☉ Basauri
Arizko jokalari batek epaileari heriotza-mehatxuak egiteagatik Soloarte zelaia hustu zuten atzo
Ariz Kirol Elkartetik adierazi dutenez, jokalariak heriotza-mehatxuak bota zizkion arbitroari eta, ia 800 ikusle zituen partida gelditzea erabaki zuen, “bere burua arriskuan ikusi zuelako”
Joan den igandean Ariz taldeko jokalari bat kaleratu zuen arbitroak Uritarren aurkako partidan, arbitroari berari heriotza-mehatxuak egiteagatik. “Jokalariaren jarrera guztiz onartezina izan zen”, azaldu dio Pablo Paramás Ariz Kirol Elkarteko presidenteak GEURIA komunikabideari. Teknikariaren arabera, partida behar bezala jokatzen ari ziren jokalariak, “beste edozein partida bezala”, ezbeharra gertatu zen arte.
Soloarte futbol zelaian jokatutako igandeko partidan taldearen maila igoera jokoan zegoen Larrabetzuko Uritarra B taldearen aurka eta gertaerak 81. minutuan gertatu zirela azaldu digu presidenteak: “Hedabide batzuek partidan benetan gertatu zena handitu dutela ere esan behar da”, izan dira Paramasen berbak. “Jokalariak heriotza-mehatxuak bota zizkion arbitroari eta ia 800 ikusle zituen partida gelditzea erabaki zuen, arbitroak bere burua arriskuan ikusi zuelako”. Paramasen arabera, ezbeharra gertatutakoan Espainiako Futbol Federazioaren indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarri zuten Ertzaintza heldu arte. Ostean, harmailak hustu eta partidaren azken 9 minutuak eta gehitutako 15 minutuak ikusle barik jokatu zituzten.
“Ariz futbol taldean errespetua irakasten diegu gure jokalariei, txiki-txikitatik. Irainak bota zituen jokalariak Federazioak ezarriko dion zigorra bete beharko du, dena delarik”, azaldu du Pablok. “Egoera hauek, zoritxarrez, normaltzat jotzen dira kirolean, eta horri irtenbideren bat eman behar zaio”.
‘Hau ez da zure lekua’ kanpainaren aurkezpena egin eta egun gutxira gertatu da ezbehar hau. Kanpainaren helburua da futbolean maiz errepikatzen diren jokabide bortitzak (ahozkoak zein fisikoak) nabarmentzea. Hainbat bideok osatzen dute kanpaina.
☉ Basauri
Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.
☉ Basauri
Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla
San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).
☉ Basauri
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan
Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak
Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.
Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.
☉ Basauri
Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak
Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak
Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.
Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.
“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.
“Ebazpen loteslea”
Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.
“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.
Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.
☉ Basauri
Etxe Maitiako EPE azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek
LAB sindikatuaren ustez, “zuzeneko diskriminazio” kasu bat da, ez ziotelako beste aukerarik eman, eta kexa jarri du Arartekoan
Basauriar batek ezin izan du bere lanpostua egonkortzeko azterketarik egin, azterketa eguna bere erditze egunarekin bat egin zuelako, eta LAB sindikatutik salatu dutenez, ez ziotelako beste irtenbiderik eman: “Zuzeneko diskriminazio kasu bat da”.
Z.G.G. basauriarra Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesura aurkeztu zen; azken urteetan aldi baterako kontratuak bete izan ditu egoitza horretan, eta lanpostua egonkortzeko azterketa egiteko izena eman zuen.
“Nire bikoteak izena eman eta azterketa erditze-egunarekin bat egiteko aukera zegoenez (azkenean hori gertatu zen) Auzitegiari eskatu genion neurriren bat har zezan, azterketan parte hartu ahal izateko. Eskaini zioten irtenbide bakarra izan zen azterketa ospitalean bertan egitea, erditze egunean bertan. Noski, ezetz esan zuen”, adierazi dio GEURIAri Z.G.G.-ren bikotekideak.
LABek adierazi duenez, emakumeak bi aldiz jakinarazi zion epaimahaiari bere haurdunaldiaren egoera, baita erditzearen balizko data ere, azterketa egunarekiko (irailak 12) denbora gutxiko aldea zegoela aintzat hartuta, eta informazioa eskatu zuen hautaketa-prozesuan parte hartuko zuela bermatzeko har zitezkeen neurriei buruz.
Irailaren 10ean, azterketaren data baino bi egun lehenago, epaimahaia bildu zen, eta erantzun zion azterketa eta erditzea aldi berean gertatuz gero, epaimahaia ospitalera joan zitekeela proba gainerako izangaien ordutegi berean egin zezan.
Epaimahaiak irailaren 10ean erantzun zionerako, Z.G.G.-ri irailaren 12rako eman zioten erditzea eragiteko data. “Kontua da egun horretan bertan egin behar zela Erizaintzako Laguntzailearen azterketa. Beraz, Z.G.G.-k egoera horren berri eman zion berriro ere Auzitegiari. Eta epaimahaiak, berriz ere, aukera bakarra eskaini zion: azterketa ospitalean egitea, azterketaren ordua aldatuta. Egoera horren aurrean, proba modu duinean egina ahal izateko alternatibarik ematen ez ziotela ikusita, ez aurkeztea erabaki zuen Z.G.G.-k”, diote LABetik.
“LABen uste dugu egoera hori zuzeneko diskriminazio kasu argi bat dela. Sindikatu honen ustez, azterketa bat egitea erditu behar duzun egun berean aukera bakar bezala ematea neurri diskriminatzailea da sexuarekin zuzenean lotutako arrazoiengatik, hala nola, haurdunaldiarekin edo amatasunarekin, gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko 1/2023 Legegintzako Dekretuari jarraikiz”, salatu dute.
Ildo horretan, kexa jarri du LABek Arartekoan, “Z.G.G.-ri urratu zaizkion eskubideak berrezartzeko neurri egokiak har ditzan”.
“Neurri egoki horiek dira deialdi bakarraren ondoren hautaketa-prozesuaren azterketa egin ahal izatea, egiaztatu delako ezin izan duela deialdi horretara joan haurdunaldiagatik eta amatasunagatik. Neurri horiek hartu ezean, hautaketa-prozesuan plaza bat lortu ahal izateko eskubidea urratuko litzaioke. Halaber, Lan Poltsan sartzeko eta Etxe Maitia Udal Egoitzan aldi baterako lan-eskaintzetarako deitua izateko eskubidea ere urratuko litzaioke”, diote LABetik.