Sareak

☉ Basauri

Ariz auzoa hobetzeko hainbat esku-hartze burutu ditu Basauriko Udalak, herritarren eskariz

|

Lehen ekinaldia Ariz auzoan egin du Udalak, baina asmoa da beste auzoetan ere "esku-hartze txikiak" egitea // Basauriko Udala

Ariz auzoan hobekuntzak egin ditu Basauriko Udalak, herritarren eskariz. Guztira, 20 esku-hartze egin ditu Udal Brigadak:

  • Baldosa solteak edo egoera txarrean zeudenak konpondu dituzte Catalunya kalean, Arizko Dorretxean eta Leon kalean, besteak beste.
  • Oinezkoen pasabidea beheratu dute Catalunya-Andaluzia, Catalunya-Valentzia eta Solokoetxe kaleen elkargunean irisgarritasuna hobetzeko. Era berean, euri-uren bilketa hobetzeko aprobetxatu dute.
  • Topeak jarri dituzte Oleta kaleko 1., 3. eta 5. atarietarako sarbidea babesteko.
  • Oleta kaleko eta Frantzisko Kortabarria kaleko elkargunea aldatu dute, behar ez den lekuan aparkatzea ekiditeko.
  • Oleta kaletik Catalunya kalerako irteeran seinale gehiago jarri dituzte, behar ez den lekuetan aparkatzea eragozteko.
  • Seinaleak jarri dituzte, bost metrotik gorako ibilgailuak baterian aparkatzea debekatzeko.
  • Kantabria parkean erdiko irlatxoa kendu eta beste bat txikitu dute, oinezkoen joan-etorriak errazteko.
  • Kantabria parkearen alboko sarreran lorategia mugatzen duen hormatxoa konpondu dute.
  • Kantabria parkeko lorategietako ertz irtenak biribildu dituzte, estropezu ez egiteko.
  • Arizko elizako parkeko bankuak eta barandak margotu dituzte.
  • Leon kaleko 7. zenbakian banku berria jarri dute, eta inguruan daudenak elkartu dituzte.
  • Auzoan dauden paperontziak eta pibotak margotu dituzte, oro har.
  • Frantzisko Kortabarria kalearen erdian zegoen oinezkoen pasabidea Oleta kalearekiko elkargunera eraman dute. Hala, oinezkoen joan-etorriak hobetu dituzte eta pasabideetara iristeko eremuak zabaldu dituzte, ikuspena hobetzeko eta behar ez den lekuan aparkatzea eragozteko.

Horiez gain, laster, berriro margotuko dituzte oinezkoentzako 24 pasabide Arizen.

“Auzotarrek proposatutako hainbat ekintza Udalak planifikatuak zituen dagoeneko, eta datozen hilabeteetan gauzatuko ditugu. Adibidez, pasabidetik eta Arizko zubiaren hasieratik ibaiaren pasealekura jaisten diren eskailerak birmoldatzea eta zubiko farolak eta barandak margotzea”, diote udal ordezkariek.

272 hobekuntza-ekarpen

Basauriko Udalak herritarren parte-hartze prozesu berria jarri zuen martxan Auzoegin egitasmoaren barruan. Eta prozesu parte-hartzaile horren baitan, auzoetan esku-hartze edo obra txikiak egiteko proposamenak egingo dituzte herritarrek.

Lehen ekinaldia Ariz auzoan eraman dute aurrera. Bertan esku-hartze txikiak egiteko 272 hobekuntza-ekarpen jaso zituen Udalak. Guztira 179 lagunek hartu zuten parte apiriletik maiatzera bitartean egin zen prozesu parte-hartzailean.

“Garrantzi txikiko obrak izan dira. Esku-hartze txikiak direla esan dezakegu, Udal Brigadak egin ditzakeenak. Ekimena martxan jarri genuenean, azaldu genuen ez zutela lekurik obra handiak edo ekipamenduak egiteko proposamenek. Garrantzi txikiko hobekuntzez ari gara, Udalak egin ditzakeen obra handienekin batera, gure kaleak, kasu honetan Arizko kaleak, erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

2013an, Auzoegin Auzoetako Ekintza Plana aktibatu zuen Basauriko Udalak. Plan horren helburua da udalerriko hainbat puntutan hirigintza hobetzeko, modernizatzeko eta berroneratzeko ekintzak gauzatzea, auzokoek, elkarteek eta kolektiboek hainbat parte-hartze bidetatik egindako eskaerei erantzuteko.

Orain, beste urrats bat egin du Udalak, eta herritarren parte-hartze prozesu espezifikoak bultzatuko ditu auzoetan edo udalerriko ingurune jakin batzuetan fokuratuta, auzokoen lankidetza aktiboari esker hobetzen joateko.

☉ Basauri

Jokalari hauek dira 2026ko Basauriko Selekziorako hautatuak

|

2026ko Basauriko gizonezkoen Selekzioa // Basauriko Udala

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko gizonezkoen futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 22 jokalari hautatu ditu Rodriguezek.

Asier Iragorri alkateak eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak etapa honetaz “ahalik eta gehien gozatzea eta Basauri harrotasunez ordezkatzea” animatu dituzte jokalariak.

