dezakegu borroka horretan ala berandu da jada?
Dena zirkularra da. Han egiten dena lehenago edo beranduago hemen sentituko dugu eta hemen egiten duguna han eragingo du. Pandemiak edo berotze globalak oso argi utzi digu hori. Etorkizunean ez dakit, baina ondorioak jada sufritzen ari gara. Esaterako, landare inbaditzaileak, liztor afrikarra, tigre eltxoa… Ez dugu ahaztu behar tigre eltxoa klima-aldaketagatik eta deforestazioagatik heldu zela estatu espainiarrera.

☉ Basauri

Basauriko EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

|

Exabier Arrieta eta Leire Lezameta, Basauriko EH Bilduko lau ordezkarietako bi, San Migelen // Basauriko EH Bildu

Basauriko udal gobernu taldeak 2025eko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen azaroaren 21ean: guztira 65,8 milioi euro kudeatuko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,3 gehiago).

Oposizioak gaur arte du epea proposamenari zuzenketak aurkezteko, eta Basauriko EH Bildutik jakinarazi dutenez, osoko zuzenketa bat aurkeztuko dute.

“Kontu horiek ia 66 milioira iristen dira, eta kopuru horren % 3,7 baino ez da inbertsioetarako. Kopuru hori urte askotan geldirik egon da, eta, adibidez, aurreko urtearekin alderatuta, % 13 jaitsi da, eta hori larria iruditzen zaigu hainbat arrazoirengatik. Gure ustez, jaitsiera hori gastu arrunten gorakadaren ondorioa da, diru-sarrera propioak erruz agortzen baitituzte”, diote koalizio ezkertiarretik.

Inbertsio-proposamenek “aldaketa sakonik ez” dakartela salatu dute: “Esate baterako, gure enpresa aukeraguneen garapena edo pertsona ahulenen gizarte-babesean sakontzea. Adibide gisa, Arizko zubi bat edo eserlekuak dituzten estalitako eremuak sortzea proposatzen da, ekitaldian zehar partidak egiteko egokiagoak direnak”.

“Inkoherentziak” daudela ere adierazi du EH Bilduk: “Adibide gisa, gehiago bideratzen da prentsa eta aldizkarietara etxerik gabeko pertsonei edo Janabideri laguntzera eta pertsona ahulei elikagaiak banatzera baino”.

“Maniobra tarte txikia”

“Agerikoa da oposizioa osatzen duten alderdiei maniobra tarte txikia uzten zaiela, aurrekontua oso doitua dagoelako. Baina horren bueltan, eta diru erabilgarria azaleratzen den neurrian, orduantxe heltzen zaie Udalaren beharrei. Hori bai, gainerako alderdi politikoak kontuan hartu gabe, aldez aurretik horiei beren proposamenei uko egin dietelako”, diote.

Oposizioaren proposamenik sartu nahi ez izatea salatu dute EH Bildutik: “Gobernu-taldeak benetan proposamenak sartu nahi izan balitu, formulak egon badaude. Hala nola, zirriborroa itxi baino lehen, gainerako udal taldeekin hitz egin; partida bat alderdientzat eurentzat gorde, aurrekontu partehartzaileetarako 400.000 euro gordetzen dituen bezala, edo akordio politiko bat lortu, urtean zehar gure ideiak txertatzeko aukera emango diguna, beraiek beraien proposamenekin egiten duten bezala. Baina uko egiten die, gehiengo absolutuak ematen dion lasaitasunagatik, beharbada”.

“Horregatik, oraingoan, eta hainbat urtez gure proposamenak sartzen saiatu ondoren, ez dugu parte hartuko “iragarritako heriotza” honetan, eta osoko zuzenketa hau aurkeztuko dugu kontuak itzultzeko eskatuz”, diote.

Hala eta guztiz ere, adostasunetara heltzeko “prest” daudela adierazi dute koalizio ezkertiarretik: “Osoko zuzenketa hau erretiratu dezakegu eta aurrekontuari aurka ez egitea eskaini dezakegu, akordio baten truke, non, modu eraikitzailean, gure ideiak eman ahal izango ditugun diruzaintzako geldikinen erabilgarritasunean oinarrituta. Beraz, badaude formulak, espero dezagun borondatea ere egotea”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zauriturik gabeko auto istripua gertatu da Basauriko sarreran, Arizen

|

Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute // Geuria

Auto batek istripua izan du Basauriko sarreran, Arizko zubiaren ondoan. Taberna baten ondoan dagoen barandaren kontra jo du eta bertan dagoen banku bat hondatu du.

Hala ere, Udaltzaingoak GEURIAri baieztatu dionez ez da zauriturik egon. Autoaren gidaria anbulatoriora eraman dute.

Auto pilaketak izan dira Basaurira sartzeko, baina dagoeneko trafikoa arina da. Udaltzainak trafikoa zuzentzen egon dira.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gabonetako Ludoteka zerbitzuan izena emateko epea zabaldu du Basaurik

|

Abenduaren 13ra arte dago epea zabalik izena emateko; guztira 60 plaza eskainiko dituzte // Artxiboko irudia, Geuria

Basauriko Kultur Etxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako Ludoteka zerbitzua eskainiko du abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean eta urtarrilaren 2an eta 3an.

