→Basauri

Jarduera fisikoa sustatzeko hamaika erronka egin dituzte Arizko Ikastolan

basauri arizko ikastola jarduera fisikoa 2018 derio txirrindularitza gela pedagogikoa

2017/2018 ikasturtean heziketa fisikoarekin lotutako proiektu berria jarri dute martxan, zehazki, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin.

Arizko Ikastolako 5. mailako ikasleak Derion, Txirrindularitza Gela Pedagogikoan // Arizko Ikastola

2017/2018 ikasturtean heziketa fisikoarekin lotutako proiektu berria jarri dute martxan, zehazki, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin

Herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea da Osakidetzaren helburu nagusienetako bat. Eta horren adierazle dira eskualdeko hainbat udalerritan ariketa fisikoa bultzatzeko eratu dituzten programak; besteak beste, Etxebarri Martxan sarea, Zaratamon Batzorde Soziosanitarioaren sorrera, Arrigorriagan jarduera fisikoaren aldeko ekimenak eta Basaurin Sano Bizi programa. Instituzioek bultzatutako programak dira horiek, baina eskoletan ere horretan esku-hartu nahi dute. Basauriren kasuan, Arizko Ikastolak bat egin du ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko programarekin.

2017/2018 ikasturtean proiektu berria jarri dute martxan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin. “Ez da ezinbestekoa gimnasio batera joatea edo lehia-kirol bat egitea aktibo izateko. Egunean zehar egiten ditugun jarduerek onura berberak eragiten dituzte. Horregatik, ikastolan erabaki genuen gure ikasleen artean jarduera fisikoa sustatu behar zela hainbat ekimen eta erronka proposatuz”, diote Arizko Ikastolatik: “Zentzu horretan, irailean familia guztiei jarduera fisikoari buruz Osakidetzak zabaldutako informazio-orria bidali genien”, diote.

Arizko Ikastolatik ikasturtean zehar erronka zehatzak jarri dizkiete ikasleei, “elkarlanean, guztien artean gainditzekoak”, diote. Hala nola, ikasleek eurek botilekin egindako mankuernak egin eta erabili, bizikleten jantak erabilita txirringolak egin, bizikleta eta gurpildun tresnak erabili (Ikastolan zenbait bizikleta estatiko eta arrunt ekarri zituzten eta familia artean ere eskolatik kanpo horiek erabiltzeko erronka proposatu zieten), soka saltoan aritzea, abdominalak plantxan egitea edota eskailerak igo eta jaistea. Ikastolako ordutegian ere hainbat jarduera antolatu dituzte: Nagusia kiroldegian makinak, spinninga eta karatea praktikatu, Derioko Txirrindularitza Gela Pedagogikora bisita, eta errugbi jokalari baten bisita eta praktikak berarekin egitea. Era berean, familia artean betetzeko erronkak ere proposatu dizkiete: “Esate baterako, familia batek hiru goitibehera egin zituen”, diote.

“Erronka guztietan ezaugarri berdinak sustatu nahi izan ditugu proiektu honekin. Eta horiek izan dira, besteak beste, elkarlanaren garrantzia (erantzukizunez jokatuz gero, denon artean gaindituko dugu); ahaleginaren garrantzia (zeinen ondo sentitzen garen!); eta eskolak amaitu eta gero ere saiatzeko ariketak sustatzea familian eta asteburuetan. Erronka bakoitza bukatutakoan ikasle bakoitzak bere emaitzak jasotzeko karneta jaso du, familiekin ere partekatzekoa.

Gurasoak euskaraz bizi

Arizko Ikastolak ikasleekin jarduerak antolatzeaz gain, euren gurasoak heziketa prozesuaren parte izatera ere animatzen dituzte. Horren adibide da 2016/2017 ikasturtean abian jarri zuten Euskaraz Bizi Gurasoen lantaldea. “Gure seme-alaben hizkuntza ohiturei begira, argi dugu eragin gehien gurasook dugula, gure jokabideak imitazioz barneratzen dituztelako: Zer ikusi, hura ikasi. Beraz, gurasook eredu bikaina izan gaitezke gure seme-alabentzat: euskara eskainiz eta hizkuntza-portaerak ere eskainiz”, diote Arizko Ikastolako Guraso Elkartetik.

basauri arizko ikastola 2018 euskaraz bizi gurasoak jolas saioak

Jolas saio bereziak Arizko Ikastolan gurasoekin eta ikasleekin // Arizko Ikastola

Ahobizi eta belarriprest logoak

Aurreko ikasturtean egin bezala, aurtengoan ere ikastolako familiak hainbat jardueratan murgildu dira: hala nola, Euskaraz Bizi horma margotzen, jolas saio berezietan parte hartzen, asmakizun txapelketan lehiatzen, Social Antzokira elkarrekin joaten, euskal inauterietako erakusketaren lehiaketan parten hartzen, jatorduei buruz hainbat lantxo egiten, oporretan postalak idazten, Mintzodromoetan dinamizatzaile izaten eta Ikastolako jaiaren egunean, ekainaren 3an, Ahobizi eta Belarriprest logoak horma batean margotzen, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri mailan egingo den Euskaraldiari begira jarrita baitaude jada.

basauri arizko ikastola 2018 euskaraz bizi horma margoketa

Euskaraz Bizi! murala margotu dute aurten ere gurasoek eta ikasleek // Arizko Ikastola

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak