→Basauri

Aparkaleku batzuk urriaren 31ra arte terraza bihurtzeko baimena emango du Basauriko Udalak

Terraza instalatzeko baimenik ez duten tabernek egin dezakete eskaera, “baldin eta dauden tokiaren ezaugarriak direla eta, ez bada posible terraza beste edonon jartzea”.

Galdakaon aparkalekuak terrazak handitzeko erabili dituzte iaztik // Galdakaoko Udala

Aparkaleku batzuk, denbora batez eta salbuespenez, ostalaritza-terrazak jartzeko baimena emango du Basauriko Udalak datorren astean. Udal gobernu taldearen proposamenaren arabera, terraza instalatzeko baimenik ez duten tabernek egin dezakete eskaera, “baldin eta dauden tokiaren ezaugarriak direla eta, ez bada posible terraza beste edonon jartzea”, diote udal ordezkariek.

Guztira, lokalaren aurrean 3 mahai, 12 aulki eta 3 eguzkitako jartzeko baimena ematea proposatzen du udal gobernu taldeak. Oholtza bat ere jarri beharko dute, “terrazarako irisgarritasuna bermatzeko”. Era berean, jardueraren titularrek terrazaren eremua mugatu beharko dute babes-osagaiekin, “alegia, urez betetako new jerseyekin eta itxitura batekin”, diote. Ordutegiari dagokionez, gainontzekoen ordutegi bera izango dute. Baimenek urriaren 31ra arteko iraupena izango dute. “Bestela, indarrean egongo dira larrialdi-egoerak iraun bitartean edo haren ordezko araudiak ostalaritzan aritzeko mugak ezartzen dituen bitartean”, diote udal ordezkariek.

“Ezingo da terrazarik jarri zama-lanen guneetan, ez eta mugikortasun mugatua dutenentzako aparkalekuetan ere. Terrazak ostalaritza-lokala dagoen eraikinaren fatxada gainditu, eta terraza horren eta fatxada mugakidean martxan dagoen lokal batenaren artean 3,50 metro baino tarte txikiagoa badago, bigarren lokal horren titularraren adostasuna beharko da”, diote Udaletik: “Esandakoaz gain, terraza jarriko den eremuan bizi direnekin, oinezkoekin eta beste jarduera eta ostalariekin bizikidetza errazte aldera, herritarren joan-etorriak errespetatu beharko dira, eta libre utzi beharko dira garajeetarako eta inguruko jardueretarako sarbideak”.

Proposamena urtarrilaren 18an aurkeztuko die udal gobernu taldeak gainontzeko alderdi guztiei premiazko Bozeramaileen Batzordean. Batzorde horretan ostalaritza-terraza berezi horiek arautuko duten baldintzak onartuko dituzte. Ondoren, urtarrilaren 19an eskaerak aurkezteko epea zabalduko dutela adierazi du Nerea Renteria Hirigintza arloko zinegotziak. Eskaerak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) entregatu beharko dituzte ostalariek, “eta idatzian adierazi terraza zein datatan jarriko den, gutxi gorabehera”.

Ostalarien iritzia

Ostalaritza Erresistentzia Basauri plataformatik adierazi dutenez, “hau ez da Udalaren ekimena, baizik eta plataformatik Udalari proposatu zitzaiona. Uste dugu berandun datorrela proposamena”. Hala ere, esku zabalik hartuko dute neurria: “Azken finean lokal batzuek zenbait mahai izango dituzte kanpoaldean, aldi baterako bada ere”, diote plataformako ordezkariek:Badakigu lokal guztiak ez direla egokiak orografiagatik, errepidetik edo espaloitik urrun egoteagatik, baina bideragarria den guztia lortuko dugu”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak