☉ Basauri
Ane Etxebarriaren alde 1.164 euro bildu ditu jaietan Basauri Merkatari Elkarteak
Basauriko jaiak solidarioak dira. Horren adibide dira sanfaustoetan zehar Herriko Taldeakeko kuadrillek antolatzen dituzten ekimen solidarioak behar duten herrikideak laguntzeko.
Aurten Ane Etxebarria eta Gaizka Hernandez laguntzeko diru bilketa egin dute: Anerentzat Herriko Taldeakeko 15 kuadrillak 13.700 euro batu dituzte eta Gaizkarentzat 2.600 euro Hauspoak kuadrillaren eskutik.
Hala eta guztiz ere, Herriko Taldeak ez da elkarte bakarra ekimen solidarioak antolatzen. Basauri Merkatari Elkarteak, esaterako, bakailao solidarioa antolatu du aurten sanfaustoetan, Aneren alde.
Guztira 1.164 euro biltzea lortu dute. “Urriaren 20an, jaien azken egunean, bakailao pintxo bat eta ardotxo bat eskaini genituen euro batean San Isidro plazan. Jende asko hurbildu zen, eta nahiz eta denek pintxoa ez hartu, dirua dohaintzan eman zuten”, dio José Feijoó Basauri Merkatari Elkarteko presidenteak.
Gaur eguerdian txekea entregatzeko ekitaldia antolatu du Basauri Merkatari Elkarteak bere lokalean. Bertan izan dira José Feijoóz gain, Edurne Montila Merkatari Elkarteko batzordekidea, Ane Etxebarria bera eta bere gurasoak, Izaskun Garcia eta Jon Etxebarria.
“Laguntza hau oso garrantzitsua da. Bultzada handia. Diru honi esker, Anek terapia asko egin ahal izango ditu”, dio Izaskun Garcia Aneren amak, eta gaineratu du: “Ez dago hitzik eskertzeko herriak zelan lagundu digun. Opari bikaina da gu hirurontzat”.
Anek 9 urte ditu eta diagnostikorik ez duen afekzio neurologikoa du. Baldintza horrek bere neurogarapenari eragiten dio, maila motorrean, kognitiboan eta hizketaren mailan.
Jaso duten diru guztia (15.300 euro orotara) terapiak ordaintzeko erabiliko dute: “Terapiak bertan egiten ditugu, baina asmoa dugu Madrilera ere joatea terapiaren bat egin ahal izateko. Jaso dugun ditu guztia oso oso garrantzistua da, benetan”, dio Izaskunek.
Datuak datu, hau da Basauriko jaietan Aneren alde jaso duten dirua: Herriko Taldeakeko kuadrillek 13.700 euro eman dizkiote, herriko merkatari batek 70 euro bildu ditu, Lasai Bizi Basauriko Yoga Eskolak 450 euro, eta Basauri Merkatari Elkarteak 1.164 euro.
“Dohaintza ekonomikoaz gain, herritarrek indarra eman digute aurrera egiteko. Jaso dugun maitasuna eta babesa Anerekin batera borroka egiteko ikaragarria da”, dio Izaskunek.
☉ Basauri
Baserrietatik zuzenean ekarritako produktuekin azoka egingo dute astero Basaurin
‘Gure Lurreko Merkatua’ hurbileko nekazaritza-elikagaien azoka antolatuko dute astero Basaurin. Bizkaiko baserritarrek zuzenean ekarriko dituzte eurek ekoiztuko dituzten produktuak, hala nola, barazkiak, fruta, gazta, ogia, gozokiak, eztia edota txerrikiak.
Azoka Pedro Lopez Cortazar plazan jarriko dute asteazkenero, 16:30etik 20:00etara bitartean. Azaroaren 13a izango da lehen eguna.
Gehienez, astero, 10 postu jarriko dituzte Pedro Lopez Cortazar plazako arkupeetan.
‘Gure Lurreko Merkatua’ aurrera eraman ahal izateko, Basauriko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartearekin.
Basaurin antolatzeaz gain, urteak dira Gorbeialdek beste udal batzuekin elkarlanean hurbileko produktuen azoka antolatzen duena: Galdakaon, Bilbon eta Balmasedan.
“Gure Lurreko Merkatuak aukera emango die basauriarrei tokikoak eta osasuntsuak diren gure baserrietako produktuak erosteko; produktu horietako asko ekologikoak ere badira”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Iragorrik gogorarazi duenez, basauriarren eskaera bati erantzuteko martxan jarri dute hurbileko produktuen azoka. Izan ere, aurrekontu parte-hartzaileak prozesuan herritarrek hautatutako proiektua da. Ildo horretan, Isabel Cadaval Merkataritza arloko zinegotziak espero du ekimenak harrera ona izatea Basaurin.
Olatz Urkiza Gorbeialdeko lehendakariaren arabera, “azokaren helburua argia da: bertokoak diren eta osasuntsuak diren produktuak zuzenean ekartzea baserrietatik hirigunera”.
“Tokiko produktuak kontsumitzea hautatzen dugunean, ingurunearen garapen jasangarriaren aldeko inbertsioa egiten ari gara, eta, gainera, lurraldeko ekonomia bultzatzen laguntzen dugu”, dio Cadavalek.
☉ Basauri
Kaleko ihes gela antolatu du hirugarren urtez Basauriko Merkatari Elkarteak eta 700 euro banatuko ditu
Kaleko ihes gela jokoa antolatu du hirugarren urtez Basauri Merkatari Elkarteak. Azaroaren 16an, larunbatez, izango da Basauriko kaleetatik barrena. Aurtengo jokoaren izena da ‘Bisitari estralurtarra’ eta parte hartzaileek, Gazeta Galaktikoko kazetariek, bisitariari buruzko datuak aurkitu beharko dituzte.
Jokoa Basauriko merkataritza-establezimenduetan egingo da, eta talde bakoitzak jokoaren pistak aurkitu beharko ditu, jokoa osatu arte. Jokoan 16 urtetik gorako 2 eta 5 lagunen arteko taldeek parte har dezakete. Adingabeek ere parte hartu ahal izango dute, nagusi batekin lagunduta badoaz. Jokoan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, doan, basaurikomerkatariak.com webgunearen bitartez.
Sariei dagokienez, guztira 700 euroko erosketa-txartelak banatuko dituzte: talde irabazleak 300 euroko bonua jasoko du eta bigarrenak 200 euroko bonua; gainera, 100 euroko bi sari zozketatuko dituzte jokoa bukatzen duten parte-hartzaile guztien artean.
Era berean, jokoak iraun bitartean beren argazki bat igotzen duten parte-hartzaile guztiak, #escapebasauri traola jarrita eta @basauriko_merkatariak aipatuta, Social Antzokirako zinemarako 10 sarrera bikoitzen zozketan sartuko dira.
☉ Basauri
MAZ Basauri jaialdiko kaleko jarduerak Solobarrian izango dira eguraldi iragarpenagatik
Asteburuan izango da MAZ Basauri jaialdia. Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö dira aurtengo kartelburuak Social Antzokian. Era berean, Lova Lois eta Sotomonte musikariek ere kontzertua emango dute Basauriko antzokian.
Bestetik, azaroaren 9an eta 10ean kalean doako kontzertuak eta antzerkia ere antolatu dituzte txikientzat zein nagusientzat: Gardena, Nun, Sweet Rage, Nat Simons, Matraka Culinary Center, Mugu & Mr. Chase, Elenco eta ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana.
Kaleko kontzertuak eta Txiki MAZa Basozelaiko Zortziko plazan iragarrita zegoen arren, eguraldi iragarpena dela eta, Solobarriako karpara lekualdatuko dituzte jarduerok.
“Asteburuan zehar euria iragarrita dago eta, hortaz, larunbat eta igandeko kaleko doako ikuskizun guztiak Solobarria plazako karpan izango dira”, adierazi dute MAZeko antolatzaileek.
☉ Basauri
Hauek dira MAZ Basauri 2024 jaialdiko kontzertuen eta jardueren ordutegiak
Azaroaren 8an, ostiralez, hasiko da MAZ Basauri jaialdiaren hamabigarren edizioa. Aurten hiru egunetara luzatu dute jaialdia eta larunbatean eta igandean ere emanaldiak antolatu dituzte.
Dorian, Cala Vento, La Paloma eta Lisabö dira aurtengo kartelburuak Social Antzokian. Era berean, Lova Lois eta Sotomonte musikariek ere kontzertua emango dute Basauriko antzokian.
Bestetik, kalean doako kontzertuak ere antolatu dituzte azaroaren 9an, larubatez: Islabat, Nun, Sweet Rage eta Nat Simons.
Txiki MAZak aurten Matraka Culinary Center, Mugu & Mr. Chase eta Elenco ekarriko ditu. Gainera, igandeko jardunaldian (berria) kale antzerkia izango da Hortzmuga Teatroaren eskutik: ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ antzezlana aurkeztuko dute.
Kaleko kontzertuak eta Txiki MAZa Basozelaiko Zortziko plazan iragarrita zegoen arren, eguraldi iragarpena dela eta Solobarriako karpara lekualdatuko dituzte jarduerak
Hauek dira jaialdiko ordutegiak:
MAZ Basauri 2024 | Ordutegiak
Azaroak 8, ostirala
Kontzertuak Social Antzokian (12 euro – egunean bertan 15 euro):
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Lova Lois
21:50 La Paloma
23:30 Dorian
01:00 Bukaera
Azaroak 9, larunbata
Txiki MAZ Solobarria plazan (doan):
12:00 Matraka Culinary Center
12:45 Mugu & Mr. Chase
13:15 Elenco
14:00 Mugu & Mr. Chase
14:30 Bukaera
MAZ Kalean Solobarria plazan (doan):
16:45 Islabat
17:30 Nun
18:15 Sweet Rage
19:00 Nat Simons
20:20 Bukaera
Kontzertuak Social Antzokian (12 euro – egunean bertan 15 euro):
20:30 Ateak irekitzea
21:00 Sotomonte
22:30 Lisabö
00:00 Cala Vento
01:10 Bukaera
Azaroak 10, igandea
MAZ Kalean Solobarria plazan (doan)
13:00 Antzerkia: ‘Agurea, urpekaria eta itsasoa’ (Hortzmuga Teatroa)
☉ Basauri
Basauriko Babes Zibilak material bilketa hasi du Valentziara eramateko
Basauriko Babes Zibileko boluntarioak Valentziara joango dira azaroaren 12an. Zehazki, Moncadara joango dira eta bertan laguntzeko material bilketa egiten ari dira.
Palak, aitzurrak, erratz handiak, zabor-poltsa handiak, lixiba eta eskularruak soilik batuko dituzte, eta Basauriko Udalak herritarrei deia egin die materiala biltzen laguntzeko. Bilketa honako leku eta ordutegi hauetan egingo dute:
- Arizgoitiko plaza. Astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara
- Hernan Cortes plaza (San Migel). Ostiralean, 17:00etatik 20:00etara
- Babes Zibilaren lokala (Udaltzaingoaren ondoan). Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara.
“Euskadiko erakundeak modu koordinatuan ari dira lanean, herritarrek agertutako elkartasuna ahalik eta modu antolatu eta eraginkorrenean bidertzeko”, diote udal ordezkariek: “Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartea etengabe daude harremanetan Valentziako Generalitatarekin, Danak sortutako egoerari aurre egiteko behar dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak zeintzuk diren jakiteko. Euskal erakundeek beharrizan zehatzen jakinarazpen ofizial hori jasotzen dutenean, protokolo bat ezarriko da, eskatutako materialak biltzeko”.