Jokalari hauek osatzen dute 2026ko Basauriko Selekzioa: Alvaro Alonso, Markel Gomez, Jaider Felipe Cano, Mohamed Yaraahallah Salek, Eder Ribote, Enaitz Alejo, Ibai Cobelo, Alex Molina, Endika Charterina, Aratz Carromero, Markel Carazo,  Asier De La Fuente, Markel Gomez, Kepa Perez, Erik Del Rio, Ander Azkueta, Mikel Llano, Julen Etxebarria, Julen Vargas, Iker Navaridas, Alex Moreno eta Oier Barrero.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Korrika jaia antolatu dute martxoaren 14an San Migelen, Basaurin

Pankarta pintaketa, San Migel Kantari, bazkaria, pilota partidak, Bertso Pilota eta gurdi-poteoa antolatu dituzte

|

Larunbatean egingo dute Korrika jaia San Migelen // Geuria

Martxoaren 14an, larunbatez, Korrika jaia antolatuko dute San Migelen, Basaurin. Otsailean GEURIAn aurreratu bezala, Korrikaren aldeko bazkaria izango da Sofia Taramona ikastetxeko jolastokian, baina ez da ekitaldi bakarra izango.

Egunari hasiera emango diote 12:00etan umeen pankarta pintaketarekin eta korrikaldi txikiarekin. Ondoren, San Migel Kantari taldearekin tabernaz taberna kalejira antolatu dute.

Eguerdian, kuestazio mahaia jarriko dute eta herritarrek Korrika materiala erosteko aukera izango dute.

Bazkaria eta gero, umeen pilota partidak izango dira frontoian, eta horien ostean, Bertso Pilota izango da Lizaso, Erasun, Goñi eta Urruzola pilotariekin eta Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondo bertsolariekin.

Eta gauari hasiera emateko, gurdi-poteoa antolatu dute herriko kaleetatik.

Egitaraua | Korrika Kulturala San Migelen

Martxoak 14, larunbata
12:00 Umeen pakarta pintaketa eta korrikaldia Ixatxak parkean
12:30 San Migel Kantari Elexalde tabernan
13:30 Kuestazio mahaia eta Korrika materiala Laboral zaharrean
14:30 Korrika bazkaria Sofia Taramona ikastetxean
18:00 Umeen pilota partidak frontoian
18:30 Bertso Pilota: Lizaso-Erasun vs Goñi-Urruzola. Arkaitz Estiballes-Nerea Elustondo
20:00 Gurdi-poteoa Elexalde tabernatik

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurin eskola-sukaldea jartzeko kudeaketa “bizkortzea” eskatu die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Udalari

|

Sofia Taramona ikastetxeko jantokia // Geuria

Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri zuen eskola-sukalde bat jarriko zuela martxan Basaurin 2025-2026 ikasturtean, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.

Basauriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen urteetako aldarrikapena da, baina oraindik horren berririk ez dutela salatu dute. “Eta, gainera, azaroan eta abenduan zomorroak agertu ziren ikasleen plateretan”, salatu zuten Basauriko familiek martxoaren 4an Ibaigane Kultur Etxean egin zuten bileran.

Guraso Elkarteek eskatzen dute ikastetxe publiko bakoitzean bazkariak sukaldatzeko sukaldeak egokitzea, baina Eusko Jaurlaritzak zonaldekoaren alde egiten badu, kalitatea handitzea eskatzen dute: “Hala ere, susmoa daukagu zonaldeko sukaldea eraiki arren, bertan esleituko duten zerbitzua kateringa izango dela berriro”.

Marko horretan, Basauriko EH Bilduk eskola-sukalde zentralaren ezarpenaren atzerapena salatu du.

“EH Bilduren ustez bereziki larria da Guraso Elkarteek berriro ere gurasoekin bilerak planteatu behar izatea eta Hezkuntza Sailaren jardun faltaren aurrean kexa publikoak egitea; izan ere, iragarpenak egiten jarraitzen du baina ez du inolako zehaztasunik aurkezten”, diote talde subiranistatik.

Ildo horretan, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Basauriko Udalari eskatu die beharrezko kudeaketak “bizkortzea”, “2026-2027 ikasturtearen hasieran sukaldea ikastetxeetan errealitate izan dadin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Marina Landak Aria taldearekin kontzertua emango du martxoan Social Antzokian 

|

Marina Landa Aria taldeko buru da eta kontzertua emango du martxoaren 12an Basaurin // Social Antzokia

Marina Landa buru duen Aria taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, ostegunez, 20:00etan Social Antzokian.

Taldearen azken diskoak aurrera begiratzeko beharra islatzen du.

Sarrerak salgai daude 6 euroan, eta Social Antzokiko bazkideek doan gozatu ahalko dute kontzertuaz. 

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Silvia Gomez, Ekain Perrinoren ama: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”

2021eko eraso homofoboaren epaiketak lau saio izango ditu: gaur izan da lehena eta Ekain berak eta lekuko batzuek deklaratu dute epailearen aurrean

|

Bost urte eta gero, Basaurin gertatutako eraso homofoboaren epaiketa hasi da gaur. Eta, Ekain Perrinori eta bere familiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Basauriko Bentako plazan [hemen argazkiak]

Elkarretaratzean izan dira Ekainen senideak, eta GEURIAn Silvia Gomez bere amarekin berba egiteko aukera izan dugu: “Epaiketan bizi izan duguna oso gogorra izan da”.

Ekain lehenengoa izan da epailearen aurrean deklaratzen eta ondoren erasoa ikusi zuten lekukoek eman dute euren testigantza. Erasoa egitea leporatuta 11 pertsonak deklaratuko dute martxoaren 11n.

Osorik irakurri