→Basauri

2023ko aurrekontuan 400.000 euro zertara bideratu erabakiko dute basauriarrek

2023ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesua hasiko du ekainean Basauriko Udalak. Iaz bezala proiektu eta ekintza zehatzak proposatu ahal izango dituzte herritarrek eta ondoren bozkatu.

Aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 13tik 26ra // Geuria

Datorren urteko aurrekontua zehazteko bidean prozesu parte-hartzailea bultzatuko du Basauriko Udalak beste urte batez. Hain zuzen ere, ekainean emango diote hasiera prozesuari, eta iaz bezala, herritarrek proiektu eta ekintza zehatzak proposatu ahal izango dituzte, eta ondoren bozketa bidez lehentasunezkoak aukeratu. Aurten ere herritarrek 400.000 euro zertara bideratu erabakiko dute.

Ekainaren 13tik 26ra bitartean basauriarrek beren proposamenak egiteko aukera izango dute. Proposamenak egiteko inprimakia etxez etxe banatuko du Udalak datozen egunetan eta, era berean, eskuragarri egongo dira herriko gune publikoetan. Inprimakiak udal ordezkariei helarazteko bi aukera daude: alde batetik, udaletxeko eta San Migeleko HAZetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Udal Euskaltegian eta Marienean jarritako postontzietan utziz; eda bestetik, herriko hainbat lekutan jarriko dituzten partaidetza postontzietan utziz. Halaber, ados.basauri.eus webgunearen bitartez ere bidali daitezke proposamenak.

“Proposamenak zehatzak izango dira eta argi eta garbi planteatu beharko dituzte herritarrek”, diote udal ordezkariek. Proposamenak onartuak izateko honako baldintzak bete beharko dituzte: udal-eskumenekoak diren arloei lotuak izango dira; bideragarriak eta jasangarriak izatea ekonomikoki zein teknikoki; interes orokorra gailenduko zaie interes partikularrei; udalerriko auzoen arteko oreka bermatuko da; ez da gaindituko 50.000 euroko kostua; ez da arriskuan jarriko etorkizuneko gastu ekonomikoa; ez die eragingo jabetze pribatuko eremuei; eta gaur egun ez dira egongo planifikatuak edo exekuzio-fasean. “Lehenetsi egingo dira arlo jakin batzuekin zerikusia duten proposamenak, hala nola, gizarte-arloa, gaztedia, adinekoak, kultura-hezkuntza, mugikortasuna eta irisgarritasuna eta suspetze ekonomikoa”, diote.

Herritarren proposamen guztiak jaso ondoren, udal teknikariek haien bideragarritasuna aztertuko dute, eta lehentasuna emango diete ezarritako baldintzak neurri handiagoan betetzeagatik bozkatuak izan daitezkeenei. Ondoren, herritarrek bozkatu egingo dute 2023ko ekitaldiko aurrekontuan sartuko diren proposamenak hautatzeko.

Iazko proiektuak martxan

2022ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan hamar proiektu hauek onartu zituzten herritarrek: Basauriko zuhaitz-eremuak zabaltzea eta basoberritzea eta haietan ingurumen-sentsibilizaziorako panel hezitzaileak jartzea; udalerriko parkeetan iturriak jartzea; hurbileko produktuen azoka sortzea; udalerrian bide-segurtasuna hobetzeko neurriak hartzea; eskola-jolastokiak dinamizatzea, zuzendutako jarduerekin; oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko barandak jartzea; udal-eraikinetan eguzki-panel gehiago jartzea; Bizkotxalde parkean kirol-kantxa gehiago jartzea; herritarrek erabiltzen dituzten udal-ekipamenduetan eta -lokaletan hobekuntzak egitea; eta Ludoteka, Gaztegune eta kultura-guneetarako material ludikoa eta didaktikoa eskuratzea.

“Hamar egitasmo horiek 2022ko aurrekontuan sartu ziren, eta pixkanaka gauzatzen ari gara ekitaldi honetan”, diote udal arduradunek. Hala nola, bide-segurtasuna hobetzeko obrak (Kareaga Behekoa 4, Asturias 28, Landa Doktoreak 25, Federico Mayo III, Ramon Kareaga 27, Kanda Landaburu); iturriak jartzea (Garbigunearen ondoko parkea); basoberritze-proiektuen idazketa, jardueren dinamizazioa eta dibulgazio-karteleria kontratatzea (aurreikuspenen arabera ekainean kontratatuko dituzte); eguzki-panelak jartzea (Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren eraikinetan); udal ekipamendu eta lokaletan hobekuntzak (Ate Zabalik eta Manuela Egiguren elkarteen lokalean leihoak aldatzea); eta ludoteketarako, gazteguneetarako eta kultur etxeetarako material ludikoak eta didaktikoak eskuratzea (Ibaigane Kultur Etxerako eta Taberna Nagusirako). “Gainerako proiektuak zehazte bidean daude, eta abendura bitartean garatuko dira”, diote udal ordezkariek. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak