→Basauri

Autonomia kalea Pozokoetxerantz luzatzeko obrak hasiko dituzte datorren astean, Basaurin

Autonomia kalea luzatzeko lanak direla eta, behin betiko itxi egingo du Basauriko Udalak Pozokoetxeko aparkalekuetako bat. Obrak bukatuta, aparkaleku gehiago sortuko dituzte bide berrian eta Nafarroa kalean.

Autonomia kalea luzatuta, Nafarroa kalean aparkaleku gehiago eraikiko dituzte // Geuria

Pozokoetxe auzoa eraldatzen ari da gutxinaka gutxinaka. Duela bi urte behin-behineko parkea zabaldu zuen Basauriko Udalak, lehen trenbide multzoa zegoen tokian. Iaz Pozokoetxeko lurzatietako bat saldu zion Udalak Basozabal-Grupo Eibar enpresari 4 milioi euroan, eta dagoeneko eraikuntza enpresa etxebizitza berriak eraikitzen ari da: 32 etxebizitza libre, garajeak, trastelekuak eta merkataritza-lokalak eraikiko dituzte, eta lurzati horri lotutako ingurunea urbanizatuko dute.

Esku hartze hori San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe auzoak berroneratzeko planaren barruan dago. Eta plan horren barruan Autonomia kalea Pozokoetxerantz luzatzeko bide berria eraikitzea aurreikusita dago. Hain zuzen ere, 100 metro inguru gehiago luzatuko dute Autonomia kalea, Pozokoetxerantz. “Bidea gauzatutakoan, Nafarroa kaletik Agirre Lehendakaria kalera doan trafikoa Autonomiako kale berri horretatik bideratu ahal izango da; eta hortaz, arindu egingo da Agirre Lehendakaria eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzeko trafikoa”, diote udal ordezkariek.

Obrak irailaren 13an, asteartez, hasiko ditu Bermeosolo enpresak —enpresa bakarra aurkeztu zen lehiaketa publikora— eta zazpi hilabetez luzatuko dira: “Beraz, 2023ko udaberrirako amaituta egon liteke”, diote. Udalak 622.784 euro bideratuko ditu Autonomia kalea luzatzeko.

Aparkaleku berriak Nafarroa kalean

Hirigintzako esku-hartze horren ondorioz, irailaren 13tik aurrera behin betiko itxi egingo dute Pozokoetxeko behin-behineko aparkalekuetako bat: Autonomia kaletik hurbilen dagoen aparkalekua, alegia. “Aparkaleku hori betiko itxiko dugunez, eta aparkaleku arazoak arintzeko asmoz, gogorarazi nahi dugu Sarratuko etxebizitza-eraikin berrien inguruan eta Larrazabal kaleko errepidearen ondoan (Arcelorrera eta Etxebarrira doan bidearen ondoan, Txarraska Gaztetxetik hurbil) aparkatzeko lekuak egon ohi direla. Behin lanak amaituta, bide berrian eta Nafarroa kalean jarriko diren aparkaleku berriak ere erabili ahal izango dira”, diote udal ordezkariek.

Urratsez urrats

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko plana duela lau urte hasi zen Basauriko Udala gauzatzen. Besteak beste, urte hauetan honako jarduketak egin ditu Udalak: Arizgoitiko Maisuen Etxea saltzea 2018an (aurten etxebizitza berriak bukatu dituzte); Pozokoetxeko behin-behineko parkea zabaltzea 2020an; San Fausto kaleko etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak martxan jartzea; San Fausto plaza berriaren proiektuaren idazketa esleitzea eta partaidetza prozesua egitea; Pozokoetxeko lursail bat saltzea etxebizitza berriak eraikitzeko (dagoeneko eraikuntza-lanetan ari dira); eta Arizgoiti plazako 3, 4 eta 5 zenbakietako, Lehendakari Agirre kaleko 27,  29 eta 31 zenbakietako eta San Fausto kaleko 4 eta 6 zenbakietako etxebizitzak eraistea. “Gaur egun San Fausto 1 eraisten ari da eta ondoren Juan Ibargutxi kaleko etxebizitza eraisteari ekingo diogu”, diote. Halaber, Adif tren geltoki berriaren proiektua idazten ari da dagoeneko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak