→Basauri

59 milioi euroko aurrekontua izango du Basaurik 2023an, azken 12 urteetako handiena

"Guztion ongizatearen aldeko" aurrekontua prestatu duela adierazi du Basauriko udal gobernu taldeak // Geuria

Basauriko Udalak 59 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an, aurten baino 3 milioi gehiago (% 5,2 gehiago). Azken 12 urteetako aurrekonturik handiena izango da datorren urtekoa, Asier Iragorri alkateak adierazi duenez. Besteak beste, igoera horren arrazoietako bat da Udalkutxatik jasoko duena Udalak; zehazki, 30,5 milioi euro, aurten baino 2 milioi gehigo.

Aurrekontu proposamena gaur aurkeztu du udal gobernu taldeak (EAJ-PSE), eta oposizioko taldeek abenduaren 16ra arte dute zuzenketak proposatzeko epea zabalik. Gizarte-, ekonomia- eta hirigintza-alorretan “urratsak” egiteko Udala “egoera egokian” dagoela adierazi du Iragorrik. Gauzak horrela, 8,4 milioi euro bideratuko dituzte Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetan: “Azken hamarkadako gasturik handiena egingo dugu gizarte-gaietan. Basauriarren bizi-kalitatea helburu, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetan, eta adinekoentzako zerbitzuetan diru-partidak handituko ditugu, eskaintzen ditugun prestazioen kalitatea hobetzeko”, dio Iragorrik.

Hain zuzen ere, adineko pertsonei zuzendutako arloan aurrekontua 3,3 milioi eurokoa izango da, aurten baino 400.000 euro gehiago: “Gobernu-talde honek Basauriko pertsona nagusiekin duen konpromisoaren beste erakusgarri bat”, dio Iragorrik. Besteak beste, adinekoen bakardadearen aurkako BBK Behari egitasmoa martxan jarriko dute Basaurin, “jada egindako proba pilotuaren arrakastaren ondoren”. Era berean, Basauri Atsegina programaren barruan, kultura- eta kirol-jardueren eskaintza handiko dute.

Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak eta Asier Iragorri alkateak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan 2023ko aurrekontu proposamena // Geuria

Enplegua sustatzeari dagokionez, aurrekontua 1,7 milioi eurokoa izango da, aurten baino 146.000 euro gehiago. Eta, Merkataritza eta Ekonomia Sustapenera 503.000 euro bideratuko dituzte.

“Oinarrizko zerbitzuetan 9 milioi euroko gastua izango du Basauriko Udalak 2023an. Hala nola, hondakinen bilketa eta tratamendura, argiteria publikora, edateko uraren etxeko hornidurara, eta estolderia eta bide-garbiketara”, dio Iragorrik. Gainera, jaiak antolatzen dituzten elkarteen aurrekontua % 5 handitzea ere aurreikusi du udal gobernu taldeak 2023ko aurrekontu proposamenean (455.390 euro): “Batez ere zertxobait arintzeko jai-programetako jardueren eta zerbitzuen prezioek izan duten gorakada”, dio Iragorrik.

Inbertsioetarako 3 milioi euro

Inbertsioetan 3,1 milioi euro bideratuko ditu Basauriko Udalak 2023an, 2022an baino 2 milioi gehiago. Hauek dira datorren urtean udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) nabarmendu dituen inbertsioak:

– Artunduagako kirol-instalazioetan egingo dituzten inbertsioak: 535.000 euro
– Basozelaiko futbol zelaiaren ondoko jolas-parkea estaltzea: 450.000 euro
– San Migel Mendebaldeko igogailua: 400.000 euro
– Argiteria publikoaren hobekuntzak Kareagan, Basozelain edota Kanda Landaburuko malda: 385.000 euro
– Kalistenia-gune berri bat eraikitzea San Migelen: 40.000 euro

Bestetik, ikastetxeak hobetzeko eta berritzeko 150.000 euro inbertituko dituela adierazi du Iragorrik, 2022an baino 20.000 euro gehiago. Era berean, Karmelo Torre kaleko igogailua eraikitzeko proiektua idazteko 60.000 euro gordeko dituztela jakinarazi dute prentsaurrekoan: “Gobernu-taldeak ez du ahaztu Kareagako bizilagunekin duen konpromisoa. Bertan esku-hartu nahi dugu, eta uste dugu mahai gainean dagoen proposamena aukerarik onena dela. Hala ere, auzotarrekin harremanetan jarraituko dugu”, dio Iragorrik.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Beste alde batetik, aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek aukeratutako lau proiektu gauzatuko dituzte 2023an. Horiek dira:

– Argiteria hobetzea toki ilunetan: 100.000 euro
– Eserlekudun eremu estaliak eraikitzea (kokapena oraindik zehazteke): 100.000 euro
– Espaloiak egokitzea: 100.000 euro
– Errepideak asfaltatzea eta irisgarritasuna hobetzea espaloiak 0 kotara beheratuz: 100.000 euro

10 milioi euroko zorra kitatzea

Asier Iragorri eta Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak gaur prentsaurrekoan adierazi dutenez, Basauriko Udalaren zorra % 85ean murriztu da: “Baliabide publikoen gestio eraginkor, serio eta oso arduratsu bati esker, Basauriko Udalak % 83 murriztu du bere zorra azken 10 urteetan. 2012an 12 milioi euroko zorra genuen, eta 2023a amaituko dugu 2 milioiko zorrarekin”, dio Montesek. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak