→Basauri

Bosteko erakusketa ibiltariak “bizitzari” buruzko lanak ekarriko ditu Basaurira eta Arrigorriagara

Irailaren 7tik 29ra Bosteko erakusketa ikusgai izango da Arizko Dorretxean, Basaurin // Argazkia: BFA

Bosteko erakusketa ibiltariak Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedoren (Bilbo, 1972) lanak ekarriko ditu Bizkaiko bost udalerritara, tartean, Basaurira eta Arrigorriagara. Hain zuzen ere, gaur bertan hasi du ibilbidea Bostekok Basaurin, Arizko Dorretxean. Irailaren 29ra arte egongo dira hiru artista horien lanak ikusgai. Arrigorriagan erakusketa ikusi ahal izango da abenduaren 15etik urtarrilaren 8ra.

Aurten 25. edizioa bete du Bostekok eta ‘Bizitza’ da erakusketaren oinarri. “Pertsonok espazioa nola bizi dugun eta espazio horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortu da ‘Habitar/Bizi’ erakusketa”, dio Amparo Lozano erakusketako komisarioak —Julen Araluce ere erakusketako komisarioa da—. Alonso, Garate eta Rubio EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak dira, eta erakusketa honek “artista bakoitzaren lanetik hurbil dagoen begirada eskaintzen du, bilaketa plastikoa da, arkitektura bizi eta hautematetik sortutakoa”, diote.

“Espazioaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, gure existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten espazioak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko”, diote.

Erakusketarekin batera, jarduera osagarriak ere antolatu dituzte: irailaren 14an (11:00, euskaraz) eta hilaren 20an (19:00, gaztelaniaz) bisita gidatuak izango dira Arizko Dorretxean; eta irailaren 23an Alonsok, Garatek eta Rubiok hitzaldia emango dute erakusketa gelan bertan (19:00).

Hausnarketak

Bosteko erakusketak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso nahi ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko imajinarioa sortuko du. “Izaskun Alonsok, Mikel Garatek eta Jorge Rubiok bizitzeari buruz planteatzen dituzten askotariko begiradek bat egiten dute erakusketa honetan, zeina arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena baita”, diote.

Alonsok hiru ikuspegietatik helduko dio, pintura oinarri: mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena. “Hiru jarrera horiek bere giza praktika definitzen dute, eta, ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako espazioak bere izateari uzten dio, eta paisaia bihurtzen da”, diote. Garatek argazki-irudiak memorian uzten duen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira haietan gertatzen dena behatzen dutenen aurrean, onirikoaren eta oroimenaren arteko fenomenoa da. Eta Rubiok ohartaraziko digu beharrezkoa dela gizakien babeslekuak sortzea, “pertsonek euren burua babestu eta hazi ahal izateko”.

Interesa piztea

Gaur bertan ireki dute ‘Bosteko 2022’ erakusketa Arizko Dorretxean, Basaurin. Aurkezpenean izan dira Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusia, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Amparo Lozano eta Julen Araluce komisarioak, eta Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubio artistak. “Bizkaiko Foru Aldundiak duela 25 urte babesten du Bosteko erakusketa ibiltaria. Ibilbide luzea duen erakusketa da, kulturaren onena herritarrei erakusten diona”, dio de Ibarrak.

Bestalde, Iragorrik zera esan du: “Basauriko Udalak Bosteko proiektuarekin landu nahi duen proiektuetako bat da herritarren artean arteari buruzko interesa piztea eta artista garaikideen lana ezagutzeko aukera ematea. Urte hauetan guztietan oso emaitza positiboak lortu dira”.

Basaurin (irailak 7-29) eta Arrigorriagan (abenduak 15-urtarrilak 8) Bosteko erakusketa egoteaz gain, Leioan (urriak 3-24), Getxon (urriak 27-azaroak 17) eta Zornotzan (azaroak 21-abenduak 12) ere ikusgai izango dira Alonso, Garate eta Rubioren lanak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak