Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Hauek dira Basaurik aurtengo aurrekontuan onartu dituen herritarren sei proiektuak

|

Besteak beste, berdeguneak handitzea espezie autoktonoak landatuta izan da proiektu bozkatuenetariko bat // Geuria

Espaloietan tratamendu irristagaitz-lanak areagotzea, berdeguneak handitzea espezie autoktonoak landatuta, udalerriko argiteria publikoa hobetzea, adineko pertsonen jardueretarako lokalak hobetzeko lanak egitea, espaloietako baldosak konpontzeko lanak areagotzea, eta aire zabaleko kirol-instalazioak handitzea.

Horiek dira herritarren gehien bozkatu dituzten proiektuak 2024ko aurrekontuan txertatzeko, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez. Basauriko Udalak 400.000 euro inbertituko ditu proiektu horiek aurten gauzatzen: 25.000 euro espaloietan tratamendu irristagaitz-lanak egitera; 25.000 euro berdeguneak handitzera; 100.000 euro udalerriko argiteria publikoa hobetzera; 100.000 euro adineko pertsonen jardueretarako lokalak hobetzeko lanak egitera; 100.000 euro espaloietako baldosak konpontzeko lanak areagotzera; eta 50.000 euro aire zabaleko kirol-instalazioak handitzera.

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua iazko irailean jarri zuen martxan Udalak. Prozesuaren lehen fasean 596 proposamen egin zituzten herritarrek, iaz baino 219 proposamen gehiago.

Udal-teknikariek proposamenak aztertu zituzten eta 18 egitasmo lehenetsi zituzten. Proposamenak baloratzean, kontuan izan zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basauriko herritar guztien interes orokorra interes partikularren gainetik jartzea, udalerriko lurralde-oreka bermatzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuetara egokitzea.

1.615 bozka

Bozketa fasean 1.615 basauriarrek eman dute bozka: 653 ados.basauri.eus webgunearen bitartez; 512 boto-ontzien bitartez; 279 postontzien bidez; eta 171 informazio-karpen bitartez.

Bozka emateko parte-hartze datuak laukoiztu egin dira iazkoekin alderatuta: iaz 376 herritarrek eman zuten bozka.

“Partaidetza-zifra bikain horrek sekulako poza eman digu, ikusten ari garelako pixkana-pixkana herritarrak barneratzen ari direla udal-gaietan parte hartzeak duen garrantzia, basauritarrek beren iritzia emateak eta beren ideiak proposatzeak duen garrantzia, gure udalerria hobetze aldera”, dio Asier Iragorri alkateak: “Beste pizgarri bat da guretzat, Basauriko Udaletik jarrai dezagun martxan jartzen prozesu eta tresna gehiago, ahotsa emateko udalerriko bizilagunei”.

Kanpo: 12 egitasmo

Aurtengo aurrekontuan sei proiektu onartu dituzte, eta kanpo geratu dira 12:

  • Gizarte-etxeetako ekipo informatikoak hobetzea
  • Entsegu-aretoei ekipamendu handiagoa ematea
  • Kontzertu handi baten programazioa kalean
  • “Ospearen pasealekua”, Herriko Taldeen kuadrilla bakoitzak lurrean izar bat duela
  • Atletismo pistako materialak erosi eta berritzea eta pista berriz pintatzea
  • Hiri-baratzeak sortzea
  • Txakurren aisialdirako guneak egokitzea
  • Espaloiak handitzea, indarrean dagoen araudiaren arabera
  • Komun publiko berri bat instalatzea
  • Barandak instalatzea
  • Bideetako seinale horizontalen mantentze lanak indartzea
  • Errepideak asfaltatzeko lanak sendotzea

☉ Basauri

Argazkiak / Etxegarai eta Sofia Taramona garaile, Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota Txapelketan

|

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa izan da eta Etxegarai, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu eta Soloarte ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleek jokatu dute (Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak zeuden gonbidatuta parte hartzera). LH5 mailan nesketan Etxegarai eta mutiletan Sofia Taramona izan dira txapeldun eta LH6n Sofia Taramona (LH6n mistoa izan da txapelketa).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Jon (Los Gambas): “Playbackean pailazoarena egitea da gehien gustatzen zaiguna”

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatu dute eta txapeldun izan da Los Gambas kuadrilla. Jon Salguero eta Maialen Barredo Los Gambas kuadrillako kideekin berba egin dugu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / San Migeleko jaietako Playback lehiaketan ere txapeldun Los Gambas kuadrilla

|

San Migeleko jaietan Playback lehiaketa antolatzen du Mikelatsek. Aurten lau kuadrillak hartu dute parte: Los Gambas (txapeldunak), Uholdeak, Los Tenderetes eta Las Maris (aurten La Mari).

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan

Urriaren 6an, igandez, izango da txapelketa eta Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu ditu Bidebieta Pilota Taldeak

|

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa // Geuria

Basauriko ikastetxeen arteko Esku Pilota txapelketa jokatuko da San Migeleko jaietan, urriaren 6an. Bidebieta Pilota Klubak antolatuta, aurtengoa hirugarren edizioa da, eta urtero bezala, Basauriko Lehen Hezkuntzako bederatzi ikastetxeak gonbidatu dituzte: Etxegarai, Soloarte, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Bizkotxalde, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa, San Jose eta Basauri Ikastetxea.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei dago zuzenduta txapelketa: “Partida laburrak izango dira, sei edo zazpi puntura. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, eta ligaxka formatuan kanporaketak egongo dira, 5. mailako eta 6. mailako txapeldunak izan arte”, azaldu dio GEURIAri Mikel Karrillo Bidebideta Pilota Klubeko ordezkariak.

Txapelketa 10:00etan hasiko da 5. mailakoekin, eta 12:00etan 6. mailakoekin. “Espero dugu ikastetxe guztiak animatzea. Umeek oso ondo pasatuko dute eta gainera esku pilota eta kirola sustatzeko aukera ezin hobea da”, dio Karrillok.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Etxe Maitiako azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dagoela dio Basauriko Udalak

Azterketa beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezakeela argudiatu du Basauriko Udalak

|

Etxe Maitiako udal egoitza // Basauriko Udala

Basauriko Etxe Maitia Udal Egoitzako Erizaintzako Laguntzaile lanposturako EPErako azterketa erditze egunean egitea beste aukerarik eman ez ziotela salatu du basauriar batek.

Basauriko Udalak adierazi duenez, prozesu horren azterketa “deialdi bakar gisa” tipifikatuta dago: “Hau da, hautagai guztiek egun berean egin behar dute proba bera. Pertsona batek beste data batean egitea edo beste azterketa bat egitea baimenduz gero, berdintasun-printzipioa urratu eta hautagai guztientzat diskriminazioa eragin dezake, emakume erreklamatzailearentzat barne, izangai guztiak ez baitziren parametro berberekin baloratuko”, diote udal ordezkariek.

“Epaimahaiak, Osakidetzak aplikatzen duen protokolo bera jarraituz, azterketa ospitalean bertan egiteko aukera eskaini zion emakumeari, baina berak uko egin zion, eta sine die atzeratzeko eskatu zion, azterketa egiteko moduan egon arte”, diote.

“Ebazpen loteslea”

Enplegua egonkortzeko Etxe Maitiako epaimahaia organo “burujabea eta autonomoa” dela gogorarazi du Basauriko Udalak: “Eta mota horretako prozesuak arautzeko orduan dagoen ordenamendu juridikoan oinarritutako ebazpenak emateko balio du”, diote.

“Politikoen jarraibideen mende ez dauden profesional teknikoek osatutako organoa da. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legeak 2007an erabaki zuen ordezkari politiko edo sindikal bakar batek ere ezin zuela parte hartu horrelako epaimahai batean, prozesuaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta profesionaltasun teknikoa zaintzeko. Hori dela eta, gobernu-organoek ezin diete jarraibiderik eman hautaketa-epaimahaiei, ezta beren erabakietatik aldendu ere. Administrazio-errekurtsoren bat jarriz gero bakarrik berrikusi ahal izango dira, administrazio-prozedura erkidearen araudiaren bidez”, azaldu dute udal ordezkariek.

Ildo horretan, epaimahaiak ematen duen edozein ebazpen organo politikoentzat loteslea dela adierazi dute Basauriko udal arduradunek, eta gai horri buruzko informazio zehatza Etxe Maitia Egoitzaren hurrengo Kontseilu Errektorean emango duela adierazi dute.

Osorik irakurri