Zehazki, zerbitzua San Migel, Ibaigane eta Pozokoetxeko Kultur Etxean eta Basozelai eta Kareaga Gizarte Etxeetan garatuko da goizetan, 10:00etatik 13:00etara bitartean.

Eskaintza 2018 eta 2020 bitartean jaiotako haurrei dago zuzenduta, eta izena emateko epea zabalik dago abenduaren 13ra bitartean.

Guztira 60 plaza eskainiko dituzte, eta zozketa bidez esleituko dituzte. “2024-2025 ikasturtean Basauriko ludoteka zerbitzua erabiltzen duten familiek izango dute lehentasuna”, zehaztu dute Kultur Etxeko ordezkariek.  Onartutakoen zerrenda abenduaren 18an argitaratuko du Kultur Etxeak.

Gabonetako Ludoteka zerbitzuko prezioa 25 eurokoa da. “Beherapenak ere egongo dira DSBE edo GGI jasotzen duten familientzat: % 75eko deskontua aplikatuko zaie, alegia”, diote. Era berean, hiru seme-alaba dituzten familia ugariei % 25eko deskontua ezarriko diete, eta lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei % 40koa.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jon Arretxe basauriarrak Touré detektibearen hamaikagarren liburua aurkeztu du: ‘Zenbaki gorriak’

Durangoko Azokan aurkeztuko du bere azken nobela Arretxek. Gainera, liburuak sinatzen ere ibiliko da idazle basauriarra

|

Jon Arretxe, Touréren azken nobela eskuetan // Argazkia: Erein

Jon Arretxe idazle basauriarrak argitaratu du Touré detektibearen hamaikagarren nobela: ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

Azaroaren 28an aurkeztu zuen liburu berria Arretxek Donostiako udal liburutegian eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du: abenduaren 6an, ostiralez, izango da 19:30etik 20:00etara Ahotsenean.

Liburu berria aurkezteaz gain, liburuak sinatzen ere ibiliko da Arretxe Durangoko Azokan, Erein argitaletxearen standean: abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

Touré detektibearen sagan hauek dira idazle basauriarrak publikatu dituen nobelak: ‘19 kamera’ (Erein, 2012), ‘612 euro’ (Erein, 2013), ‘Hutsaren itzalak’ (Erein, 2014), ‘Estolda jolasak’ (Erein, 2015) ‘Sator lokatzak’ (Erein, 2016), ‘Ez erran deus’ (Erein, 2018), ‘Mesfidatu hitzez’ (Erein, 2019), ‘Dortokaren begirada’ (Erein, 2021), ‘Lyrica Garaia’ (Erein, 2022), ‘Musker amarruak’ (Erein, 2023) eta azkena ‘Zenbaki gorriak’ (Erein, 2024).

11 liburu, 12 urte

Hau da ‘Zenbaki gorriak’ liburuaren sinopsia:

Hamabi urte igaro dira Mahamoud Touré Bilboko Afrika Txikira heldu zenetik, familia Burkina Fason utzita eta amets berrien alde borrokatzeko prest. Horretarako Saharako basamortua zeharkatu behar izan zuen, eta Gibraltarko itsasartea igaro. Baina denboraren poderioz, emaztea eta seme-alabak, etorkizun oparoko promesa hutsalez nazkaturik, ahaztu egin ziren Touréz, eta burkinarra zurrunbilo iraunkor batean sartu zen non ilunak askoz gehiago diren argiak baino.

Aurreko nobelan Las Palmasen egon ondoren, oraingo honetan patuak Bartzelonara darama Touré. Hor, denbora soberan izango du ihesaldi etengabea bilakatu zaion bizitzaz hausnartzeko, bizi izandako esperientzia gogorrak eta egindako okerrak mamurtzeko, eta inoiz baino astunago sentituko du bakardadearen pisua. Bere lagun leial Osman, Xihab eta Kristina (Sa Kené) jada ez dauzka ondoan, eta inoiz imajinatuko ez zituen gauzak egin beharko ditu bizirik irauteko, degradazio-maila beherenera iristeraino.

Jon Arretxek argazki gordina eskaintzen digu Zenbaki gorriaken Bartzelonako turismo-leku ederren azpian gordetzen den errealitatearena, eta agerian uzten digu paperik gabeko etorkinek, etxebakoek, txiroenek… non bilatzen duten babesa. Eleberri bizigarri bezain gogorra da Touréren hamaikagarrena, estilo zintzokoa, sagako besteetan bezala Europa diruduneko baztertuen azpi mundua erakusten duena.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Basauriko Mintzodromoak 100 lagun baino gehiago bildu ditu Solobarrian

|

Solobarriako plazako karpak 100 lagun baino gehiago elkartu ditu gaur goizean, Euskararen Eguna dela eta antolatutako Mintzodromoan. Bertan izan dira Euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Berbalagunak, Basauri ikastetxeko ikasle eta irakasleak eta udal ordezkariak, hiru mintzagaien inguruan berba egiten: gaur egungo bizitzaren erritmo azkarraz, urak har ditzakeen eremuetan eraikitzeaz  eta fake news fenomenoaren inguruan.

Euskararen egunak giro ederra ekarri du Solobarriako Mintzodromora eta bertako partaideak gogoz aritu dira istorioak euskara hutsean elkarbanatuz.

Osorik irakurri