→Basauri

Aparkalekuetan terrazak mantentzeko baimena urtarrilaren 28ra arte luzatu dute Basaurin

Arizgoitin dagoen terraza // Geuria

Aparkalekuetan ostalaritzako terrazak mantentzeko baimena beste hilabete batez luzatu du Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, urtarrilaren 28ra arte egongo dira aparkalekuetan ostalaritzako terrazak. Hala erabaki zuten abenduaren amaieran udalbatza osatzen duten alderdi guztiek, gobernu taldeak proposatuta. “Baimena beste hilabete batez luzatzea erabaki dugu, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 28an agindutako edukiera murrizteagatik”, diote udal ordezkariek. Luzapena 2022ko urtarrilaren 28ra arte egongo da indarrean, “edo lehenago, erabakitako neurriak ebazpen judizial bidez eteten badira”, diote.

Iazko urtarrilean erabaki zuen Basauriko Udalak aparkalekuetan terrazak jartzeko baimenak ostalariei ematea. Hasiera batean 2021eko urriaren 31ra arte zuten tabernek aparkalekuetan terrazak mantentzeko baimena, baina urrian udalbatzak aho batez erabaki zuen baimen horiek abenduaren 31ra arte luzatzea. Orain, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 28an agindutako edukiera murrizketengatik, beste behin luzatu dute baimen hori, urtarrilaren 28ra arte.

“Luzapena salbuespenekoa eta iragankorra da, eta bakarrik aplikatuko zaie dagoeneko horrelako terrazetarako baimena duten ostalaritza-establezimenduei. Bestalde, terrazek mantendu beharko dituzte lizentzia eman zieten uneko baldintzak, teknikoak eta funtzionamendukoak”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak